Azkoitia 700 egitarauaren barruan, Azkoitiarrak, burutik oinetara jantzita erakusketa zabalduko dute bihar, osteguna, Portaleburu erakustokian, 18:00etan. Ordubete beranduago, berriz, Ane Albisu (Donostia, 1960) Ikerfolk elkarteko kide, diseinatzaile eta jantzi-ondarearen ikertzaileak izen bereko hitzaldia eskainiko du Elkargunean.
Azaroaren 17ra bitartean izango da erakusketa zabalik, eta honako ordutegi hau izango du: ostegunetan eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.
Zertan sakonduko duzu hitzaldian?
Txapelaren eta, batez ere, abarketen inguruan arituko naiz hizketan. Sarrera orokor bat egingo dut abarketen inguruan: zer diren, zertarako erabili izan diren, nola egiten diren... Azkoitiari buruz ere hitz egingo dut, azalduz abarketagintzaren industriak herrian nola eragin zuen. Izan ere, adibide oso garrantzitsua da Azkoitikoa. Batez ere XIX. mendearen erdialdean industrializazioa indartu zenean, ehungintzan garatu zen sektore hori, eta Azkoitia horren adibide finko-finkoa da. Hasteko, Espainiako Estatuko lehen txapel lantegia Azkoitian sortu zen, eta zer esanik abarketari buruz. Horrez gain, Azkoitiarekin izan ditudan harremanak eta niretzat bereziak izan diren hiru istorio kontatuko ditut.
Azkoitiarekin baduzu loturarik?
Bai, abarketa dela-eta izan dut loturarik. Nire sentipena da, ea zertara natorren ni, herri kanpokoa izanda, Azkoitira abarketagintzaz hitz egitera. Saioaren amaieran esango dudan moduan, iruditzen zait bertako herritarrek elkartu beharko luketela, eta abarketagintzari buruz oraindik bizirik dauden istorioak jaso beharko lituzketela. Abarketagintzaren inguruan dauden bizipenak eta anekdotak biltzeko daude, eta horixe bera esan nion Juanbari [Mendizabal], hura ezagutu nuenean... Orduan, zertara nator ni? Dakidana eta ikertu dudana kontatzera nator. Ez naiz soilik Azkoitian ikertzen ibili, beste leku batzuetan ere aritu naiz. Gainera, nire birraitona abarketaria zen gure auzoko plazan, eta beraz, odolean daramat. Eta beti abarketak jantzita ibiltzen naiz, eguraldiak laguntzen duenean.
Azkoitia abarketari lotuta garatu zen ekonomikoki, egun tailer guztiak itxita badaude ere. Zertan geratu da abarketagintza?
Gaur egun, mendira joateko ez, baina uda iristen denean erosten dira abarketak, kalean ibiltzeko. Moda munduan sartu da abarketa, eta bere esparrua zabaltzen ari da. Gauza bertsua gertatu zen Maulen. Abarketagintzan, hura izan da Euskal Herrian beste zentroa, Azkoitia bezala, eta han ere gauza bera gertatu da, moda da esparru horri eutsi diona. Uste dut abarketak hor duela irtenbidea.
Eta txapela zertan geratu da?
Une honetan, adin batetik aurrerakoek janzten dute, eta friki batzuek ere bai. Ez dakit polita den espresio hori, niri ez zait gustatzen, baina jendeak arrarotzat hartzen ditu txapelarekin doazenak.
Dantzaren munduan bai, gero eta gehiago ikusten da txapela, eta bai mutilak eta bai neskak txapelarekin ateratzen dira dantzara. XIX. mendera arte, ez zen txapela janzten hemen, baina ordutik aurrera zabaldu egin zen, eta uste dut gure ezaugarri bihurtu dela. Normalean, lehen, gizarte tradizionaletan beti eramaten zuten zerbait buruan, eta horrek adierazten zuen nortasun bat. Argi ikusten da hori, musulmanetan, hinduetan, afrikarretan... Zer da haiek eramaten dutena? Burukoa.
Herri nortasun bat adierazten al du burukoak?
Bai, zalantzarik gabe, eta txapelak adierazten du, oraindik orain, herri nortasuna. Gainera, gaur egun kolore guztietako txapelak egiten dituzte, eta jendea hasi da horiek erosten. Modaz gain, herri nortasuna adierazi nahi denean, jendea hemendik ateratzen da txapela batekin. Nik behintzat hori ikusten dut.
Hil honen bukaeran Azkoitian sanandresak ospatuko dira, eta egun horretan herritarrek baserritarrez janzteko ohitura dute. Azken hamarkadetan, zer da jantzi horiek izan duten aldaketa handiena, eta zure ustez, zein dira errespetatu beharreko elementuak? Ba al dago marra gorririk?
Baserritar jantzien inguruko doktore tesia amaitzen ari naiz. Baserritar jantzia izan da XX. mendean zehar ospakizunetarako jantzia, baina kaletarrena. 1992an Ikerfolk elkartekook hainbat proposamen egin genituen, eta XIX. mende amaieran, normalean baserrietan janzten zirenak, hemengo jantzi herrikoiak, berreskuratu genituen. Kasu horretan, Andoaingo (Gipuzkoa) andereño batzuekin hasi ginen, eta hori izan zen inflexio puntu bat: berehala deitu zituzten beste ikastola batzuetatik, eta gu ere ibili ginen Donostian halako jantziak saltzen zituzten dendatakoekin hizketan. Gure nahia zen pixka bat galduta zeuden jantziak errekuperatzea, baina batez ere janzteko modua berreskuratzea; abarketak eta buruko zapiak janzteko modua, esaterako. Hain zuzen, lehen aipatutako herri nortasuna adierazten duten janzki horiek berreskuratzea. Zer gertatu zen orduan? Modu handi-handi batean, moda sartu zela tartean. Gaur egun, jantzi herrikoiak zeharo bat egin du modarekin. Azkenean, jendeak bere jantzia diseinatzen du.
Une honetan, ikertzen ari naiz, eta ikertzaileen begiak ditut. Hitzaldiak ematen ari naiz han-hemenka, eta horietan esaten dudana da jantzien inguruko informazio eta ezagutza falta handia dagoela, ez delako halakorik ahalbidetu eskoletan eta publikazio gutxi dagoelako. Beraz, iruditzen zait jakin egin beharko genukeela gaiaz zer dagoen, gero jendeak aukeraketa egin dezan. Hemen dogmarik ez dago; ezagutu, eta dakizunean, aukeratu. Baina jendeak ez du aukerarik izan gaiari buruz ikasteko eta jakiteko.
Hasierara bueltatuz, jantzi herrikoietan, zer galdu da gehien, burukoa ala oinetakoak?
Burukoa. Besterik eduki ezean, txapela edo buruko zapia janztea gomendatzen dut nik. Gizonek zein emakumeek jantz dezakete txapela, eta Azkoitian buruko zapia ondo janzten dakien jendea seguru oraindik badagoela. Luxu bat da hori. Nire ustez, garrantzia gehiegi ematen diogu jantziari, lepotik hanketara doan horri. Eta egia esan, Europa mendebalde guztian berdintsua izaten zen jantzia.