Badira urte batzuk Empalabramiento edo Hitz-ahalduntzen programa sortu zenuela. Zer dela eta?
Duela hamasei urte genero indarkeria salatu nuen, haurdun nengoela. Etapa hura gainditzeko prozesuan, Andretxea Eibarko emakumeen etxera joaten hasi nintzen, eta feminista aktibo gisa jokatzen. Ordurako Filologia Hispanikoan lizentziatuta nengoen, nire pasioa espainiera irakastea zen, eta garai hartan Lanbidek ematen zituen laguntza batzuen bidez, Eibarko hainbat emakume musulmanek espainiera irakasteko kontratatu ninduten. Sekulako ilusioa egin zidan horrek. Garaia hartan Diru sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen ari nintzen, eta sei hilabeterako kontratatu ninduten arren, ikasturte osoan zehar eman nizkien eskolak, neure borondatez, horrelakoa naizelako eta egiten ari nintzena maite nuelako. Eskolak emateko material guztia neuk sortzen dut, eta 2017an marka gisa erregistratu nuen Empalabramiento metodologia.
Espainiera irakaste hutsetik harago doaz zure eskolak, ezta?
Bai, espainiera irakasten diet, baina genero ikuspegiarekin. Irakasle hobea izateko ikasten jarraitu dut beti, bai espainierari dagokionez, baina baita generoarekin, indarkeriarekin, ahalduntzearekin, berdintasunarekin, inklusioarekin eta abarrekin lotutako gaietan ere. Eskoletarako sortzen dudan materiala horren guztiaren isla da.
Eibarren hasi zinen, baina Gipuzkoako beste hainbat herritan ere eskolak ematen dituzu azken urteotan. Zehazki, zein herritan?
Nik Eibarren, Azpeitian eta Azkoitian ematen ditut eskolak, eta duela bi urtetik nire lankide denak Legazpin eta Urretxun ematen ditu. Eskolak ematen ditugun herri bakoitzera egokitzen dugu materiala.
Azkoitian noiz hasi zinen eskolak ematen?
2022an hasi nintzen, eta orain abian jarri berri duguna laugarren ikasturtea da. Astean bitan elkartzen gara, asteazkenetan eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara, Elkarguneko Altzibar gelan.
Azkoitian zenbat emakumek hartzen dituzte zure eskolak?
Aurten hamazazpi daude izena emanda; erdiak berriak dira, eta beste erdiak aurretik ibilitakoak.
Zer profil dute emakume horiek?
Adin guztietako emakumeak etortzen dira, zaharrak bezala gazteak, eta duela urte batzuetatik, Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik, gauza bitxi bat gertatu da, goi mailako ikasketak dituzten emakumeak datozela eskoletara. Talka nahikoa handia da. Eskoletara datozen emakume batzuk agrafoak dira, ia-ia bolaluma bat sekula eskuetan hartu gabeak, eta beste batzuek unibertsitate ikasketak dituzte; bat psikologoa da, beste bat ingeles irakaslea...
Nola prestatzen dituzu horren profil desberdinetako emakumeentzako eskolak?
Bakoitzaren beharretara egokituta, egunerokoan kalean euren kabuz moldatu ahal izateko oinarri-oinarrizkoa irakasten diet, eta horrez gain, bilatzen dudana da pentsatzera bultzatzea, informazioa emanda eta orain arte inork esan ez dizkieten gauzak mahai gainean jarrita; zer den tradizioa, zer eskubidea eta abar.
Saioetan parte hartu nahiko lukeen emakumerik balego, oraindik izango al luke aukerarik?
Bai, noski, aulkiak bete artean ateak zabalik ditugu. Udalaren webgunearen bidez eman daiteke izena, udaletxera bertaratuta, edo bestela, saioetako batera azalduta.