Juan Mari Arrizabalaga (Azkoitia, 1946) artistak Ignacio de Iriarte margo lehiaketa. 40 urte liburua idatzi berri du. Haurra zenetik du artearekiko zaletasuna, eta 38 urtez izan da andremarietako Baserritarritarren Egunean egiten duten margo lehiaketako epaimahaikidea. Margoak soilik ez, argazkiak ere gustuko ditu Arrizabalagak, eta horregatik, lehiaketan argazkiak atera izan dizkie koadro guztiei, bai sarituei, baita saritu gabeei ere. Irudi horiek guztiak eta lehiaketaren beraren historia jaso ditu liburuan.
Nondik datorkizu pinturarekiko zaletasuna?
Jaiotzetik datorkidala esango nuke. Floreaga ikastetxean ikasi nuen, eta hangoak dira artearekin loturiko lehendabiziko oroitzapenak. Ispiluaren gainean marrazki bat jartzen nuen, eta haren gainean orri zuri bat jarrita, azpikoa kopiatzen aritzen nintzen koloretako arkatzekin. 9 urterekin akuarelak eskatu nizkien gurasoei, eta ordutik ikasten aritu nintzen. 16 urterekin Vienara joan nintzen ikastera, eta hango museoak zein erakusketak ikustean lehertu zen nire artearekiko zaletasuna.
Zer teknika erabiltzen duzu?
Urteen poderioz teknika desberdinak barneratu ditut, baina beti izan naiz autodidakta; neure kabuz ikasi ditut gauza gehientsuenak. Luma muturrez tinta txina erabiliz egindakoak dira nire lan gehientsuenak. Bestelako teknikak ere erabili izan ditut; kezkoak, esaterako.
Ba al daukazu zeure artelanen artean kutunik?
Nire seme-alaben artean nor maite dudan gehien galdetzea bezala da hori; ezinezkoa da erantzutea. Guztira, 1.300 koadro inguru dira, eta guztiek daukate zerbait berezia. Esan beharra dago nire artelan gehienek Euskal Herriko kultura eta arkitektura ondareak islatzen dituztela: Urolako trenaren geltokiak, Gipuzkoako parrokietako kanpai dorreak, Euskal Herriko gazteluak... Bestelako artelanak ere baditut: Bartzelona modernista jasotzen dutenak, esaterako.
Nolako presentzia dauka arteak zure egunerokotasunean?
COVID-19aren ondoren askoz gutxiago marrazten dut; lehen, gehiago margotzen nuen. Esaterako, Donostiako dorre bat margotzekoa nintzen, eta azkenean, berrehun margotu nituen. Azken boladan, ordea, liburuarekin aritu naiz buru belarri, perfekzionista samarra naizelako eta hura txukuntzen denbora asko igaro dudalako. Hala ere, berriz hasteko ilusioarekin nago.
Zer dela-eta idatzi duzu liburua?
Lehiaketaren inguruko material asko pilatuta nuen urteetan zehar; argazkiak, irabazleen izenak eta parte hartzaileen jatorriak agertzen ziren aktak, besteak beste. Lehiaketako hainbeste argazki izanda, zerbait egiteko harra piztu zitzaidan pandemiaren ostean, baina ez nuen garbi zer egin nezakeen. Proiekzio digital bat egitea izan nuen buruan, baina nituen ideiak beste batzuei azaldu nizkienean, liburu bat egin nezakeela aipatu zidaten. Hori entzun orduko garbi izan nuen liburua idatzi eta bilduta neukan guztia bertan jarriko nuela.
Noiz eta nolatan hasi zinen lehiaketako argazkiak ateratzen?
Argazkilari sutsua izan naiz beti, baina lehen ez geneukan horretarako baldintzarik; kamera analogikoak erabiltzen genituen. Lehiaketaren hamabosgarren urteurrenean, ordura arte sarituak izan ziren koadroekin erakusketa bat ipini zuten, eta koadro guztiei argazkiak atera nizkien. Hala ere, pena sentitzen nuen saririk gabe geratzen ziren lanengatik. Izan ere, saritu gabeak Etxe-Beltzen jartzen zituzten erakusgai, baina soilik hamabost egunez. Lan irabazleak, aldiz, udalaren eskuetan geratzen ziren, eta gero, herriko hainbat eraikinetan zein etxetan jartzen zituzten. Hori medio, koadro orori, sarituei zein saritu gabeei, argazkiak ateratzen hasi nintzen. Hiru kamerarekin joaten nintzen, eta argazki mordo bat ateratzen nituen; gero, liburua idazterakoan, milaka argazki nituela ohartu nintzen.
Nola egituratu duzu liburua?
Liburua bi zatitan banatzen da: alde batetik, 40 urteetan sarituak izan diren 117 koadro ageri dira. Bestalde, saritu gabekoen artean, urte bakoitzeko onenak bildu ditut; 255 koadro, guztira. Horrez gain, Juan Bautista Mendizabalen eta nire artikuluak bildu ditut. Artikuluak lehiaketaren inguruko datuz osatuta daude.
"Azkoitia urteen poderioz nola aldatu den ikus daiteke liburuko koadroetan"
Zer aurki daiteke liburuan?
Neuk ateratako argazki ugari aurki daitezke: koadroenak zein margolariak kalean margotzen ageri direnak. Argazkiak ez ezik, aire zabaleko lehiaketen, Inazio Iriarte margo lehiaketaren, estilo artistikoen, tekniken edota koadroen analisien inguruko informazioa ere badago. Herrian urtero egiten den lehiaketa hobeto ezagutzeko modu bat da liburua irakurtzea, eta balio du Azkoitiak izan dituen aldaketak ikusteko ere.
Zenbat denbora igaro duzu liburua idazten?
Pandemiaren ostean hasi nintzen, eta argazkiak aukeratzen, mozten eta txukuntzen denbora asko pasatu dut. Izan ere, koadro bakoitzari bospasei argazki inguru atera ohi nizkion, eta edizio lanak ez ezik, guztiak ikuste hutsak denbora eskatzen du. Liburuaren orri bakoitzari denbora eskaini diot, orri bakoitza desberdina izatea nahi bainuen.
Abuztuaren 17an, Inazio Iriarte margo lehiaketa egiten den egunean, aurkeztu zenuen liburua. Nolako erantzuna izan zuen?
Gustura gelditu al zara emaitzarekin? Aurkezpena izugarria izan zen; jende mordoa etorri zen, eta liburua sinatzen oso gustura aritu nintzen. Oso gustura gelditu naiz azken emaitzarekin, herriari opari bat egin diodala sentitzen baitut. Niretzat ez da lana izan, pozik egin baitut. Esan beharra daukat udalak asko lagundu didala; haren eskutik atera dut liburuaren lehenengo edizioa. Liburua idazten ari nintzenean ere udalarengana jo nuen onespen bila, eta ez dit inolako oztoporik jarri.
"Herriarentzako altxor bat da Inazio Iriarte margo lehiaketa edukitzea"
Hiri gutunaren 700. urteurrenaren barruan idatzi duzu liburua. Azkoitiaren historian zer-nolako garrantzia izan du arteak?
Argi geneukan liburua aurten aurkeztu behar nuela, 700. urteurrenarekin bat egiten zuelako eta aurreko urtekoa lehiaketaren 40. edizioa izan zelako. Azkoitiko herriak orokorrean artearekin sentsibilitate handia izan du, nire ustez. Herritar ugari artista bihurtu dira hainbat arlotan: pinturan, musikan, olerkigintzan... Historiari zein egungo egoerari erreparatuz gero, arteak herrian presentzia handia duela esan genezake.
Zenbat urtez izan zara lehiaketako epaimahaikidea? Eta nolako esperientzia izan da?
Lehiaketa hirugarrenez egin zenean erakusketa bat neukan Azkoitian, eta horrek eraginda, epaimahaikide izateko aukera eman zidaten. Geroztik, urtero aritu izan naiz horretan, eta oso gustura, gainera. Urteen poderioz, aldaketak egin ditugu. Lehen, bakoitzak bere koadro gustukoenak hautatzen zituen, eta botoen bidez erabakitzen genuen irabazlea gero. Gaur egun, epaimahaikideok gure iritzia ematen dugu koadro bakoitzari buruz; hau da, ez dugu soilik botoa ematen, eta horrek aberastu egiten du sari banaketa. Esan beharra dago kalitate handiko artelanak ikusten ditugula urtero.
Zeinek osatzen duzue epaia?
Epaimahaikideak aldatuz joan gara. Azken urteetan, udalak, Kultur Elkarteak, Udane Juaristik, Valentin Manterolak, Xebas Larrañagak, neuk eta beste batzuek osatu dugu. Liburuan bertan ere bildu dut urterik urte nork osatu duen epaimahaia.
Nolakoa da lehiaketaren parte hartzea?
Edizio guztietako parte hartzea kontuan hartuz gero, batez besteko parte hartzaile kopurua 24 lagunekoa da. Leku desberdinetatik etorri izan da jendea, Euskal Herriko hainbat txokotatik zein Espainiatik, hala nola Sevillatik eta Elxetik. Azpimarragarria da azkoitiarrek ia urte guztietan parte hartu dutela lehiaketan.
"Jende mordoa joan zen aurkezpenera, eta oso gustura aritu nintzen liburua sinatzen"
Lehiaketak zer eman dio herriari?
Herriari izugarrizko aberastasuna eman dio; altxor bat da. Urtero hogei margolari inguru ikusten dira herriko txokoetan margotzen, eta, guztira, mila koadro inguru margotu dira Azkoitian. Herria gaitzat izateak koadroetan herriaren deskribapena jasotzea dakar, eta hori ikaragarria da. Urte desberdinetako koadroak alderatuz gero, Azkoitiak izandako aldaketak argi islatzen dira artistikoki. Herri askok ezin dute esan beren edertasuna hainbeste urtean artistikoki jaso denik.
Lehiaketa 41. aldiz egin da aurten. Zein da hainbeste urtez mantentzeko giltza?
Herriak erantzun egiten du, eta udalak, horri erantzunez, urtero antolatzen du. Lehiaketak arrakasta izan du aurreneko urtetik, eta urtetik urtera mantentzen da hori. Herritarrak pozik ikusten dira kalean artistei begira, sari banaketa ere jarraitzen dute, eta pozgarria da hori guretzat.
Zein da lehiaketaren historia?
1982an, Kultura sailak aire zabaleko pintura lehiaketa martxan jarri zuen, eta arrakasta medio, urtez urte mantendu da, pandemian izan ezik. Lehiaketak Ignacio de Iriarte margolari ospetsuari egiten dio erreferentzia; XVII. mendean Sevillan [Espainia] ospe handiena lortu zuen azkoitiarrari, hain zuzen.
Nolako etorkizuna ikusten diozu lehiaketari?
Lehiaketa sasoi betean dagoela iruditzen zait. Horren adibide dira aurtengo sari banaketan aretoa goraino bete izana eta urtero parte hartzen duten margolarien kopurua. Hori horrela izanda, argi dut lehiaketak etorkizuna badaukala.