Valentzia hiriburutik hamar kilometrora dagoen Torrent hirian (Herrialde Katalanak) bizi da Jexux Albizuri (Azkoitia, 1959) azken hiru hamarkadetan. Herrialde horretan inoiz izan den hondamendi handiena igaro berritan, gaur goizean izan du azkoitiarrak bizi den hiriko kaleak ikusteko aukera.
Zer moduz zaudete?
Zorionez, ondo gaude, eta etxean itoginak baino ez ditugu izan. Gure etxea herritik kilometro batera dago, ehun bat metro garaiagoa den eremu batean, eta ez zaigu urik sartu.
Nola gogoratzen dituzu iragan astearte arratsaldea eta gaua?
Beldur pixka batekin bizi izan genuen, eta une oro eguraldi iragarpenari begira egon ginen. Haize handia izan genuen, eta tarteka, harria ere egiten zuen. Ez zuen euri asko egin Torrenten, baina herri garaiagoetan, Chivan esaterako, 500 litro euri bota zituen, eta hango ura euri-bidetik iritsi zen Torrentera.
Gauerdian, berriz, Internetik gabe geratu ginen, eta soilik irratitik eta telebistatik jasotzen genuen informazioa. Ezin genuen inorekin komunikatu, eta oraindik ere gaizki gabiltza horretarako; etxean wifia badut, baina kalean ez dago Internet daturik.
Euri-bideak gainezka egin al du Torrenten?
25 metroko zabalera eta 20 metroko altuera duen euri-bidea dago Torrenten, eta haren gainetik zubia igarotzen da. Esaten dute asteartean 1.500 litro ur igaro zirela bide horretatik, beherago dauden herrietara iritsi baino lehen. Beste zubi baxu xamar bat ere badago Torrenten, eta han ere gainezka egin zuen urak; dena den, herri barruan ez zuen kalte handirik eragin, eta horretan zortea izan dugu. Izan ere, aipatutako euri-bidea hiriaren eskuinaldean dago, eta eskerrak horri; beste zenbait herritan erdi-erditik igarotzen da euri-bidea, eta han izan dira kalte handienak.
Datu ofizialen arabera, zortzi pertsona hil dira Torrenten. Zer giro sumatzen da hirian?
Udalak ez du halako daturik jakinarazi, eta nik neuk ere prentsan irakurrita dakit zortzi hildako eragin dituela denboraleak. Kalean jende gutxi dabil, baina ibilgailuen joan-etorri handia sumatu dut. Ez dakit herritarrek lanera joaterik ba al duten, baina trafiko izugarria dago, besteetan ez bezalakoa.
Pazientzia izugarria beharko dugu egoerari buelta emateko; hilabeteetako lana dago hemen. Valentzia osoan oraindik jendea senideen bila ari da, milaka ibilgailu alferrik galduta daude... larrialdietarako telefonoak egokitu dituzte, baina zenbakiek ez dutela funtzionatzen esaten ari dira, kolapsatuta daudela.
Janaria eta ura bermatuta al dituzue?
Hozkailua nahikoa beteta dut oraindik, baina beldur naiz supermerkatura joaten naizenean aurkituko dudanarekin. Ez dakit janaria sartzen ari al diren, kamioiek ezin dutelako joan-etorri asko egin. Urari dagokionez, atzora arte etxean urik gabe egon ginen, baina zorionez, dagoeneko badugu. Bestalde, pare bat kilometrotara dagoen urbanizazio batean urik eta argirik gabe jarraitzen dute, eta ez dakigu arazoa noiz konponduko duten. Horrez gain, hiru egunez urik gabe dauden herri osoak badira; hain justu, kalte handienak izan dituzten herriak.
Asteartean, espero al zenuten halakorik gerta zitekeenik?
Ez. Agintariek oso berandu eman zuten tanta hotzaren abisua. Zentzu horretan, [Carlos] Mazonek [Generalitateko presidentea] kristorena egin du. Eguerdiko ordu bata zenean prentsaurrekoa eman zuen hark, esanez 18:00etarako tanta hotza Gaztela Mantxara zihoala eta lasai egon gintezkeela. 20:00etan, guztia urak hartuta zegoen.
Herrietan auzolanak deitu dituzte egoerari buelta eman nahian.
Jendeak nahi du lagundu, baina ezin du mugitu, borondatea izan arren. Guk, esaterako, ezin dugu Torrentetik atera: hamar kilometrora Valentzia hiria dago, eta harako autobidea moztuta dago; bestaldera, herri txikiago batzuetara irits zaitezke, baina bide hori ere moztuta dago.
Lagun batzuei, esaterako, etxea hondatu zaie, baina oraingoz behintzat, ezin diegu lagundu, ezin dugulako hara joan, eta horrela egon beharko dugu gutxienez astebete. Gu jubilatuta gaude, eta ez daukagu inora joateko premiarik, baina, esaterako, senide bat maisua da Torrentetik kanpo, eta gaur-gaurkoz, ezin du handik mugitu. Denboraleak jende asko etxetik kanpo harrapatu du, eta herrira itzuli ezinik daude.