Bost hitzordurekin datoz Udazkeneko Bebarruko Jardunak

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 6a, 09:25

Maialen Lujanbio, artxiboko irudian. (Bertsozale Elkartea)

Jai/Egun taldearen eta Eneritz Furyaken kontzertuekin irekiko dute egitaraua igande honetan Matadeixen. Performance bat, antzerkia, hitzaldi bat eta beste kontzertu bat daude egitarauan.

Datorren asteburuan hasiko da Azkoitiko Matadeixen Bebarruko Jardunen urteko bigarren eta azken ekinaldia, udazkenekoa. Ohi duenez, denetik pixka bat duen egitaraua osatu du Matadero Ekintzak taldeak. Musikarekin hasi eta musikarekin itxiko dituzte Udazkeneko Bebarruko Jardunak, eta performancea, antzerkia eta hitzaldi bat izango dituzte bidean.

Igandean, kontzertu bikoitzarekin hasiko dira urteko azken Bebarruko Jardunak. 18:30ean hasita, Eneritz Furyak eta Jai/Egun taldea igoko dira Matadeiko oholtzara.

Hurrengo igandean, azaroaren 17an, Erre (AH) la izenburudun performancea taularatuko du Maialen Lujanbiok, poesia, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen emanaldian.

Azaroko azken igandean, berriz, hilaren 22an, Portare dentro, testigo Palestina antzerki emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Matadeixen.

Aktualitatearekin lotura estua duen beste hitzordu bat izango dute azaroaren 29an, ostirala; egun horretan, hitzaldia eskainiko dute Guggenheim Urdaibai Stop! kolektibokoek Azkoitian.

Eta 2024ko Udazkeneko Bebarruko Jardunak ixteko, abenduaren 1ean, zuzeneko musika berreskuratuko dute Matadeixen, Iker Munduateren eta Alberto Lizarralderen eskutik.

Egitaraua

Hau da 2024ko Udazkeneko Bebarruko Jardunen egitaraua:

Azaroak 10, igandea

  • 18:30. Kontzertuak: Jai/Egun + Eneritz Furyak.

Azaroak 17, igandea

  • 12:30. Performancea: Erre (AH) la (Maialen Lujanbio).

Azaroak 24, igandea

  • 18:30. Antzerkia: Portare dentro, testigo Palestina.

Azaroak 29, ostirala

  • 18:30. Hitzaldia, Guggenheim Urdaibai Stop! kolektiboaren eskutik.

Abenduak 1, igandea

  • 18:30. Kontzertua: Iker Munduate + Alberto Lizarralde.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide