Trenak indar handia hartu zuen industrializazio garaian, baita Euskal Herrian ere. Linea ugari sortu zituzten XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, batzuk merkantziak garraiatzeko, eta beste batzuk pertsonen joan-etorrietarako. Garai oparoen ostean, baina, linea batzuen gainbehera etorri zen XX. mende erdialdera, eta pixkanaka horiek kentzen joan ziren. Desagertu zen lineatako bat izan zen Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen Urolako trenarena. Eta trenik gabe geltokirik ez dagoenez, horiek ere zereginik gabe geratu ziren, hutsik. Halaber, geltoki horietako batzuei beste erabilera bat ematen jakin dute, tartean, Azkoitikoari. Herriko liburutegia da egun.
1923an hasi ziren eraikitzen Azkoitiko tren geltokia izango zena, eta 1926ko otsailaren 2an inauguratu zuten hura, Urolako trenarekin batera. Trenbidea eraiki aurretik, Azkoitia nahiko isolatuta zegoen, eta azkoitiar gehienen bizimodua beren etxe, baserri, eliza eta inguruko mendietara baino ez zen mugatzen. Aurrerapen handia izan zen trena herrira iritsi izana, lantegietako merkantzia garraiobide horretan garraiatzen hastearekin batera, herritarrak ere Urolako herri batetik bestera trenez mugitzen hasi zirelako.
Urola ibaiak zeharkatzen dituen herrien garapenari laguntzeko asmoarekin jaio zen Urolako trena. Orotara 70 minutu inguru behar izaten zituen trenak trenbideak zituen 34 kilometro eta erdiak egiteko. Ibilbide horretan, 29 tunel eta 20 zubi eraiki zituzten, eta trenak 15 geltoki eta geraleku zituen. Geltokiak Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zituen, eta elkarren artean desberdinak izan arren, guztiak Euskal Herriko etxeen estiloari jarraituz eraiki zituzten. Azkoitiko geltokiaren lehen solairuan zerbitzuko egoitzak zeuden, eta goiko beste bi solairuetan langileen etxebizitzak.
Azkoitiko tren geltokia 1926an inauguratu zuten, Urolako trenarekin batera
Oparotasun handiko urteak izan zituen Urolako trenak, geltokietan mugimendu askokoak. 1980ko hamarkadan, baina, Eusko Jaurlaritza Urolako trenaren errentagarritasuna eta bideragarritasuna zalantzan jartzen hasi zen. Hori horrela, 1986an trenaren zerbitzua etetea erabaki zuen hark, trenbideak, instalazioak eta material ibiltaria berritu beharrean zeudela argudiatuz. Izan ere, 1926ko material eta azpiegitura berberekin egon zen funtzionamenduan 60 urtez. Hala, 1986ko uztailaren 4an egin zuen Urolako trenak azken bidaia.
Tren hotsetik liburutegiko isiltasunera
Urolako trenaren itxierarekin batera, ibilbideko geltoki guztiak hutsik geratu ziren, funtziorik gabe. Hainbat urtez geldirik egon ostean, horietako batzuei bigarren erabilera bat eman diote: batzuk museo bilakatu dituzte, beste batzuk biltoki, eta Azkoitiko geltoki zenari ere beste erabilera bat eman zioten. 30 urtetik gora dira jada hura txukundu, margotu, egokitu, eta herriko liburutegia izatera igaro zela.
Geltokiaren funtzionamendu eza ikusita, Azkoitiko Udalak hari bigarren erabilera bat ematea proposatu zuen, eta herriko liburutegi bilakatu zuten eraikin hura. 1990. urtean ireki zituen ateak Aizkibel liburutegiak.
Juan Bautista Mendizabal historialariak eta garai hartan Koldo Mitxelena Kulturunea martxan jartzeaz arduratu zen zuzendari taldeko kideak proposatu zuen liburutegiari Aizkibel izena jartzea: "Koldo Mitxelena Kulturunea Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegiaren egoitza da, eta haren jatorria Jose Francisco Aizkibel azkoitiarrak osatutako liburu bilduman dago. Gipuzkoako liburutegirik garrantzitsuenaren funtzionamendua Aizkibelen bildumaren ondorioz sortu izanak aipamen berezi bat behar zuela iruditu zitzaidan", dio Mendizabalek. Gustuko proposamena izan zen hura, eta halaxe jarri zioten Aizkibel izena Azkoitiko liburutegiari.
Saridun liburutegia
34 urteko ibilbidean zenbait aldaketa izan ditu Aizkibel liburutegiak, eta hainbat aitortza ere jaso ditu. Ondo baino hobeto daki horien berri Mari Carmen Arregik. 33 urte daramatza Arregik Aizkibel liburutegian lanean, 1991. urtean hasi baitzen han beharrean.
"Urte hauetan guztietan izandako aldaketen artean, liburu eskaintza asko handitu dela, multimedia atala ere osatzen ari garela eta liburuen maileguak ere aldatuz doazela nabarmenduko nituzke", adierazi du berak. Izan ere, liburutegien arteko maileguarekin, Aizkibelen ez dagoen liburu bat beste liburutegi batetik ekartzeko aukera dagoela azaldu du hark.
Teknologia berrietarako jauziak eta Interneten sorrerak ere bete- betean harrapatu zituzten liburutegiko langileak. Honela oroitzen du Arregik aldaketa hura: "Hasiera batean katalogazioa eskuz egiten genuen, eta liburuen fitxa bakoitza bi aldiz egin behar izaten genuen. Ordenagailuen eta Interneten iritsierak, berriz, asko erraztu zigun lana. Orain ez daukagu katalogaziorako fitxak bikoiztu beharrik, eta liburutegien sarean gaudenez, katalogo bateratu bat dugu liburutegian zer dagoen eta maileguan hartuta zer dagoen jakiteko. Aldaketa handia izan da guretzat, baina ikasiz eta jardunean, denera ohitzen da bat".
2016an munduko hamar liburutegi ederrenen artean izendatu zuten Aizkibel liburutegia
Halaber, instalakuntzetan ere izan du liburutegiak aldaketarik. 2006an liburutegiaren handitze lanak egin zituzten, irisgarritasun aldetik "ongi prestatu gabeko lekua" zela iritzita. Igogailua, komunak eta bulegoak jarri zituzten orduan, eta sarrerako atea ere lekuz aldatu zuten. Egurrezko bloke bat gehitu zioten eraikinari, ezker aldean, baina bestelakoan, eraikinak bere betiko itxura mantendu zuen. Juan Beldarrain Santos arkitektoak diseinatu zuen liburutegiaren egurrezko bloke berria, eta material berrerabiliekin eraiki zuten zati hura. Hain zuzen, arrazoi horrengatik irabazi zuen eraikinak 2007an Espainiako Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Jasangarriaren Saria.
2016an, aldiz, munduko hamar liburutegi ederrenen artean izendatu zuen Aizkibel liburutegia arkitekturan espezializatuta dagoen AD aldizkariak, Alemaniako bere edizioan. Aldizkariaren arabera, "liburutegi erakargarria da arkitektura aldetik, are gehiago, aurretik tren geltokia izan zela kontuan izanda".
Trenaren hotsa liburuen isiltasunagatik ordezkatu zuen eraikinaren inguruan bada zer kontatua, beraz. Hutsik gelditu zen tren geltokia, saridun liburutegi bilakatu baita bere 100 urteko historian.