Zuzenbide ikasketak egin bazituen ere, komunikazio arloan osatu du bere ibilbide profesionala Roberto Oñederrak (Azkoitia, 1956). Arabako Radio Vitorian lan egin du 38 urtez, eta hura gaztelaniazko hedabidea izanagatik ere, modu batean edo bestean irratian euskara txertatzeko ahalegina egin du azkoitiarrak. Hain justu, 90 urte bete ditu aurten Radio Vitoriak, eta Oñederrak bere lan ibilbideaz eta euskararen egoeraz hitz egin du hedabide honekin.
Zuzenbide ikasketak egin zenituen Donostian, baina komunikazioari lotuta osatu duzu zure ibilbide profesionala. Nolatan?
Zuzenbide ikasketak amaitu eta Iruñera joan nintzen, Arturo Campion euskaltegira. Patxi Zabaleta abokatu, politikari eta idazlearekin egin nituen zuzenbide praktikak han, eta haren bidez ezagutu nuen Iñaki Zabaleta euskal idazle eta kazetaria ere. Garai hartan oso murgilduta nengoen euskal kulturan, eta komunikazio mundua ere atsegin nuen.
1982ko maiatzean Euskal Irrati Telebistaren Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta aurreneko oposizio deialdia egin zuten. Nire emazteak Eusko Jaurlaritzako Administrazioko plaza aterata zuen ordurako, eta Gasteizen lanean hasia zen. EITBren oposizio deialdira aurkeztea erabaki nuen, eta emaztearengandik gertuago egoteko, Radio Vitoriako deialdian eman nuen izena, Gasteizen elkarrekin egoteko. Plaza atera nuen, espero gabe, eta Radio Vitorian hasi nintzen lanean 1983ko apirilean. Azkenean hantxe osatu dut nire ibilbide profesional osoa.
Nola oroitzen dituzu Radio Vitorian lanean hasi zineneko une haiek?
Radio Vitoriako egoitzan izen handiko esatariekin egin genuen topo, irratigintzan eskarmentu handia zutenekin. Gasteiztarrak ziren han zeuden guztiak, eta bost 'arrotz' batu zitzaizkien taldera, oposizioa gainditu genuen bostok, alegia. Hiru bizkaitarrak ziren, eta beste bi Urola Erdikoak: Juan Antonio Korta zestoarra eta ni neu. Korta kazetaritza mundutik zetorren, eta Loiolako Herri Irratian praktikaldia egindakoa zen; baina nik ere banuen esperientzia apur bat, Iñaki Zabaletarekin batera Iruñerriko Euskalerria Irratiaren sortze prozesuan parte hartu bainuen.
Radio Vitoriako oposizioetan bi plaza euskaraz atera zituzten, eta Korta eta biok lortu genituen horiek. Zalaparta apur bat eragin zuen gu han sartzeak, beteranoak baitziren han zeudenak, irratiko kazetaritza egiteko modu klasikoa zutenak. Kontuan izan behar da irratiak oihartzun handia zuela garai hartan, eta gu biok euskarazko plaza banarekin iritsi izana ez zen ongietorria izan Radio Vitorian. Denborarekin ikusi zuten mutiko jatorrak ginela, eta harreman ona egin genuen.
Euskarazko plazarekin, zer zeregin zenuten gaztelaniaz funtzionatzen zuen irrati batean?
Albistegietan hasi ginen lanean aurrena, eta gaztelaniaz ematen genuen informazioa. Baina Kortak eta biok nolabait euskara txertatu nahi genuen Radio Vitorian. Irratiko hizkuntza berez gaztelania izanda, ezin genuen bat-batean hizkuntza aldatu, baina posible zen euskarazko keinu batzuk egitea. Programen izenak euskaraz jartzea pentsatu genuen, eta hala izendatu genituen Araba gaur albistegia, Kontu kantari programa edota Kirolez kirol. Iragarkiak grabatzerakoan, baina, arazo bat izan genuen azken izen horrekin, lokuzioaz arduratzen zenak euskaraz ez zekienez, "kirol esquirol" moduan ahoskatzen zuelako. Baina arazoak arazo, halako aldaketa batzuk egin genituen. Bestelakoan, esaldiren bat, adierazpenen bat edota abestiren bat euskaraz sartzen saiatzen ginen.
Halaber, Radio Vitoria izena marka bat zela ikusi genuen, eta Gasteiz Irratia edo halako izenen batera aldatzea proposamenen artean egon zen arren, azkenean bere horretan uztea erabaki genuen.
Geroago, jada Korta telebistara joan eta gero, Maritxu berritsu Radio Vitoriako euskarazko aurreneko programa jarri genuen abian. Jeni Prieto irrati esatariak gidatzen zuen saioa, eta umeekin egiten zen hura. Urte askoan iraun zuen, eta geroago Euskadi Irratian ere eskaintzen zuten.
Euskarari lotuta egin zenituzten lan horiek, baina bestelakoan nolakoa zen irratiko lana hasierako garai haietan?
Idazteko makinarekin egiten genuen lan, eta orduantxe hasi ginen Radio Vitorian zuzenekoak egiten ere. Kaseteak poltsikoetan hartuta ibiltzen ginen, grabazioak egin eta ondoren audioak geunden lekutik zuzenean sartzeko. Telefonoekin egiten genuen zuzeneko lan hura. Bestelakoan, prentsaurrekoetara joan, idatzi eta lokutatu egiten genuen, gaur egun egiten den bezalaxe.
"Ausarta izan naiz beti, lotsagabe samarra, eta jakin-min handiko pertsona"
Oroitzen al duzu egin zenuen aurreneko zuzeneko konexioa?
Bai, noski. Andre Maria Zuriaren jaiak ziren Gasteizen, eta Radio Vitoriako gure lankideek programazioa beste urteetan bezalaxe eskaintzeko asmoa zuten: goizeko programazioarekin saio bat, eta arratsaldekoarekin beste bat, aurrez prestatuta. Juan Antonio Kortak zuzeneko konexioak egitea proposatu zuen, Loiolako Herri Irratian bere praktikaldi garaian egin izan zituenen antzekoa. Lankideekin talka egin genuen orduan ere, baina Ignazio Arregi Eusko Irratiko orduko zuzendariari ideia ona iruditu zitzaion eta Radio Euskadiko teknikariekin jarri zen harremanetan, haiek zuzeneko konexioarekin lagun ziezaguten. Gasteiz erdiguneko eraikin baten teilatutik egin genuen konexioa, handik irratia eta Andre Maria Zuriaren plaza ikusten genituela. Hura ere gaztelaniaz egin behar izan genuen.
"Araba mutur batetik besteraino ezagutu du, eta harro nago horretaz"
Sasoi hori eta gero, Euskadi Irratiak Legebiltzarreko informazioa emango zuen norbait behar zuen, eta zuri eskaini zizuten postua.
Asko ikasi nuen garai hartan. Gobernuaren eraketa, Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua, Madrilgo gorabeherak... Egoera asko bizitzea egokitu zitzaidan, eta atsegin handiz oroitzen dut garai hura. Euskaraz egiten nituen nik han galderak, gaztelaniazko adierazpenak noiz amaitzen ziren zain egon gabe. Inguruan nituen izen handiko gaztelaniazko hedabideetako kazetariek ez ninduten kikiltzen, nik euskaraz galdetzeak molestatu egiten zien arren.
Euskaraz galdetzeagatik estualdi uneren bat bizitzea tokatu al zitzaizun?
Ausarta izan naiz beti, lotsagabe samarra, eta jakin-min handiko pertsona. Horregatik asko ikusi eta ikasi dudala uste dut. Euskarazko adierazpenak ere nire izateko modu horrexegatik lortzen nituen. Kikildu eta isilik geratu izan banintz, gaztelaniazko hedabideek soilik lortuko zituzketen adierazpenak.
Kazetari lanak alde batera utzi, eta Radio Vitoriako Emisio eta Produkzio buru izendatu zintuzten gero.
1980ko hamarkadaren hondarretan izango zen hori. Esatari eta erredaktore lanak utzi eta Emisio eta Produkzio burua izan nintzen 2021eko maiatzean erretiroa hartu nuen arte. Alderdi batekoekin zein bestekoekin ibiltzen nintzen, jakin-min handia izanik, guztia ezagutzea atsegin bainuen. Geroago, bekadunak ere Eusko Irratira sartzen hasi ziren, eta Radio Vitoriarako horiek fitxatzen nituen. Ismael Diaz de Mendibil, Pilar Ruiz de Larrea, David Saez... orain Radio Vitorian izen handiko esatari diren horiek gurekin bekadun hasitakoak dira.
Hala ere, esan beharrean nago kargu horretan eten txiki bat egin nuela 2009tik 2013ra bitartean, Patxi Lopezen lehendakaritza aldian. Tarte horretan erredaktore eginkizunetara itzuli nintzen, harik eta 2013an atzera Emisio eta Produkzio karguari heldu nion arte.
"Irratiko hizkuntza berez gaztelania izanda ere, posible da euskarazko keinuak egitea"
Azkoitian jaioa, Nafarroan ere bizitakoa zara, baina ibilbide profesionala Araban osatu duzu. Zer moduz moldatu zara han?
Gasteizera iritsi nintzenean askotan esaten zidaten Euskadi Irratira joango nintzela aukera suertatzen zitzaidanean. Gipuzkoarra izan eta Donostian lanean aritzeko aukera nuen, baina Araba ezagutu nahi nuen eta hantxe geratu nintzen. Erabaki ona izan zen, eta gustura egon naiz. Araba mutur batetik besteraino ezagutu dut, eta harro nago horretaz.
Zure ustez, Arabaren inguruan ezjakintasun handia al dago gainerako euskal lurraldeetan?
Baietz esango nuke. Kontzejuak, kuadrillak... ezberdintasun batzuk dituzte, baina askok ez dituzte ezagutzen. Araba Alderdi Popularrarekin lotzen dute askok, nahiz eta hala ez izan. Bestelakoan, Bilbok guztia jango duenaren sentipena handia da Araban ere, Gipuzkoan bezalaxe. Gasteizen daude Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra, baina enpresa nagusienak Bilbo inguruan daude kokatuta. Bilbotarrak berez harroak dira, baina Araba minorizatua izan dela esango nuke. Arabarrek beti gehiago erakutsi behar dute besteen parean daudela ikusarazteko.
Euskararen aldeko borroka presente izan duzu zure ibilbide profesional osoan zehar. Erretiroa hartuta, nola ikusten duzu orain Radio Vitoria?
Ilusioz hasi ginen lanean, euskara salbatu egingo genuela pentsatzen edo. Orduan gizajoa zen euskara, eta halakoxea izaten jarraitzen du.
Euskararen presentzia falta da Radio Vitorian. Adibidez, euskarazko adierazpen zatiak sar daitezke, edo euskarazko esaldi batzuk... Eta batez ere Radio Vitoriaren sare sozialetan nabari dut euskararen hutsune hori. Ez dute euskaraz ezer partekatzen, eta pena ematen dit. Balioa ez emateak, euskaraz gehiago egin daitekeela ez ohartzeak, hori ez ikusteak ematen dit min handiena. Borroka handia egin genuen hori lortzeko, eta galdu egin da.