Topikoa da esatea, baina egia: ez gara ohartzen osasunak duen garrantziaz, hura galtzen hasten garenera arte.
Gaztaroak berez daraman indarra apalduta, maiz sasoi hori igarotakoan hasten da bat bere osasunaz benetan kezkatzen; bereaz, eta bere ingurukoenaz. Jakinekoa da gaitzik gabe ez dagoela bizitzarik, baina batzuetan gaitza bera da bizitzaren muga, ez duelako uzten behar bezala bizitzen. Eta horra hor koxka, horra hor beldurra. Gehiago edo gutxiago, modu batera edo bestera, guztiek ikusi edo bizi izan dute hori noizbait, eta ez duenak egin, gaitzerdi.
Esan gabe doa gaixotasun batzuek apar teko dardara eragiten dutela norberaren baitan. Eta hain justu gaitzen batek eta hark dakarren ezinak guztioi inoiz eragingo digutela jakiteak gaiarekiko are sentikorragoa egiten gaituela esatera ausartu naiteke –bere larruan bizitzen ari den norbaitek hala ez badu sentitzen, barka diezadala–. Horren adibide dira duela egun gutxi herrian ikusi ahal izan diren irudiak, Ttipi-Ttapa elkarteak kaleak bete baititu berriz lasterketa solidarioarekin. Aurreko urteetan elkartasuna adierazi zieten minbizia, aniztasun funtzionala eta parkinsona dutenei eta horietan diharduten elkarteei, eta orain esklerosi anizkoitzarekin egin duten bezala, egitasmoak balio dezala minaz, terapiaz, inklusioaz eta zaintzaz ere hitz egiteko.
Ttipi-Ttaparen egitasmoak balio dezala terapiaz, inklusioaz eta zaintzaz hitz egiteko
Hain zuzen, parkinsona duten bi pertsonak, Mailo Agirrek eta Manuel Portillok, eskuzabaltasunez azaldu dituzte beren bizipenak ondorengo orrietan irakur daitekeen erreportajean. Agirre aurrez ere jendaurrean hitz egindakoa da azken hamarkadan bizitzen ari den gaixotasunaren inguruan, Ttipi-Ttapa taldeak duela bi urte gaitz hori gizarteratu zuenean herritar askok haren ahotik izan baitzuten gaixotasunaren berri. Bi urtera ere ez du bi aldiz pentsatu elkarrizketarako eskaerari baiezkoa emateko, besteak beste ondo gogoan duelako lasterketa solidario hark herrian sortu zuen oihartzuna. Gainera, azken urtebetean, bidean argi izpi bat piztu zaio Azkoitiko bizilagunari. Portillok ere zalantza gutxi egin du Gukaren hitzordura azaltzeko, biak ala biak asmo bera baitute buruan: "Gure testigantza norbaitengana iritsiko balitz, inorentzat baliagarria balitz, gustura geundeke". Hala izan bedi.