Erretratua

Itziar Astigarraga: "Lan handia egin behar dugu egurra izaten jarrai dezagun"

Ane Olaizola 2024ko abe. 7a, 09:00

Itziar Astigarragaren erretratua. (Gorka LarraƱaga)

Itziar Astigarragak 40 urte daramatza egurrezko altzariak egiten dituen Astigarraga Kit Line enpresa zuzentzen. Aitarekin batera murgildu zen zurgintzan, eta hark emandako balioei jarraiki, pertsonengan konfiantza izatearen garrantzia azpimarratu du, haiek enpresan duten pisuaz jakitun. Azaroko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako Erretratua da honako hau.

Itziar Astigarragak (Azkoitia, 1965) 40 urte daramatza enpresari lanetan. Duela lau hamarkada aitarekin batera ekin zion bide profesionalari, hark, Juan Jose Astigarraga Xurdo-k (Azkoitia, 1932-2019), urte batzuk lehenago egurraren sektorean hasi zuen ibilbidera batu eta negozioari eskuz esku jarraipena emanez. Pinuaren ustiapenak, egurgintzak eta herritarren joerek izan duten bilakaera lehen pertsonan ezagutzeko balio izan dio ogibideak enpresariari, baina aitortu du, "beste gauza asko" ere eman dizkiola lanbideak.

Astigarragaren oraina ulertzeko, atzera egitea ezinbestekoa dela deritzo enpresariak, haren aitak jarri baitzuen alabak bere ibilbide profesional osoa garatu duen Astigarraga Kit Line enpresa sortzeko lehen alea; non, eta Madariaga auzoan: "Gure aita Madariagako elizetxean jaio zen. Han bi pilotaleku izanda, pilotan ikasi zuen, asko gozatzen zuen horretan, eta profesionaletan ere aritu zen urte batzuetan. Ordea, etxera dirua eraman behar zuela eta, lanean hasi behar izan zuen. Eibarko [Gipuzkoa] pare bat lantegi probatu zituen, baina ohartu zen ez zitzaiola gustatzen tailer barruan lan egitea; naturarekin loturaren bat zuen lanbide batean jardun nahi zuen hark. Orduan, Madariagako bizilagun batek esan zion hango pinudi bat hondatzen ari zela eta zaindu beharra zegoela, eta han hasi zen lanean". Bizilagunaren proposamena onartu ondoren, jardun hark Xurdori parez pare zabaldu zizkion ate berriak: "Pinua zaindu, moztu, gero egurra kamioiarekin zerrategira eraman... Horrek betetzen zuen aita".

Garai hartan, 16 urte zituen Itziar Astigarragak. Ikaslea zen, baina erabaki zuen ez zuela eskolan ikasten jarraitzea nahi. Bere kasa ikasten segi eta aitarekin lanean hasi zen orduan, eta gogoan du hasieratik jabetu zela egurrak "aukera asko" ematen zituela, baita dekoraziorako ere. Enpresariak azaldu duenez, "betidanik oso sortzailea" izan da, eta hain zuzen, sormenak hasieratik izan du eragina bere jardunean: "Matematika eta marrazketa asko gustatzen zitzaizkidan, eta ogibidean isla izan dute horiek; izan ere, lan honetan hasi nintzenean, bezeroei erakusteko produktuak marraztera animatzen nintzen".

Astigarragak eskola utzi zuenean, bi urtez libreki ikasten aritu zen, eta zegozkion ikastaroak ere egin zituen lanean hasi zenean. Dena den, azaldu du batez ere "lanean eta lanaren arabera" barneratu dituela ezagutzak, eta liburuek ez ezik, beste enpresetako pertsonekin harremana edukitzeak garrantzi handia duela azpimarratu du: "Asko ikasten da haiekin".

Astigarragaren eguneroko lana zein den galdetuta, "zaintzea" da hark behin eta berriz errepikatzen duen hitza: enpresaren finantza egoera ez ezik, enpresa familiaren interesak eta langileen ongizatea zaintzea ere badira haren arduretako batzuk, estrategikoak izan daitezkeen inbertsioak aztertu eta proposatzearekin batera. Horrez gain, eta "batez ere", enpresariak duen "kudeaketa esperientzian oinarritutako laguntza" eskaintzea ere bada haren zereginetako bat.

Nolako zura, halako ezpala. Hala dio ahoz aho transmititu izan den esaera zaharrak, eta haren esanahiak bete-betean bat egiten du familia horren izaerarekin, enpresariak azaldu baitu balio ugari jaso dituela aitarengandik eta horiek mantentzen saiatzen dela: "Buruan proiektu bat duzunean, hara iristeko helburuak zehazten dituzu, eta lan asko egin behar da. Ordea, benetan sinetsi behar da proiektuarekin, baita zure ondoan dagoen jendearekin ere. Gure aitak oso argi zuen hori. Hark esaten zuen lan asko egin eta gauzak inguruko pertsonekin partekatu behar zirela; harremanak zaintzea eta besteengan konfiantza edukitzea ezinbestekoa zela".

Astigarragaren arabera, negozio eta enpresa batean "beti" sortuko dira arazoak zein gatazkak, baina horiek konpontzeko "benetan" eduki behar dira fedea eta indarra. "Gai izan behar zara gatazkak kudeatzeko, proiektuak aurrera egin dezan". Familia enpresa izaten jarraitzen du bereak, egun lau anai-arrebek egiten baitute han lan. "Laurok zera pentsatzen dugu: enpresa ondo badoa, gizarteari on handia egiten diozu".

"Asko ikasten eta asko gozatzen" duen lanbidea da berea, eta pertsonekin egin duen harremanetan egin du azpimarra berezia: "Enpresa proiektu bat da, eta horren parte garrantzitsuena pertsonak dira; kanpoko faktoreez gain, pertsonek egiten dute enpresa". Zentzu horretan, "zorte oneko" pertsona sentitzen da Astigarraga, 40 urteko ibilbidea "etenik gabeko poztasuna" bai, baina "kezka askokoa" ere izan dela adieraziz. "Ia beti ari naiz ikasten, eta beti dut ikasteko gogoa".

Pinuaren gaitzak eraginda

Ibilbide profesionala hasi zuenetik, egurraren sektoreak aldaketa handiak izan dituela jakinarazi du Astigarragak, hein batean, herritarren joera berriek bultzatuta. "Pinuarekin altzariak egiten hasteak ezustekoa eragin zuen merkatuan, oraindik orain ez zegoelako pinu egurrarekin halako gauzak egiten zituen enpresa asko. Ordea, azken urteetan, plastikoa alboratu eta modan jarri da egur trinkoarekin egindako produktu naturala".

Haren arabera, Europa iparraldeko herrialdeetatik etorritako tendentzia da egurrezko produktuekin altzariak sortzea. Azken urteetan, berriz, hainbat azterketa egin dituzte pinuak dituen ezaugarrien inguruan, eta egun, egur mota horrek "onarpen zabala" eskuratu duela dio. Jakinekoa da, ordea, azken urteetan euskal insignis pinuak xingola marroiaren gaixotasuna duela, eta horren eragina zuzenean ari dira jasaten zurgintzaren sektorean lan egiten ari diren enpresak ere: "Berandu konturatu gara pinuaren gaixotasunaz, eta egoerak kalte handia eragin du sektorean; izan ere, gaixotu den egurra gaixo geratzen da, eta horrek esan nahi du ustiatzeko egur gutxiago geratzen dela". Urritasunaren eraginez, sektoreko enpresa batzuek beste bide batzuk bilatu behar izan dituzte, eta hasi dira, esaterako, bestelako egur mota batzuk ere lantzen. "Pinuaren gaitzarekin, gainera, haren prezioa asko garestitu da azken urteetan, eskaera asko handitu delako, baina aldi berean, eskaintza murriztu. Beharbada, sektoreko enpresok beste egur mota batzuekin lan egiten probatu beharko dugu etorkizunean, baina momentuz, guk soilik pinuarekin jarraitzen dugu".

Etorkizunean arreta jarrita, hainbat zuhaitz espezietako landaketetan parte hartzen du enpresak egun, eta haiekin lan egiten duten baserritarrek "konpromisoa" hartzen dute basoa bota ondoren, haren lekuan beste bat landatzeko. Hain zuzen, basoen garrantzia azpimarratu du Astigarragak, jakitun baita beharrezkoak direla Lurrarentzat, eta beraz, baita "bizitzarentzat" ere. Sektorearen etorkizunari, berriz, baikor begiratzen dio hark, modu jasangarrian ustiatuta behintzat, egurra "beti" egongo den lehengaia izango delako. "Zuhaitzak bere bizi iraupena du: 40-45 urtera moztu egin behar da, eta haren ordez, beste bat sartu. Kontsumitzaileari gero eta gehiago gustatzen zaion materiala da egurra, eta gu egurrarekin lan handia egiten ari gara, baina, aldi berean, horixe egin behar dugu, egurra izaten jarrai dezagun. Etorkizunean enpreson erronkek bide horri eutsi behar diote: egurra erabili bai, baina egurra egon dadin, jasangarritasun eta ingurumen politika guztiak bete behar dira".

Motzean:

  • Adina: 59 urte.
  • Ikasketak: oinarrizko ikasketak eta lanbideari lotutako hainbat ikastaro.
  • Lanbidea: Astigarraga Kit Lineko presidentea eta sortzailetako bat.
  • Enpresaria ez banintz… naturarekin zerikusia duen zerbaiten sortzailea izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… familia zaintzea, yoga egitea, kozinatzea, irakurtzea eta pasiera egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide