Loren Barbado: "Taldeak asteburuero gosea eta grina transmititzea nahiko nuke"

Andoni Elduaien 2024ko urr. 25a, 09:42

Udan iritsi zen Anaitasunara Loren Barbado (Errenteria, Gipuzkoa, 1994) entrenatzailea. Gizonen taldean aldaketak izan dira, eta orain, taldea "eraikitzea" da haren asmo nagusia.

Ligako sei partida jokatuta, bost puntu batu dituzue. Hasiera zaila ari al zaizue egiten?

Emaitzei dagokienez, agian espero baino kaskarragoa ari da izaten hasiera, bai. Joko aldetik ere irregular samar ibili gara orain arte. Etxean itxuraz aritu gara, baina etxetik kanpo kostatu egin zaigu. Badugu zer hobetua.

Udan iritsi zinen Azkoitira, Anaitasunaren gizonen talde nagusia zuzentzera. Zerk ekarri zaitu talde horretara?

Batez ere, bi gauza aipatuko nituzke. Batetik, iruditu zitzaidan egin zidaten proposamenaren atzean klubak hausnarketa sakon bat zuela egina, eta nolabait, horren ondorio bezala aukeratu nindutela. Bestetik, mailarena aipatuko nuke, Anaitasunara batu nintzenean ez genekien-eta aurten zein mailatan arituko ginen. Ordea, ikusi nuen klubak baldintza batzuk betetzen zituela, batez ere gazteekin lan egiteko eta epe ertainera zerbait polita eraikitzeko.

Eta zerekin egin duzu topo? Zer ikusi duzu Anaitasunan zauden hilabete hauetan?

Gauza asko. Ikusi dut taldearekin konprometituta dagoen herri bat, eta, era berean, ikusi dut behetik datozen jokalariekin lana egiten ari dela. Zentzu horretan, klubak politika argia du, garbi du-eta zerk izan behar duen lehen taldearen iturria. Egunerokotasunean ahalegintzen ari gara, batez ere, ohitura horiek sortzeko eta finkatzeko, epe ertainera zerbait eraikitzen hasteko, betiere.

"Ikusi dut kluba behetik datozen jokalariekin lana egiten ari dela"

Etxean bildu dituzue orain arte puntu guztiak. Zertan ari zarete asmatzen eta zertan huts egiten?

Eraikitze prozesuan gaude. Momentu honetan egonkortasuna falta zaigu; erregulartasuna eta jarraikortasuna behar ditugu. Etxean gauzak garbiago ditugu, zelaia hobeto datorkigulako edo jabetzen garelako zer Anaitasuna izan eta erakutsi nahi dugun. Kontrara, etxetik kanpo bestelako aldagai asko zaindu behar izaten dira, eta oraingoz ez gara gai izan arlo emozionala edota etxetik kanpo jokatzeak eskatzen duena ondo kontrolatzeko. Partida guztietan izan ditugu momentu onak, baina, egia da, etxetik kanpo, egonkortasunari eta jarraikortasunari begiratuta, ez garela ziurrak edo egonkorrak izan.

Iaztik aldaketa nabarmenak izan dira taldean. Aldaketa horiek nabaritzen ari al da taldea?

Asko aldatu da taldea. Iaztik bost jokalarik jarraitzen dute, eta beraz, esan daiteke taldea kasik berria dela. Azkoitiarrez osatutako taldea da gurea, eta nolabait, elkarren artean ezagutzen dira, baina askok ez dute inoiz aldagela partekatu, eta hori ere nabaritzen da. Iruditzen zait hortik jo behar dugula. Anaitasunak azken urteetan egin du bide bat, baina bide horren hastapenetan ere antzerako egoera bizi izan zuen. Aurreko Hirugarren Mailako jaitsieraren ondoren ere herriko gazteen aldeko apustua egin zen berriz. Badaukagu hor ispilu bat, badaukagu aurretik beste batzuk egin duten bidea oinarritzat hartzeko aukera, eta horri heldu behar diogu.

Esan duzu taldea eraikitzea dela zure aurreneko asmoa. Bide horretan, zer asmo dituzu?

Gustatuko litzaidake emaitzengatik baldintzatuta ez egotea. Egin nahi dugun bide horretan gure begirada pixka bat epe ertainerakoa izatea nahi nuke. Epe motzera, noski, egokitzapenak behar ditu taldeak, bestela txapelketak zure tokian jartzen zaituelako; txapelketa estua da eta lehiatzeko beharra dugu. Era berean, ordea, jokalari gazteekin lan egitea eta jokalari horiek pausoak ematea da nire asmoa. Aurten taldean hasi diren jokalari horiek urte amaieran hobeak izatea eta esparru ezberdinetan haztea nahi dut. Helburu potoloa da bai klubean, bai lantaldean.

"Aurkariaren atea helburu izango duen talde erasokorra izatea nahi dut"

Entrenatzaile bakoitzak bere eskua izan ohi du jokalariekin. Zer eman nahi diozu zuk Anaitasunari?

Taldeak astebururo gosea eta grina transmititzea nahiko nuke; batez ere talde erasokorra izatea, aurkariaren atea helburutzat izango duena eta kontrako atetik gertu jolasten duena. Kanpotik ezagutu dudanagatik, Anaitasuna saiatu da aurrez joko horretan sakontzen, protagonista izaten eta ekimena edo iniziatiba eramaten zelaira. Ildo beretik segitu behar dugu; emaitzek badute bere garrantzia, bai, baina uste dut ezin garela soilik emaitzekin gelditu. Futbolean denbora asko igarotzen dugunez, disfrutatu egin nahi dugu, eta horretarako modurik onena da zelaian protagonista izatea eta gauzen bila joatea.

Herri konprometitu batekin topo egin duzula diozu. Egungo egoera, beharbada, zaleentzat nahi bezalakoa ez delako, zer esango zenieke haiei?

Jarrera ulerkorra izatea eskatuko nieke; taldean aldaketa asko izan dira eta egokitzea behar dugu. Kontziente gara epe motzerako gauza batzuk aldatu behar ditugula lehiatzeko. Ordea, ahaleginduko gara zaleei emandakoa itzultzen, batez ere, etxeko partidetan jasotzen dugun babesa. Gure helburua bada Txerloira etortzen dena harro sentitzea zelai barruan ikusten duenarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide