Orain duzu aukera leloarekin egingo du Atzegik 2024ko sentsibilizazio kanpaina, 55 urtetik gorako pertsonak boluntario egitera animatzeko helburuarekin. Atzo, asteazkenez, aurkeztu zuten Gipuzkoa mailako kanpaina Donostian, eta arratsaldean Azpeitian egin zuten agerraldia, Perez Arregi plazako egoitzan. Bertan jakinarazi zituzten aurtengo deialdiaren nondik norakoak Atzegiko Aloña Agirrek eta Nerea Mendizabalek, Atzegiko nahiz Txolarteko erabiltzaile Eli Agirianok eta boluntario Irati Sasiainek. Azpeitiko alkate Nagore Alkorta ere izan zen aurkezpenean erakunde gisa kanpaina babesten.
Nerea Mendizabalek azaldu zuenez, "boluntarioak Atzegiren altxorra" dira, eta horregatik eskerrak eman nahi izan zizkien urteetan zehar boluntario aritu direnei eta gaur egun oraindik hor jarraitzen dutenei. Era berean, gogoratu zuen Atzegiren sentsibilizazio kanpainak gizartea sentsibilizatzeko ez ezik, erakundeei neurriak har ditzaten eskatzeko ere badirela.
Gazteak eta helduak, ezinbesteko
Kanpainaren mamia Agirrek azaldu zuen. Aurtengo kanpainaren helburua da 55 urtetik gorako pertsonak boluntariotzara gerturatzea. Hori dela eta, Atzegik azpimarratu du boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, "denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez". Agirrek adierazi zuenez, Atzegin boluntariotza egiten duten pertsona gehienak gazteak eta ikasleak dira, baina azken urteetan beste adin-tarte bateko pertsonak ere batu dira, "oso lan garrantzitsua" egiten ari direnak. "Hori dela eta, Atzegik fokua belaunaldi horretan jartzea erabaki du. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake eta ekarpen handia egin", adierazi zuen Agirrek.
Era berean, gogoratu zuen, "boluntarioen laguntza behar duten jarduerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera" zuzenduta daudela, batez ere aisialdian. "Jarduerak askotarikoak dira: taldeka edo banaka egin daitezke; dagoeneko antolatuta dauden jardueretan parte har dezakete, hala nola mendi irteeretan, futbolean edo txangoetan, baina bestelako planak ere izan daitezke, esaterako, kafe bat hartzea, erosketak egitera joatea edo paseo bat ematea", azaldu zuen Atzegiko kideak. Gainera, adimen-desgaitasuna duten pertsonek adin bereko pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea ere bultzatu nahi dute, zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten.
Aisialdiaren garrantzia
Eli Agirianok eta Irati Sasiainek hartu zuten hitza gero. Solasaldia egin zuten elkarrekin. Agiriano Atzegiko eta Txolarteko erabiltzailea da duela hainbat urtetatik. Hark azaldu zuen Atzegik eskaintzen dituen zerbitzu desberdinetan parte hartzen duela, eta horiek guztiak "oso garrantzitsuak" direla. Gaur egun Iraurgi ikastetxean egiten du lan, eta "lana bilatzea oso garrantzitsua" izan zen bezala, beretzat aisialdirako guneak edukitzeak ezinbestekoa dela. Beraz, Txolarteko boluntarioen lana eskertu zuen. "Niretzako, Txolarte nire kuadrilla da; haiekin egiten ditut planak edo joaten naiz oporretara, eta ezinbestekoak dira nire aisialdian", azaldu zuen Agirianok.
Irati Sasian zestoarra da, eta boluntario aritzen da Urola Erdian, Txolarte aisialdi taldean. Hark azaldu zuen, "eman baino, jaso gehiago" egin duela boluntario daraman denboran. "Ikasketa pertsonak ikaragarria izan da", adierazi zuen. Beraz, era batera edo bestera ekarpena egin nahi dutenei boluntariotzan parte hartzeko deia egin zien.
Nagore Alkortak, bere aldetik, Atzegiren lana goraipatu zuen eta boluntarioen lana eskertu. Horren harira, adierazi zuen boluntariotzarik gabe herrian hainbat eta hainbat gauza ezingo liratekeela egin. Halaber, kanpainaren berri izatea pozgarria dela eta udaletik ahal den lanean jarraituko dutela adierazi zuen.
Boluntario izan nahi duten pertsonek Atzegirekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar, horretarako haien bulegora bertaratuta edo 943-42 39 42 telefonora deituta.
Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko dute kanpaina, eta horren barruan aurreikusitako ekintze artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko moduak erakusteko. Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat ere diseinatu dituzte.
Honako hau da Atzegiren aurtengo kanpainako bideoa: