Argia ikusten hastear dira urte luzez jasota izan diren marrazkiak, planoak eta asmoak. Hirigintza plangintzetarako trazatutako zenbait proiektu eraikitze bidean dira Azkoitian. Hain justu, gaur-gaurkoz udalaren arau subsidiarioek jasotzen dute, Lurralde Plan Partzialak (LPP) zehazten duenarekin batera, herri batek hazkundea zein eremutan egin dezakeen; proiektu eta asmo horiek non eta nola gauzatu behar diren, alegia. Txalonerrekan hasitako hirigintza lanekin, azken hilabeteetan agerian gelditu da bide horri zein aldetatik heldu behar izan dion Azkoitiak.
Oro har, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) definitzen du lursailen arabera herri baten nolakotasuna. Hiru eremu nagusitan banatzen du: batetik, hiri lurzorua edo lurzoru ez urbanizagarria den zehazten du; bestetik, zoruen erabilera adierazten du, alegia, bizitokia izango den, ekipamenduetarako gunea, jarduera ekonomikorako zorua edota espazio librerako lurra; eta azkenik, lur bakoitza zer-nolako intentsitatearekin erabili ahalko den jasotzen du.
Egungo araudira egokitzeko, udalak HAPOa eratzeko lanketa hasiko du hilabete honetan
Ordea, Azkoitiko Udalak gaur-gaurkoz ez du HAPOrik; Azkoitiak arau subsidiarioak erabiltzen ditu planifikaziorako lan erreminta gisa. Hain justu, arau horien arabera, Txalonerrekakoa da Azkoitiko herriaren hazkunderako guneetako bat. Arturo Garate udal arkitektoak lehen eskutik ezagutzen du plangintza, eta hark eman dizkio Gukari gaiari buruzko gako nagusiak. Plangintzan zehaztutakoa guztiz exekutatuko balitz, Azkoitiak "itxura oso biribila" hartuko luke; San Martin ermita erdigune bezala hartuta, Izarraitz mendiaren azpialdeko meandroaren bueltan itxiko du herriak zirkulua.
Egungo araudira egokitzeko, udalak HAPOa eratzeko lanketari ekingo dio hil honetan. Erakundearen asmoa da erakundeak tramitezko onespena hil honetako ohiko udalbatzarraren gai ordenan sartzea. "2006. urtean onartutako legediak zehazten duen terminologia da HAPOarena, eta beraz, udalaren arau subsidiarioak txertatuko dira HAPOan. Finean, legeak agintzen duen eguneraketa egingo da", azaldu du arkitektoak.
33 urte egin beharko lirateke atzera exekutatzen hasi diren edota exekutatzear diren hirigintza antolamendurako planak ezagutzeko. 1991tik indarrean zeuden arau subsidiarioak onartu zituen udalak 2007. urtean, eta orduan onetsitakoa "kontinuista" izan zela adierazi du Garatek, duela 33 urteko arau haiei eman baitzieten jarraipena duela hamazazpi urte ere. Orain bide beretik jo nahi du udalak: 2007an onartutako arau subsidiarioetako plangintza "eguneratzea" eta hari "jarraipena" ematea nahi du erakundeak HAPOarekin.
Antolamendu plana "eguneratu" eta hari "jarraipena" eman nahi dio udalak HAPOarekin
Ana Azkoitia alkateak nabarmendu du normalean lanketa mota horiek "agintaldi bat gainditzen" dutela, eta askotan politikariei "kostatu" egiten zaiela lau urtetik harago begiratzea. Halere, garbi du alkateak: "Egin beharra dago". Halako dokumentu batek, gainera, politikoki ere eskakizun bereziak ditu. Udalbatzak gehiengo osoz onartu beharko du HAPOa, eta egungo indar banaketa ikusita, alderdiek ezinbestekoa izango dute ados jartzea. Hain justu, alkateak gogorarazi du "prozesu luzea" izango dela.
Etxebizitzetan gora
Malkorbideko, Teklako eta Jausoroko promozioak izan dira egindako azken etxebizitza lanak. Horri lotuta, alkateak dio herri batek "bizia" behar duela, eta "Azkoitia aldatzen" ari dela. "Hirigintzak eragin zuzena du herritarren bizitzan eta bizi kalitatean. Herritarrei bertan bizi eta lan egiteko aukera ahalbidetzen saiatzen gara", adierazi du. Beste etxebizitza proiektu batzuk martxan dira, eta etorkizunerako beste zenbait asmo ere badituzte. Iazko abenduaz geroztik San Martin auzoaren azpiko azken berdegunean Txalonerreka eta Altamira arteko bidea ari dira eraikitzen. Alkatearen iritziz, azpiegitura horrek "beste arnasbide bat" emango dio herriguneari. "San Martin-Altamira eremuak beste sarrera-irteera bat izango du. Modu orekatuan haztea zaila da, baina eremu hori ondo txertatuta geldituko da, eta San Martin auzoa erdigunera gerturatuko du".
Lotuneak ez du soilik autoen joan-etorrirako pasoa zabalduko, ordea; haren gainaldean zein azpialdean eraikiko dituzten etxebizitzei ere emango die bide, eta lanak amaitutakoan hasiko dira Txalonerrekan etxebizitzak eraikitzen. Aurreko agintaldian, Azkoitia Lantzen sozietate publikoak hango hiru partzela saldu zizkion Eusko Jaurlaritzari 1.080.910 euroan, eta hala, bide berria finantzatzea eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzea adostu zuten. Bide horren gainaldean –Txalonerreka 10.1 eremuan– sustapen publikoko 115 etxebizitza babestu eraikiko ditu Jaurlaritzak bi fasetan, eta horiez gain, sustapen pribatuko 86 etxebizitza ere egingo dituzte. Aurrerago, bidearen azpialdean –Txalonerreka 10.2 eremuan– 321 etxebizitza eraikitzeko lursailak dituzte Jaurlaritzak eta Kutxak. Horrez gain, sustapen pribatuko 66 etxebizitza egitea ere bada asmoa.
Gurutzeagan hasi dira etxebizitzak eraikitzen; Txalonerrekan 2025ean hasiko dira
Ordea, Txalonerrekan baino lehenago hasi dira San Martingo Gurutzeaga eremuan urbanizazioa eraikitzen. Sustapen pribatuko 69 etxebizitza eraikiko dituzte han. Udan ekin zieten lanei, eta dagoeneko agerikoak dira V itxurako urbanizazioaren behetik gorako zimentazio lanak.
Epe ertainean, berriz, herriaren hazkundea beste eremu batzuetara zabaltzea jasotzen du plangintzak. Txalonerrekarekin batera arauetan hazkunderako jasota dauden eremuak dira Intsaustikoa eta Altamirakoa. Intsaustiko eremuak, baina, "korapilo handia" du alkatearen esanetan, nahiz eta hura askatzeko lanetan ari diren. "Oraindik bide luzea dago egiteko. Udalaren eta enpresa pribatuen interesek talka egiten dute; ertz asko dituen gaia da. Lanean segitzeko konpromisoa dugu, eta urratsak egiten jarraituko dugu. Korapilo horrek denbora behar du". Intsaustin 690 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute –horietatik 122 babestutakoak–, eta Altamiran 172 etxebizitza, –horietatik 60 babestutakoak–.
Urrunagoko aurreikuspen epea dute, bestalde, Santa Klara, Zabale eta Txurruka-Igeldo Txiki eremuek. Hiru toki horietako lursailak ere etxebizitzak eraikitzeko daude jasota arau subsidiarioetan. Santa Klaran 150 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute –horietatik 97 babestutakoak–, 36 etxebizitza Zabalen –horietatik 30 babestutakoak– eta 53 etxebizitza Txurruka-Igeldo Txikin –horietatik lau babestutakoak–. Ordea, Santa Klarako eta Zabaleko eremuek badute baldintza bat, Garate arkitektoak dioenez: "Txalonerrekako eta Intsaustiko etxebizitza lizentzien %80 ematean hasi ahalko dira garatzen". Halere, arkitektoak gogorarazi du HAPO berria erredaktatzerakoan "aldaketak egiteko aukera" izango dela, egungo baldintzak moldatuz edo kenduz.
Ia 1.800 etxebizitza eraikitzeko planifikazioa dago eginda arau subsidiarioetan
Orain dela hamazazpi urte egindako plangintzetan jasotako datuak dira horiek guztiak. Harrezkero, zenbait etxebizitza eraiki dituzte, eta beste hainbat egiteko planak dituzte. Gukak egindako kalkuluen arabera, proiektu horietan guztietan ia 1.800 etxebizitza daude jasota. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) ezartzen du herrien hazkunde muga, eta hori hala, herriak ez luke kopuru horretatik gora askoz gehiago hazteko betarik izango, betiere arau subsidiarioetan jasota dagoen guztia eraikiko balitz. Etxebizitza kopuruan gora bai, baina alokairuak "arazo" izaten jarraitzen du alkatearentzat. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko asmoz, gainera, etxe hutsa Bizigune programaren esku jartzen duten herritarrek %99ko hobaria izango dute 2025eko kontribuzioan. Alkateak ez du baztertu tentsio handiko eremuen izendapen eskaera egitea ere: "Beharbada iritsiko da egokia ikusten dugun unea".
Alde Zaharra, industria eta berdeguneak
Industriarako lurrak eta eremu berdeak zein diren ere zehazten dute arau subsidiarioek. Industriari erreparatuta, Azkoitiak partzelak falta ditu. Hala dio alkateak: "Industria lurrak kezka ematen dit, eraiki gabeko industria lurrik ez baitugu. Pabiloiak-eta baditugu, baina lurrik ez, eta gaur egun enpresek lurra eskatzen digute". Hain justu, HAPOa erredaktatzean egoera hori "aztertzea eta irtenbideak planteatzea" nahi dute. Arkitektoak dio Izarre Jandalok eman diezaiokeela industria lurzoruen hutsuneari irtenbidea, nahiz eta jakin eremu horrek "zailtasunak" dituela.
Berdeguneen artean, berriz, baditu asmoak udalak. Batetik, Garatek dio San Martin ermitaren bueltako berdegunea izango dela "Azkoitiaren birika". Bestetik, Alde Zaharrean bi eremu dituzte izendatuta, gaur-gaurkoz esku pribatuetan daudenak: Plazaberriko Txurrukaetxearen atzeko berdegunea da bat, eta Portuneko etxearen zelaia bestea. "Oro har, Alde Zaharrek ez dute halako arnasgunerik izaten. Etorkizunera begira, helburua da gune horiek publiko bihurtzea", dio arkitektoak.
Azkoitiak, bereziki Alde Zaharrak, berezitasun bat ere badu, eta ez, zehazki, berdeguneei lotutakoa. 2005. urtean, Azkoitiko hirigune historikoak Monumentu Multzo izendapena jaso zuen. Garate jakitun da izendapen hori izateak "mugatu" egiten duela udala. "Alde Zaharra gehiago zaintzen da Monumentu Multzo izendapenarekin, baina, era berean, birgaitzeko lanak bereziagoak eta zailagoak egiten ditu, eta eskumenak kentzen dizkio udalari". Izendapen horrekin, Monumentu Multzo izendapena duten eraikinen etxejabeek ezin dute eraikinaren birgaitzea edonola egin, ondarea zaindu behar dute-eta nahitaez. "Adibidez, egurrezko eraikin bat hormigoizko egiturarekin birgaitzea ez da posible egun. Halakoetan, Jaurlaritzak eraikin hori desafektatu egin behar izaten du, eta hondamendi egoerako eraikin izendapena eman. Birgaituko bada, eraikinak lehendik zituen premisak eta baldintzak mantendu behar ditu", azaldu du Garatek. Eskumen faltaren aurrean, udalak Azkoitiko Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia onartu zuen 2007an, eta hala eremu horretako esku hartze guztiei "bizkortasuna" ematea lortu zuen.
Alkateak dio Alde Zaharreko etxebizitzak biziberritzea "guztien nahia" dela, baina horrek inbertsioa eskatzen duela. Jakinarazi du etxebizitza ia denak esku pribatuetan daudela, eta birgaitzeen sustatzaile etxejabeek izan behar dutela, "udala bidelagun" izango dutela gehituz. Bide horretan, formula egokia ikusten du lankidetza publiko-pribatua, Nagusia 80 eraikinarekin egin den bezala. "Denok utzi dugu asko. Inbertsio pribatua behar izan da proiektua aurrera ateratzeko. Garbi genuen helburua ez zela eraikina geureganatzea, hari irtenbidea ematea baizik". Plazaberriak behar duen eraberritzea ere "bistakoa" dela dio, baina garbi du aurrez "herrigunearen inguruko azterketa" behar duela Azkoitiak. "Plazaberria Azkoitiaren bihotza da, eta eraberritze proiektu horrekin ahalik eta asebetetze maila handiena lortu behar da".
Duela urte batzuk paperaren gainean idatzitakoa errealitate bihurtzetik gero eta gertuago dago orain, Azkoitian paperean lan egitetik lur gainean lan egitera igaro dira eta.