Eneritz Artetxek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu du gaur Irunen jokatu duten final laurdenetako saioan. Oihana Iguaranek irabazi du saioa (517 puntu eskuratu ditu), baina Artetxek, hirugarren eginagatik, hurrengo faserako behar adina puntu eskuratu ditu: 476.
Lortutako puntuak tarteko, final laurdenetako saio baten faltan –datorren asteburuan izango da Tolosan, eta sei bertsolarik kantatuko dute–, bederatzigarrena da behin-behineko sailkapen orokorrean. Orotara, hemezortzi bertsolari pasatuko dira finalerdietara; bost saioa irabazita eta beste bederatzi puntuazioaren arabera. Beraz, datorren asteko sei bertsolariek Artetxek baino puntu gehiago batzen badituzte ere, azkoitiarra hurrengo fasean izango da.
Gaurko saioan Iguaran aise nagusitu da; izan ere, bigarren sailkatuari, Amaia Iturriotzi puntu batzuen aldea kendu dio, baita beste bertsolariei ere. Iturriotzek 484,5 puntu eskuratu ditu, Artetxek 476, Eñaut Martikorenak 468,5 puntu, Aner Peritzek 465,5 puntu eta Iñaki Apalategik 446 puntu.
Ikusteko dago zein finalerditan kantatuko duen Artetxek; hori ere datorren asteburuan argituko da, azken final laurdena jokatzearekin. Oiartzunen, Zarautzen edo Arrasaten izango du zita, hiru herri horietan izango baitira hurrengo faseko hiru saioak.
Finalerdietarako ez ezik, hurrengo fasera igarota, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela ere eskuratu du Artetxek. Beraz, hala nahi badu, 2026an lehia horretan abesteko parada izango du azkoitiarrak.