"Makroproiektuen aurkako Urola eskualdeko dinamika" jarri dute martxan

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 7a, 12:47

Oleta. (Guka)

Proiektu eolikoen kontra mobilizatzeko deia berretsi, eta dinamika berria jarri dute martxan Oletan Ere Ez!, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek. Herritarren argazkiekin "mosaiko erraldoia" osatu nahi dute.

"Askoren ustetan, Sañoako gainak eta Akoa bailara txikitu asmo dituen zentral eolikoaren proiektua geldituta dago. Errealitatetik oso urrun dagoen sineskera da hori", diote Sañu Bizirikekoek. Sañoan eolikoak ezarri nahi dituen Statkraft enpresak azkenaldian emandako hainbat "pauso" azaleratu dituzte Sañukoek, Piaspe proiektuak aurrera jarraitzen duela azpimarratuz, batetik, eta horri zein bailaran eta inguruetan aurreikusita dauden beste hainbat proiekturi, tartean Buruzairi, aurre egiteko beharraz ohartaraziz.

Hain zuzen ere, martxan du Sañuk, Oletan Ere Ez! eta Errezil Bizirik taldeekin batera, mobilizazio eta protesta dinamika berria, eta horren gaineko xehetasunak ere plazaratu dituzte.

Statkraft udalak "presionatzen"

200 metrotik gorako luzera izango luketen bost aerosorgailu eta zentral eolikoa osatzeko beste zenbat eraikin ezarri nahi ditu Statkraft Norvegiako enpresak Sañoako gainaldean, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan, Piaspe izeneko proiektuaren barruan. Urte honen hasieran, Eusko Jaurlaritzari proiektuaren aurretiazko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatzeko txostenak jendaurrean jarri zituzten, eta udaberrian, horien kontrako hainbat alegazio aurkeztu zituzten; Sañu Bizirikekoek herri alegazioak, eta Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udalek alegazio bateratuak, esaterako. Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena eman behar du orain; mendietako azpiegituren kontrako taldeek jakinarazi dutenez, aldekoa ala kontrakoa, urte bukatu baino lehen argitaratuko dute ebazpena.

"Badirudi impasse momentu batean aurkitzen garela, baina Statkraft multinazionalak ez du atsedenik hartu", diote Sañukoek eta kideek. Hain zuzen ere, Norvegiako multinazionalak azken hilabeteetan egin dituen hainbat mugimenduren berri eman dute. Herritarrek, adituek zein erakundeek proiektuari "aurkeztutako kontrakotasunei entzungor" eginda, Statkraftek alegazio horien erantzunak aurkeztu dizkio Jaurlaritzari. Horrez gain, ordea, Statkraft "Errezilgo eta Zestoako udalak presionatzen" ari dela diote mendietan eolikoak jartzearen kontrakoek, "herri antolamenduko arauak –HAPOak– molda ditzaten eskatuz, obrak egin eta zentrala eraiki ahal izateko".

Sañu Bizirik, Oletan Ere Ez! eta Errezil Biziriken arabera, Piaspe proiektuak eragingo lituzkeen baserritarrekin eta bizilagunekin ere ahalegindu da, zeharka, Statkraft. "Ebazpena jasotzeko zain egotetik urrun, desjabetzeak gauzatzea helburu duen Aytasa enpresa subkontratatu du Statkraftek. Enpresa hori auzoan ibili da udan, baserritarrei eta bizilagunei neurria hartu asmotan edo", azaldu dute. Bidean den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) dokumentuen idazketan Aytasak "esku hartze zuzena" izan duela gaineratu dute, eta LPS horretan eskualdean zein eskualdeko herrien mugetan eraikitzea aurreikusten diren hamar proiektutik gora zerrendatu dituzte; horiekin batera, Piasperi "gaur egun tramitean" dauden Buruzai –Azkoitia, Azpeitia, Zumarraga eta Ezkio ukitzen ditu– eta beste bi proiektu fotovoltaiko gehitu behar zaizkiola ekarri dute gogora. LPSak "eskala handiko berriztagarrien hedapena erraztuko luke egokitzat markatutako kokalekuetan", fotovoltaikoak zein eolikoak, Urola Erdiko hiru taldeen esanetan.

'Bizirik nahi ditugu'

Piaspek eragindako hiru udalen alegazioak eta adierazpenak ontzat hartuta ere, udalek proiektua geldiarazteko "zer neurri hartuko dituzten argitu gabe jarraitzen" dutela diote Sañu Bizirikek, Oletan Ere Ez!-ek eta Errezil Bizirikek, eta herritarren mobilizazioaren eta protestaren indarrean jarri nahi dute berriro arreta: "Makroproiektu eta plan hauek gelditzeko aukerarik badago, gaur egun herritarrok antolatzen eta mobilizatzen jarraitzen dugulako da; norbanako, eragile eta elkarteok elkarlanean".

Hain zuzen ere, lozorroan gelditzen hasitako herritarren indar hori berpizte aldera, "makroproiektuen aurkako Urola eskualdeko dinamika" berria jarri dute martxan. Bizirik nahi ditugu leloarekin, herritarren argazkiekin "mosaiko erraldoia" osatu nahi dute urte bukaerarako. "Makroproiektu hauek geldituko baditugu, denon bultzadaren beharra izaten jarraitzen dugu, txiki askoren artean lorpen handiak lortzen direla sinestuta gaude eta. Denon artean horma irudi bat osatu nahi dugu. Bizirik nahi ditugulako herriak, auzoak, baserriak… Bizirik mendiak, bailarak, basoak, errekak… Bizirik hegaztiak, saguxarrak, erleak… Bizirik nahi ditugu nekazal lurrak, bizirik abereak, nekazariak, abeltzainak…" esanez egin dute deialdia.

Ahalik eta herritar gehienen "karneterako neurrirako argazkiak" jaso nahi dituzte aipatutako horma irudia osatzeko. Nahi dutenek mendiakbizirik@gmail.com helbide elektronikora bidal ditzakete beren argazkiak, baina dinamikaren sustatzaileekin aurrez aurre egonda argazkiak egiteko zein emateko aukera ere izango dute. Hain zuzen ere, zapatu honetan, hilak 9, 11:30etik 14:30era Azpeitiko plazan egongo dira Sañu Bizirikekoak, nahi duenak argazkiak atera edota utzi ditzan, eta behar duenak informazioa jaso dezan.

"Denok aletxoa jarriz, argi utziko diegu instituzioei eta multinazionalei beste era bateko trantsizioa dela irudikatzen duguna, zeinetan herritarrak eta lurraren defentsa izango diren erdigunean, eta ez inoren aberasteko beharrak", diote dinamikaren sustatzaileek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide