Sei bertsolarik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerdietara sailkatzea jokatuko dute zapatuan, Baztartxon

Andoni Elduaien 2024ko urr. 23a, 09:07

Erniarraitz elkarteko Etxeberria izango da bertsolarietako bat. (GBE)

17:00etan jokatuko dute Azkoitiko final laurdenetako saioa. Labaka, Azpiroz, Pagola, Akizu, Etxeberria eta Mendizabal arituko dira bertsotan, Alberdi azkoitiarrak emandako gaiekin. Sarrerak salgai daude Interneten, eta agortzen ez badira, Baztartxoko leihatilara aterako dituzte salmentara zapatuan bertan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final laurdenetako lehen asteburua pasatuta, bigarrenarenean murgilduko da datorren zapatuan eta igandean. Hain justu, Azkoitian jokatuko dute fase horretako hirugarren saioa; larunbatean, hilak 26, Baztartxo antzokian jokatuko dute hirugarren final laurdena, 17:00etan. Haritz Alberdi azkoitiarra arituko da gai jartzaile lanetan, eta haren aginduetara ariko dira Ane Labaka, Asier Azpiroz, Eli Pagola, Maialen Akizu, Erniarraitz bertsozale elkarteko Oier Etxeberria azpeitiarra eta Unai Mendizabal.

Sei bertsolari horiek bost ariketa osatu beharko dituzte, guztira: binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso abestu beharko dituzte sei bertsolariek aurrena; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso gero; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso segidan; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso ondoren; eta azkenik, ganbarako bakarkako lanean, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso kantatu beharko ditu bertsolari bakoitzak.

Guztira, 30 bertsolari ari dira jokatzen final laurdenetako fasea: 2019ko Gipuzkoako Txapelketan finalera sailkatu eta aurtengo txapelketan izena eman duten sei bertsolari eta final zortzirenetatik sailkatutako 24 bertsolari. Seina lagunez osatutako bost taldetan banatuta, saio bakarrera lehiatuko dute fase hau. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalerdietara, baita irabazi ez, baina puntu gehien eskuratzen dituzten ondorengo beste hamahiru bertsolari ere.

Sarrerak, salgai

Zapatuko hitzordurako sarrerak Internet bidez honako lotura honetan eros daitezke aurrez, eta egunean bertan, baldin eta txartelak agortzen ez badira, 16:00etan zabalduko dute Baztartxoko leihatila. Sarrera arruntak 14 euro balio du, 6-18 urte arteko gazteen sarrerak 10 euro, eta azkenik,  Bertsozale Elkarteko bazkideen sarrerak, 12 euro. 

Bertsozale elkarteak gogorarazi du sarrerak ez direla zenbakituak, eta erositako sarrerak eskuratzeko arazoak dituztenek bertsosarrerak@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzi beharko dutela. Baztartxo antzokiko ateak 16:30ean zabalduko dituzte larunbatean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide