Musika eta euskara lotu ditu Fermin Muguruzak Maxixatzenek antolatutako solasaldian

Andoni Elduaien 2024ko urr. 17a, 11:23

Irene Elortzak zuzendu zuen solasaldia, eta bi ordu inguruan askotariko gaiak izan zituen hizpide Muguruzak. Besteak beste, datorren urtean egitekoa den bira, zenbait lekutan kontzertuak antolatzeko dituzten zailtasunak eta beste hamaika kontuz hitz egin zuen Irungo musikariak atzo arratsaldean, Elkargunean.

Fermin Muguruza musikariak hitzaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Maxixatzen Euskaldundon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren barruan aritu zen irundarra. Irene Elortzak gidatu zuen saioa, eta haren zenbait galderari erantzunez aritu zen Muguruza, hura ikusteko nahiz entzuteko bildu ziren herritarren aurrean.

Aurkezpena eginez hasi zen Elorza, eta nabarmendu zuen "mugak apurtu dituela" Muguruzak. Musikaria izateaz gain, ekoizlea eta zinemagilea da Muguruza, eta, besteak beste, Al Jazzera komunikabiderako dokumentalak, Black is Beltza animaziozko filma eta Bidasoa dokumentala ondu ditu hark. Orain, 2025. urtean egingo duen nazioarteko bira prestatzen ari da; aurreratu zuen bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango dutela kontzertuek, eta bakoitzean 33 abestia jotzea aurreikusten dutela.

Hain justu, Muguruzak bira antolatu du hainbat aldetatik jaso dituen eta jasotzen ari den "erasoei aurre" egiteko. Kontzertuei buruz dezente hitz egin zuen hark atzo, eta zenbait tokitan kontzertuak eskaintzea konplikatua egiten zaiela azaldu zuen; bereziki nabarmendu zuen, Espainiako hiriburuetan agintean dagoen kolorearen arabera, "zailtasunak" izaten dituztela kontzertuak antolatzeko. Halaber, gaineratu zuen batzuetan antolatuta ere ez dute jakiten azken unera arte kontzertua ematerik izango duten. Dena den, "babestua" sentitzen da irundarra, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo.

Azkoitiarekin "konexio ona" duela ere esan zuen Muguruzak. Batetik, Anari, Bulego zein Amsia musikariekin duen harremana aipatu zuen, eta bestetik, bera gaztea zela autonomoak Azkoiti-Azpeiti inguruan zuten indarra azpimarratu zuen, haiekin "identifikatuta" sentitzen dela adierazteaz gain. Era berean, presente izan zituen irundarrak AEK-ko ikasleak. Haietako batzuk Muguruzaren hitzaldia jarraitzera hurbildu ziren, eta haiek hizkuntza ikasteko erakutsi duten prestutasunak "garrantzia" duela esan zien; euskara ikastea "nahikoa ez", eta ingurukoei irakasteko gonbidapena luzatu zien hark ikasleei. "Pedagogikoki eta estrategikoki oso ona da euskaldun berriek euskararen aldeko hautua egin dutela erakustea. Euskara behin gozatzen hasita pozoi zoragarria da".

Kortatu musika taldearen lehen diskoko pare bat kanta "euskara oso traketsean" ondu zituztela aitortu zuen Muguruzak, esaldietan zuka eta hitanoa nahasten zituztelako. Gainerakoan, bere gordelekuei buruz galdetu zion Elortzak musikariari; etxea, familia eta Irungo Mosku kalea ditu babesleku irundarrak. Jendearekiko estimatzen duen ezaugarriez galdetuta, berriz, leialtasuna aipatu zuen hark. Aldiz, zer akatsek sortzen dion "bihozberatasun handiena" galdetuta, Muguruzak "zehaztugabetasuna" aipatu zuen; gauzak egiterakoan "oso-oso zehatza" dela esan zuen. Beste zenbait bitxikeria ere aipatu zituen, musika eta futbola uztartuta.

Hurrengoa, azkena

Datorren asteko saioarekin amaituko da Maxixatzenek antolatutako 2024. urterko Euskola zikloa. Asteazkenean, hilak 23, Malen Ugartek eta Larraitz Goikoetxeak DBHn eta Batxilergoan soziolinguistika lantzeko 9 moko txiki proiektua aurkeztuko dute, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Bestalde, Guka telebistan ostegunero ikusi ahal izango dira solasaldiak bideoan 22:00etan, eta biharamunetan —ostiraletan— Azkoitia Gukaren eta Gukaren webetan argitaratuko dira.

(Argazkiak: Ane Olaizola)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide