Akordatzen?

Lopetegi, bost belaunaldiko itzala iturgintzan

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 15a, 09:59

Lopetegi iturgintzaren egungo arduradunak, langile ohiak eta Aranburu iturgintzakoak. (Andoni Elduaien)

Ez dira asko izango abizen baten itzala belaunaldiz belaunaldi ofizio bakar bati lotuta mantendu dutenak, 132 urteko historia idazteraino. Azkoitian Lopetegi abizenaren sustraiak arakatuz gero, iturgintzari lotuta daude belaunaldi gazteenak, eta haien arbasoen berri jakin nahi duenak ere antzeko kontuak bilatuko ditu garai bateko dokumentuetan. Batek hasitako bideari besteak segi, halaxe osatu dute mendea pasako ibilbidea, bost belaunaldiren eskuak uztartuz, iturgintzaren bidea errotuz. Azaroko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako Akordatzen? erreportajea da honako hau.

Azkoitian aski ezaguna da lopetegitarren iturgintza negozioa. Batek itoginak dituela, besteari hodia hautsi zaiola, besteak, berriz, komun berria jarri behar duela... ugari izango dira egoera batean edo bestean haiengana jo duten herritarrak. Gaur egun, Arlatz eta Jakes Lopetegi (Azkoitia, 1990) anaiak dira negozioaren arduradunak, eta urteak daramatzate iturgintzaren munduan lanean. "17 urterako hasi ginen iturgintzan lanean. Ez genekien zer ikasi, eta etxeko bidea jarraitzera animatu ginen, beharrezko ikasketak eginda", adierazi du Arlatzek. Dena den, orain gutxi espero gabeko dokumentu batekin topo egin zuten, eta halaxe, jakin zuten uste zutena baino luzeagoa zela Lopetegi abizenak iturgintzaren munduan urratutako bidea.

Arlatzek kontatu du zer gertatu den: "Azpeitiar batek Urola aldizkaria zeukan etxean; Azpeitiko aldizkari bat zen hori, duela ehun urtekoa edo. Gure izeba batek, Eva Lopetegik, Azpeitiko liburutegian lan egiten du, eta herritar hark aldizkaria eman zion liburutegira. Lopetegi abizenari lotutako zerbait irakurri zuela aldizkarian esan zion, eta izebari galdetu zion bere senitartekoren bat ote zen". Lopetegi iturgintzari lotutakoa zen idatzia. "Aldizkari hartan azaltzen zen ehun urte behintzat bazituela negozioak. Ordura arte ez genekien halakorik. Bagenekien ofizio honetan ari ginen bosgarren belaunaldia ginela, baina ez genekien duela zenbat urte hasi zen gure familia lan honetan". Sorpresa hartu zuten, beraz, eta galdezka hasi ziren orduan, zerbait gehiago jakin nahian.

'Urola' aldizkariaren argitalpena.

Halaxe, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko historialariarekin elkartu zen Arlatz. Lopetegitarrak kontatu zion bazekitela ehun urte baino gehiago zituela beren negozioak, baina ez zekitela ziur zenbat ziren. Hori horrela, dokumentuak arakatzen hasi zen Mendizabal, eta hark jakin zuen 1892an jarri zutela martxan negozioa. Hari esker jakin dute, beraz, 132 urte dituela Lopetegi iturgintzak.

1892. urtean jarri zuen negozioa martxan Jose Luis Lopetegik, Azpeitiko elizkalean

Arlatzi kuriositatea piztu zion datu hori esku artean izateak, eta gainontzeko iturgintza enpresak noiz sortutakoak diren jakin nahi izan du. "Begira ibili naiz, eta Espainian erregistratuta azaldu zaidan negoziorik zaharrena duela 134 urtekoa da, Madrilgo enpresa bat. Horregatik, inguruotako iturgintza negoziorik zaharrenetako bat gurea izango dela uste dugu. Azkoiti-Azpeitian uste dut zaharrenak garela", esan du. Ofizio horretako negozio gehienak bere aitonaren garaikoak direla aipatu du. "Garai hartan sortu ziren enpresa gehienak; orduantxe hasi ziren etxeetan iturriak jartzen, kanalizazioak egiten... Ordura arte ez zegoen urik etxeetan", dio.

Eskuinean, behean, Jose Luis Lopetegi, iturgindegia zabaldu zuena.

Hasieran, latorrigile

Arlatzen herenaitona izan zen negozioa martxan jarri zuena, eta hori lehendik ere bazekiten lopetegitarren etxean. Dena den, Mendizabalek egindako ikerketatxoak baieztatu egin die hura izan zela bide urratzailea: 1892an jarri zuen negozioa martxan Jose Luis Lopetegik, Azpeitiko Elizkalean. "Latorrigilea zen hura. Izan ere, lehen iturgintza oso ezberdina zen. Orain guk lanerako hodiak-eta eginda izaten ditugu, baina lehen ez. Orduan berun zatiak erosten zituzten, soldatu eta beraiek egiten zituzten hodiak". Hala hasi zen, beraz, orain lan egiten duten oso modu ezberdinean, lopetegitarretan iturgintzan lehen urratsak eman zituen Jose Luis.

Zaldi gainean, Jose Luis Lopetegiren semea.

Elizkalean, osaba batekin batera –Eusebio Lopetegi– izan zuen negozioa hark; osaba arotza zen. Gero, negozioa Olazko Andre Mariaren Plazara lekualdatu zuen Jose Luisek –berak bakarrik–, eta handik Azpeitiko plazara mugitu zen. Zehazki, gaur egun Aisialdi taberna dagoen lekuan izan zen lopetegitarren iturgintza enpresa. Dena den, lokal hartan ez ziren iturgintzan soilik aritzen. "Gure herenaitonaren semea eta emaztea kazuelak eta horrelakoak saltzen hasi ziren, denda bat zabaldu zuten". Arlatzen eta Jakesen aitonaren garaian utzi zuten leku hura, zahartuta zegoelako. Aitona –Santiago Lopetegi– Azkoitira ezkondu zen, Aranburu baserrira, eta han jarri zuen tailerra. Orduan aldatu zen negozioa Azpeititik Azkoitira, iturgintzan aritu zen lopetegitarren hirugarren belaunaldian. "Orduan hasi ziren Azkoitian lan gehiago egiten, ordura arte Azpeitian egiten zuten".

Aitona jubilatu baino pixka bat lehenago, baserriko lantokia utzi eta Azkoitiko Berdura Plazan zabaldu zuten denda, eta urte ugari egin zituen negozioak han. Gaur egun, Trenbidearen Zumardian dute lokala; orain gutxi berritu egin dute, gainera.

Jakes eta Arlatz anaiek duela bost urte hartu zuten negozioaren jabetza, baina ordura arte, haien aita eta izeba izan ziren arduradunak, anai-arrebak. Aitak pixka batean jarraitu zuen enpresan lanean, eta izeba jubilatu egin zen. Gaur egun, sei-zazpi langile aritzen dira Lopetegi iturgintzan lanean.

Jose Luis Lopetegiren semea.

Beste bide bat ere jarraitu du familiako negozioak: "Gure herenaitonarengandik birraitonarengana igaro zen negozioa, gero gure aitona egin zen arduradun, eta gero nire aitak eta izebak hartu zuten negozioa. Nire aitaren anai gaztea langile bezala hartu zuten orduan enpresan, nire osaba. Baina duela hogei urte, gure osabak bere negozioa zabaldu zuen, Aranburu izenarekin". Beraz, Lopetegi izenarekin iturgin lanetan Jakesek eta Arlatzek jarraitzen badute ere, lopetegitarren ondorengoak dira Aranburu iturgintzakoak ere.

Pausoa ematea, "zaila"

Gremioek gero eta lan gehiago dutela entzuten da kalean, eta ez du halakorik ukatu Arlatzek. "Lana ondo egiten dugu, eta ez dut uste lanik faltako dugunik", baieztatu du. Aipatu du iturgintzan aritutako jendea jubilaziorako adinera hurbiltzen ari dela, eta gainera, zaila ikusten du gazteak pauso hori ematera animatzea. "Kostatu egiten da ofizioa ondo ikastea. Norbaiten etxera ezin duzu hasiberri bat bidali, gauza asko jakin behar ditu horretarako. Ikasketa handirik ez da behar iturgintzan aritzeko, baina esperientzia eta lanean mainatsua izatea bai".

Autonomo hasi nahi dutenentzako ere ez du bide erraza ikusten: "Norbaitek autonomo hasi nahi badu, ordaindu behar diren zerga guztiak kontuan izanda, ez da batere erraza. Tailer batean lan txukun bat bila badezakezu, agian erosoago egongo zara zeure negozioa zabalduta baino. Zerotik hastea oso arriskutsua da, eta hori nabari diet gazteei. Kostatu egiten zaie beren kabuz hastea, gastu handiak direlako". Gutxienera jota ere, auto bat, erremintak, garaje edo lokal bat... behar direla aipatu du. "Jendeak nahiago du besteentzako lan egitea eta buruko min gutxiago izatea".

Lopetegitarren hirugarren belaunaldia; eskuinekoa da Jakesen eta Arlatzen aitona, Santiago Lopetegi.

Eskulanak adina buruhauste ematen duen beste kontu bat badela ere nabarmendu du: "Agiriak zuzen eramatea". Kontabilitatea ondo kudeatzeak nahikoa lan ematen duela azaldu du, eta duela urte batzuk hori ez zela horrela izaten kontatu. "Gure aitak esaten du duela 40-50 urte bulegokoek lan erdia izaten zutela. Gaur egun, lanean adina jakin behar da kudeaketa kontuez ere". Era berean, uste du erakundeek ez dituztela behar beste laguntzen hasierako pausoa eman nahi dutenak. Garbi du beraientzat etxekoen bultzada ezinbestekoa izan dela urrats hori egiterakoan: "Gremioetan gazte jende gutxi ikusten da. Gu langile bezala hasi ginen, eta orain negozioaren jabe gara, baina bide osoan aita ondoan izan dugu. Laguntza hori asko eskertzen da, etxekoak beti ondoan izan ditugu", adierazi du Arlatzek.

Lopetegi abizenari eutsita, bost belaunaldi badaramatza martxan negozioak. Bada zerbait. Berunarekin eta soldatuz, ahal bezala hasi zen iturgintzan lehen urratsak egiten Jose Luis zena, etxeetan oraindik urik ez zen garaietan. Gaur egun, oso bestela lan egiten dute Jakesek eta Arlatzek, haren hereniloba izango liratekeenek. Ikusteko dago atzetik beste bost belaunaldik eutsiko ote dioten abizen horren itzalari iturgintzaren munduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide