Hitz bitan

Lara Garate: "Kandelen merkatua asko hazten ari da"

Ane Olaizola - Aitziber Arzallus 2024ko urr. 30a, 15:51

Lara Garate. (Utzitakoa)

Ogibidez erizaina da Lara Garate (Azkoitia, 1996), baina badu bere jardun profesionalarekin inolako zerikusirik ez duen zaletasun bat: kandelak egiten ditu, eskuz. Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako Hitz bitan atalerako egindako elkarrizketa da hau.

Noiz hasi zinen kandelak egiten?

Beti izan dut izaera sortzailea, baina bata dela, bestea dela, ez nintzen horretara jarri 2021era arte. Interneten hasi nintzen kandelei buruzko gauzak topatzen, aromaterapiari buruzkoak... Asko interesatzen zitzaizkidan bi esparru horiek, aromaterapia eta argizaria, eta neure kabuz hasi nintzen nola uztartu nitzakeen ikertzen. Pandemia eta gero hasi nintzen etxean probak egiten, bi astez jardun nintzen horretan, eta ondo irteten zitzaizkidala eta bideragarria izan zitekeela ikusita, aurrera egitea erabaki nuen. Neuk sortutako hori jendearen eskura jartzeko marka bat sortu beharko nuela eta, buelta batzuk eman nizkion buruari, gau oso bat egon nintzen gauza nola egin pentsatzen, eta halaxe, Arek izena bururatu zitzaidan.

Zure ibilbide akademikoa eta profesionala beste alde batetik joan diren arren, esan duzu beti izan duzula izaera sortzailea...

Bai, txikitatik gustatu izan zait eskulanak egitea, margotzea, buztin hotzarekin irudiak egitea eta abar. Baina kandelekin hasi aurretik, neuretzako edo etxerako gauzak bakarrik egiten nituen.

Kandelak egiteko-eta jaso al duzu inolako prestakuntzarik?

Ez. Kandelak egiten hastea erabaki nuenean, materialak lortzeko hainbat hornitzailerekin hitz egin nuen, eta horietako batek, hainbat eratako argizariak saltzen zituen batek hain zuzen, dosier bat bidali zidan argizari mota bakoitzaren ezaugarriekin eta horiek lantzeko orduan kontuan izan beharrekoekin: nola fusionatu, nahasketak nola egin, zer tenperaturatan jarri... Hark bidalitako informazioa irakurrita eta nire kabuz ikertutakoarekin lortu nuen kandelak egitea.

Nolakoa da kandelak egiteko prozesua? Den-dena eskuz egiten al duzu?

Alde batetik, esentzia hartzen dut, aroma edo usaina ematen diona; eta bestetik, argizaria, nire kasuan sojazkoa, moldeagarriena delako. Argizaria kazola batean Maria bainuan jartzen dut, urtu dadin, eta esentzia eta tindagaia botatzen dizkiot, usaina eta kolore zurixka hartzeko. Ondoren, nahasketa hori moldeetan jartzen dut, metxa banarekin, eta gero, egun oso bat lagatzen ditut hozten. Bukatzeko, moldeetatik ateratzen ditut eta izan ditzaketen akats txikiak eskuekin leuntzen ditut.

Zure lanak figuratiboak direla esan daiteke, ezta?

Bai, gorputz itxurako kandelak egiten ditut, irudi geometrikoak...

Zergatik gorputz itxurako kandelak?

Egia esan, bisualki erakargarriak iruditzen zaizkidalako.

Enkarguz egiten duzu lan ala stocka duzu?

Hasieran stocka izaten nuen, baina orain enkarguz lan egiten dut.

Zer-nolako eskariak jasotzen dituzu?

Bezerorik gehienek etxean edo dendan jartzeko eskatzen dizkidate kandelak, baina izan dut eskaera bereziagorik ere. Lagun batek bere ezkontza egunean jatetxeko mahaietan jartzeko eskatu zizkidan, eta hori izan da orain arte eduki dudan eskaerarik handiena, bereziena eta ederrena. Oso polita iruditu zitzaidan horrelako egun berezi baterako nire lanarekin akordatzea.

Negozio bideragarria al da kandelena?

Bizitzeko lain ez du ematen, baina zaletasun moduan bideragarria da. Ez dut sekula pentsatu nire lana utzi eta honetaz bizitzen saiatzerik.

Nola ikusten duzu kandelen merkatua? Kandelak modan al daude?

Azken urteetan aromaterapia indar handia hartzen ari da, etxerako usainak, egoera jakin batzuk usain jakin batzuekin lotzea... Zentzu horretan, kandelen merkatua asko hazten ari dela esango nuke, webgune berri pila bat eta marka berri asko sortzen ari dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide