Atzo, asteazkena, amaitu zen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi eta solasaldi zikloa. Malen Ugartek eta Larraitz Goikoetxeak Moko txiki proiektu pedagogikoa, DBHn eta Batxilergoan soziolinguistika lantzeko egitasmoa, aurkeztu zuten Elkarguneko Herriko Plaza aretoan bildutako gurasoen eta interesdunen aurrean.
Kezka pertsonalek bultzatuta hasi ziren proiektua lantzen Ugarte eta Goikoetxea. Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak 2020-2021 ikasturtean egindako Moko txiki ipuina hartu zuten haiek oinarri, euskara betiko formatuan irakatsi beharrean. Hain justu, txori bat eta hipopotamo bat dira ipuineko protagonistak, hizkuntza gutxitukoa den txoria eta hizkuntza nagusi batekoa den hipopotamoa.
Proiektu pedagogikoa bi zatitan dute banatuta, oro har, Ugartek eta Goikoetxeak. Aurreneko zatian, Moko txiki ipuinaz hitz egin ohi dute ikasleekin, eta bigarrenean, Berri Txarrak taldearen Ez dadila haria eten abestiaren izenburua aintzat hartuta, elkarlanean lantzen dute proiektua euskara eta gizarte mailako irakasleekin.
Ipuina lantzeko zatian, ikasleek soziolinguistikako kontzeptuak-eta ezagutzea da asmoa. Ikasleentzat erakargarria izan dadin antolatzen dute proiektua modu horretan, haiek sormena eta kritikotasuna landu nahiz sortu ditzaten. Ikasleei galderak eginarazten dizkiete, hala nola hizkuntzen funtzioez, Txepetxen teoriaren ibilbide naturalaz eta kulturalaz, hizkuntzek dituzte prestigioez edota maileguez.
Ahotsa.eus webgunean bilduta dauden materialak aztertuz, gainera, garai batean euskaraz aritzeagatik jartzen zituzten zigorrak-eta zein izan ziren ezagutzen dute. Gero, ikasleek gai bat hartzen dute, lanketa egin eta proiektu bat egin dezaten. Aurreneko urteetan, ipuin bat sortu behar izaten zuten ikasleek; orain, ordea, ikus-entzunezkoak lantzen dituzte.
Ez dadila haria eten zatian, bestalde, jakinarazi zuten Aretxabaletako (Gipuzkoa) gizarte irakasleekin egin zutela proba, zehazki Eneko Ruiz irakaslearekin. Lanketa horretan, gatazkak eta errealitateak zer eragin izan ohi duten aztertzen dute gazteek. Hainbat laguni egindako elkarrizketetatik abiatuta, ikasle bakoitzak ikus-entzunezko materiala sortzea da helburua. "Askori balio izan diote hizkuntzak beraien etxean zer ibilbide izan duen jakiteko", esan zuten bi lagunek. Izan ere, ikasleek etxean galdetu behar izaten dute beraien aiton-amonen bizimoduaz, betiere euskara erdigunean jarrita. "Ikasketetan interes gehiegi ez duten ikaslek halako lanketekin asko motibatzen dira", azaldu zuten.
Taldekako lanak ere egiten dituzte, eta proiektuak garatu behar izaten dituzte askotariko gaiak aukeratuta; besteak beste, euskararen debekua, ihesa eta drogak, migrazioa, gaztetxeen sorrerak, musika taldeak eta emakumeen egoera izan dira orain arte ikasleek proiektuetarako gehienbat hautatu dituzten gaiak. Gazteek interes handia erakutsi ohi dutela azaldu zuten: "Oso-oso motibatuta agertzen dira ikasleak halakoetan, eta haiek egindako balorazioa ere oso positiboa da. Testu libururik gabe lantzen da proiektua, eta soziolinguistikako gaiak ikasten dituzte, horiek akademikoegiak izan gabe".
"Sormena bultzatzen duen proiektua" da Moko txiki, "bizirik" dagoena, eta herri bakoitzera moldatzeko aukera ematen duena. Gainera, ikasleei gutxieneko ezagutza bat lortzea ahalbidetzen die. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila lantzen ari den curriculum berrian gutxieneko soziolinguistika jakintza izatea eskatuko denez, bi lagunek proiektua han txertatzeko saiakera egingo dute datozen hilabeteetan.
Guka Telebistak gaur, osteguna, emango du solasaldia oso-osorik 22:00etan hasita. Bihar, ostirala, Azkoitia Gukaren eta Gukaren webetan egongo dira ikusgai bideoak.