Udane Juaristi artista azkoitiarrak Durangoko Azokaren aurtengo kartela ondu du, diziplina anitzetan aritzen den Balu artistarekin batera. Gaur, asteazkena, aurkeztu ditu Gerediaga elkarteak 59. aldiz egingo duten azokaren leloa eta kartela. Hartzea ematea DA! leloa erabiliko dute aurtengoan, eta lelo horri lotuta, collage erako kartela osatu dute bi artistek elkarlanean. Hala azaldu du Juaristik: "Leloari bueltaka hasi ginen ideia osatzen, eta eskuekin gogoratu ginen. Leloak harreman zuzena du, izan ere, hartu-emanarekin, eta guk biok ere, artistak izanik, eskuekin egiten dugu lana".
Hainbat geruza ikus daitezkeen artelana sortu dute Juaristi eta Baluk, eta pieza horiek kartelean txertatu dituzte. "Gure kartela eskulana izan zedin nahi genuen. Eskuz osatu dugu lan guztia, nahiz eta gero kartelak digitalizatu egiten diren". Hain justu, euskal kulturaren erreferentzia diren irudiak eta azokaren aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte irudia osatzeko. "Eskuz egindako collage eta pintura nahasketa jaso ditugu mihisean".
Bihotzez egina
Bi artistek Juaristiren garajean osatu dute lana. Hala azaldu dio Juaristik Gukari: "[Pintura] Akrilikoekin osatu nituen eskuak, eta euskarritzat kalean jasotako posterrak hartu genituen. Izan ere, Baluk kalean bildutako kartelak erabiltzen ditu mihise gisa". Hori izan zen abiapuntua, eta gero etorri zen beste guztia: "Collagea osatzeko euskal kulturaren parte diren taldeen kartelak-eta hartu genituen, liburu azalak ere bai, baita aurreko urteetako azokako kartelak ere. Horrez gain, hitz batzuk ere jaso ditugu kartelean, hala nola ikusi, entzun, dantzatu, antzeztu... Azokak hori dena hartzen du bere barnean".
Juaristik esan duenez, gainera, konposizioaren parte da aurtengo leloa. "Baluk hainbat horma irudi egin izan ditu han eta hemen, hizki mota jakin bat erabiltzen du, eta hain zuzen, hizki horiexekin eraman dugu aurtengo leloa kartelera". Gainera, lanak bihotz forma zuela ohartu ziren bi artistak hura amaitzean. "Bihotzak oso egiten du bat leloarekin, bihotzak odola gorputz osora eramaten duelako. Gainera, artea bihotzetik sentitzen eta egiten dugunez, era poetikoari begiratuta, asko gustatu zitzaigun emaitza".
Ez da izan bi artistak elkarlanean aritu diren lehen aldia; izan ere, aurrez pare bat lan eginak ziren elkarrekin. "Kalea dugu oinarri biok, eta ondorioz, oso ondo ulertzen dugu elkar, bai estetikoki, bai pentsatzeko eta egiteko eran". Juaristik zehaztu duenez, "oso interesgarria" izan da esperientzia. "Gogoan dudanaren arabera, horrelako lan bat beste artista batekin egiten nuen aurreneko aldia izan da, eta oso polita izan da. Izan ere, gauza batzuk zuk egite dituzu, beste batzuk besteak, eta elkarlan hori ederra da. Eta elkarlana bat zetorren leloarekin ere".
Kartela eginda, pozarren
Durangoko Azokan parte hartzea, eta bereziki kartela egitea, "izugarria" dela esan du Juaristik. "Aurkezpenean emozio pila bat bizi izan ditut. Gainera, jendeari pila bat gustatu zaio lana, eta hori ikaragarria da".
Abenduaren 5ean, ostegunez, irekiko dute Durangoko Azoka, eta lau egunez zabalduko dituzte Landako guneko ateak; abenduaren 8an, igandez, itxiko dute azoka. Ohi bezala, azokako bisitariek idazleen, musika taldeen eta bestelako euskal sortzaileen lan berriak eta zaharrak aurkituko dituzte han. Gainera, Juaristik eta Baluk kartelaren posterrak kaleratu eta salduko dituzte azokan bertan –edizio mugatua izango da–. Abenduaren 5ean izango dira bi artistak azokan, hala nahi duten herritarrei beren lanak sinatzen.