Sorginen Ganbara inauguratu dute, "emakumeak hegan egitera animatzen dituen babesgunea"

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 25a, 19:40

Azkoitiko emakumeentzako erabilera anitzeko espazioa izateko helburuarekin inauguratu dute Sorginen Ganbara, Kultur Etxeko laugarren solairuan. Ekitaldian aitortza egin diote Consuelo Domenechi, gela horretan 30 urte baino gehiago eman dituelako yoga irakasten.

Sorginen Ganbara inauguratu dute arratsaldean Azkoitian. Emakumeentzako espazio propioa izateko helburuarekin atondu du Azkoitiko Udalak gune hori, herriko emakumeentzako erabilera anitzeko gunea izan dadin. Kultur Etxeko laugarren solairuan kokatzen da espazioa, aurretik ere, besteak beste, yoga egiteko zein emakumeen ahalduntze ikastaroetarako erabili izan den gelan. Orain, ordea, "izaera propioa" hartu du espazioak, Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak esan duenez: "Izena jarri diogu eta geure gustura apaindu, emakumeen topagune izan dadin, hitz egiteko, elkartzeko, ikastaroetarako eta egokitzen denerako, betiere, emakumeen bueltan".

Ana Azkoitia alkateak hitz egin du gaurko ekitaldian, han bildu diren hainbat herritarren aurrean. Sorginen Ganbara inauguratzeko bidean eman dituzten pausoak azaldu ditu: "Emakumeok jakin badakigu elkartzen, eta txutxumutxuka jarduten dugu batzuetan, elkarrizketa sakonetan murgiltzen gara beste batzuetan, sekretuak, tontakeriak, pentsamenduak edo ametsak kontatzen. Baina denbora aurrera doa, eta hirigintzarako, elkarbizitzarako eta kohesio sozialerako guneak diseinatzen diren moduan, espazio publikoak egokitzen joan behar dugu, ekintza komunitarioak sustatzeko. Haurrek ludoteka edo pertsona nagusiek beren elkartearen egoitza dauzkaten moduan, emakumeok ere txoko propioa behar dugu eta nahi dugu". Ideia horri helduta, Zubillaga zinegotzia lanean hasi zela aipatu du. Pixkanaka, "haren lanari esker, espazio hau toki intimo, atsegin eta erakargarri bihurtzen joan da emakumeongandik eta emakumeontzat".

Espazioa "toki atsegina eta goxoa" izan dadin, Iñigo Borda artistaren horma irudiarekin atondu dute gela. Hark "herriko emakumeen erretratua" egin nahi izan du txokoan, ukitu abstraktuarekin. Bordaren horma irudiaz gain, xilografia lan bat egin du Oihane Ugartek, espazioaren izenarekin, eta sarreran kokatu dute. Bi artelanek espazioari "ukitu berezia" ematen diotela nabarmendu du alkateak, eta eskerrak eman dizkie bi artistei egindako lanagatik.

Gunearen izenari ere egin dio erreferentzia Azkoitiak. "Zergatik Sorginen Ganbara izena? Ahalduntze ikastaroetako parte hartzaileen artean adostutako izena da. Eta, egia esanda, neuri ere gustatzen zait. Sorginek, nire ustez, askatasuna irudikatzen dute, sorginek ohiko roletatik ihes egiten dute, sorginek ez dute inoren mendekotasunik sufritzen. Eta ganbara, ezin hobeto jarritako izena da, Kultur Etxeko ganbaran baikaude. Beraz, izen egokia da".

Consuelo Domenechi aitortza

Era berean, alkateak adierazi du "XXI. mendeko emakumeak ez direla lau paretaren artean jaiota egoteko jaio". Horri lotuta, esan du Sorginen Ganbararen lau paretak "kanpaleku nagusia" direla. "Kanpalekuan indarrak hartu eta norberak igo nahi duen gailurra igotzeko espazioa da hau. Babesgunea da, baina ateak eta leihoak zabalik dituen babesgune bat. Hegan egitera animatzen duen babesgune bat. XXI. mendeko emakumeok sorginak izan nahi dugu, askeak, aurrerakoiak eta independenteak. XXI. mendeko emakumeon nahia da egiturazko matxismoari aurre egin eta desagerraraztea, gizarte berdinzalea eraikiz. Tamalez, oraindik ez dugu lortu, eta ikusten ditugunak ikusita, bide luzea daukagu. Bide luze horretan, espazioak, baliabideak eta sentsibilitateak uztartu behar ditugu, bihotzak eta buruak. Zertarako? Inor ez dadin bide bazterrean gelditu. Bide honetan emakume denok eskutik egin behar dugu aurrera. Eta bide honetan, generotik haratago ere, gizarte osoa da erantzule. Denok jakin behar dugu marra gorriak non dauden". 

Hitzartze horren ondoren, alkateak aipatu du Azkoitian beti egon direla "emakume ausartak, norabidea argi ikusi dutenak, emakumeongandik eta emakumeentzat lan asko egin dutenak". Consuelo Domenech horren adibide dela nabarmendu du, gela horretan 30 urte baino gehiagoz eman dituelako yoga ikastaroak. "Orain arte esan dudan guztiaren eredu da Consuelo. Hemen biltzen garenok jarrai dezagula hark utzitako arrastoa". Gaurko ekitaldian aitortza egin diote Domenechi, urteetan emakumeak ahalduntzeko bidean egindako lanagatik. Lore sorta eman dio hari Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.  

Inaugurazio ekitaldian izan dira Azkoitiko Udaleko hainbat alderditako ordezkariak, muralaren egilea, eta Jabetze Eskoletan parte hartzen duten hainbat emakume.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide