Eneritz Artetxek eta Millan Telleriak bertso saioa eskainiko dute ostegunean San Jose egoitzan

Iraia Oteiza 2024ko aza. 4a, 09:15

Bi bertsolari kantuan, 'Adin-adin' egitasmoko iazko saioan.

Bertso bira egitasmoa jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, adinekoen egoitzetako egoiliarrek ere bertso saioez gozatzeko aukera izan dezaten. Azkoitiko San Jose egoitzara ere iritsiko da egitasmoa; hain zuzen, Eneritz Artetxe eta Millan Telleria bertsolariek jardungo dute bertsotan ostegunean, 17:00etan hasita.

Adin-adin egitasmoari lekukoa hartuko dio aurten Bertso birak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoak adinekoen egoitzetara eramateko sortu duten egitasmo berriak. Programaren sortzaileen arabera, "bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea" dira egitasmoaren helburu nagusiak, "bertsoa euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetariko bat dela kontuan izanda".

Ekimenak urte hauetan arrakasta izan duela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta bertso saioak hartzeko gero eta egoitza gehiago aurkeztu direla ere azpimarratu dute. Hori horrela, orotara 30 bertso saio antolatu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, tartean Azkoitiko San Jose egoitzan. Eneritz Artetxe eta Millan Telleria bertsolariek eskainiko dute saioa han, ostegunean, 17:00etan hasita.

Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuaren iritziz, bertsolaritza "oso tresna indartsua" da adinekoen emozioekin konektatzeko. "Saioek, entretenimendua eskaintzeaz gain, musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen ere laguntzen dute, eta hori oso onuragarria da egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako zein kognitiborako", azaldu du Peñak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide