Gurasoak, haurrak eta pantailak hizpide, Gregorio Montero mediku psikiatraren solasaldian

Andoni Elduaien 2024ko aza. 7a, 10:45

Montero, atzo, Baztartxon azalpenak ematen. (Andoni Elduaien)

Solasaldia lau zatitan banatu zuen mediku psikiatrak atzo, Baztartxon. Dozenaka guraso bildu ziren han, denak ere adin desberdinetako haurrak dituztenak. Besteak beste, haurrek eskuko telefonoekiko duten mendekotasuna nola saihets daitekeen eta gurasoek etxean umeei mugak nola jar diezazkieten entzun zuten.

Gregorio Montero mediku psikiatrak Hezkuntza digital positiboa solasaldia eskainiko zien atzo, asteazkena, Baztartxo antzokian. Azkoitiko anbulatorioko Pediatriako langileek antolatu zuten atzoko saioa, Zumarragako ospitaleko departamentu bereko zerbitzuarekin elkarlanean, eta adin guztietako seme-alabak dituzten dozenaka guraso bildu zen han, medikuaren esanak entzuteko.

Haurren eta nerabeen buru osasunean eta teknologia berrien eraginez sortutako menekotasunean aditua da Montero, eta hain zuzen, eskuko telefonoekiko mendekotasuna nola saihets daitekeen eta etxean mugak nola jar daitezkeen azaldu zuen hark hitzaldian. "Denok berri harrapatu gaituen gaia da hau", esanda hasi zuen solasaldia hark.

70eko hamarkadan, Stanford Unibertsitateko ikerlariek haurrekin egin zuten esperimentua azaldu zuen, esperimentu hura gaur egun haurrek duten pantailekiko mendekotasunarekin alderatzeko. Monterok azaldu zuenez, unibertsitate horretako ikertzaileek 3-4 urteko haurrak gela itxi batean uzten zituzten bakarrik, aurrean gozoki bat eskuragarri zutela. Ikertzaileek umeei esaten zieten hura gelara itzuli arte gozokirik ez bazuen jaten, itzultzean beste gozoki bat emango zietela.

Umeak gelan bakarrik gelditzen zirenean, ikerlariek ikusi zuten haiek edozer gauza egiten zutela tentazioari eusteko. "Esperimentu interesgarria izan zen; izan ere, haurrak nerabe edo heldu izatera iritsi arte ikertu zituzten, eta lortu zuten jakitea gozokia jateko tentazioari eutsi zioten umeek gainerakoek baino lan, bizitza, bikote harreman edota osasun hobea zutela. Ikerketa haren emaitzak argi erakutsi zuen, 3-4 urteko haurrei tentazioak edo bulkadak kontrolatuz gero, bizitzako faktore garrantzitsuenetan eragin hobea izango dutela", azaldu zuen medikuak.

Ordea, egun, gozokien esperimentutik harago, haurrak "teknologia berrien esperimentuan" murgilduta daudela nabarmendu zuen medikuak. Horren aurrean, Monterok adierazi zuen egoera horiek aztertzen ari diren medikuek eta ikerlariek ere ez dakitela gaur-gaurkoz haurrak teknologia berrietan txikitatik murgiltzeak zer efektu edo zer ondorio izan ditzakeen.

Lau zatitan banatu zuen solasaldia medikuak; aurrena, pantailek haurren garapenean izan dezaketen inpaktua zein den azaldu zuen; ondoren, pantailen gehiegizko erabilerak bizitzako zenbait alorretan izan ditzakeen ondorio negatiboak aipatu zituen; segidan, pantailen erabilera kontrolatzeko gurasoek haurrekin izan behar duten jokabidearen zenbait jarraibide eman zituen; eta azkenik, eztabaida ireki zuen parte hartu zuten gurasoekin, haiek ondorioak atera zitzaten eta hausnarketari bide eman ziezaieten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide