Arraunlariok opor sasoia duzue orain. Nola daramazu arraunetik aldenduta zaudeten une hau?
Sasoi honetan ohikoa den moduan, arraunetik pixka bat deskonektatuta nago, oporrak ditugu-eta tartean. Momentuz, bizimodu lasaiagoa dut, eta bizitako estresak ahaztu nahian ari naiz. Orain, gauzak hausnartzen eta bizimoduaz gozatzen ari naiz, nahiz eta arrauna beti dagoen hor.
Liga, Kontxa… irabaz zitekeen guztia irabazi duzue. Zer balorazio egiten duzu?
Kirol arloan ezin daiteke hobetu inondik inora aurtengoa; irabaz zitekeen guztia irabazi dugu. Hamarreko puntuazioa ezin delako gainditu, bestela handiagoa emango nioke gure aurtengo urteari. Oso-oso gustura gaude, urte historikoa izan da aurtengoa, talde historiko batek egina.
Barrualdeko herrietako kirolari gutxi izango da zuk adina bandera irabazita. Ezagutzen al duzu inor?
Gure artean ez dago barrualdeko arraunlari asko. Dena den, arraunlarien artean ez dugu bereizketarik egiten, ez dugu desberdintzen kirolaria barrualdekoa, kostaldekoa, gipuzkoarra ala bizkaitarra den. Asko irabazitakoa naiz, bai, baina kirolariak berekoikeria puntuari eusten dio beti. Guk datorrenari begiratzen diogu, lehen lortutakoa ahaztuta gelditzen baita. Aurten ere gosez jardun dugu, irabazteko asmoz, eta lortu dugu. Zoriontasun horrekin gaude orain.
Lortutakoa atzean gelditzen dela diozu, baina uste al duzu zure ibilbidea oparoagoa izan zitekeela?
Ezetz esango nuke. Arraun mundu honetan irabaz nezakeen guztia irabazi dut, eta behin baino gehiagotan. Alde horretatik, ez dut arantzarik.
Kostan irabazitako banderak ospatu ohi dira. Aldiz, barrualdeko herrietan aitortza gutxi jaso ohi duzue. Nola bizi duzu kontraste hori?
Bermeon [Bizkaia] banderak irabazteagatik-eta ez da harrera ekitaldirik egiten. Ohitura hori Gipuzkoako herrietan dago, baina Bermeon ez. Nahiz eta bermeotarra ez izan, hango klubean arraun eginda, ez dut aitortza faltarik sumatzen.
Eta Azkoitian, ba al dago arraunerako zaletasunik?
Kalean beti hurbiltzen da norbait interesatuta dagoena, eta esango nuke badagoela jende apur bat arrauna jarraitzen duena. Animoak ematera ere gerturatzen dira batzuk, eta hori ere eskertzekoa da. Halaber, iruditzen zait telebistatik ere askok jarraitzen dutela.
"Orain gauzak hausnartzen eta bizimoduaz gozatzen ari naiz"
Bermeo Urdaibain egin duzu ibilbide loriatsuena. Zer duzu klubaz esateko?
Esker oneko hitzak besterik ez ditut. Gainera, oso-oso harro eta gustura nago Bermeoko arraunlaria izateagatik. Hasiera-hasieratik bertakoa banintz bezala hartu naute, eta maitatua sentitu izan naiz beti. Herri berezia da Bermeo, baita kluba ere.
Zu hasi zinenetik igaro dira urte batzuk. Ordutik gaur arte asko aldatu al da arrauna?
Arraunak betiko kirol tradizionala izaten jarraitzen du. Materialak-eta zerbait hobetu dira, baina azken batean, bai kirolak, bai estropadek berdina izaten jarraitzen dute. Prestakuntzan ere gauzak asko hobetu dira, baina arraunaren esentziak berbera izaten jarraitzen du.
"Gaur-gaurkoz galdera ikur handi bat dago Bermeoko klubaren gainean"
Eta zeure baitan nabaritzen al duzu aldaketarik?
Urte asko dira zahartu nintzenetik edo horren gaztea ez naizenetik. Gaztetan nuen garraren falta sumatzen dut, baina, puntu positibo bezala, orain jabetzen naiz beteranotasunean edo esperientzian irabazi egin dudala. Fisikoki ondo sentitzen naiz, betiko zenbakietan jarraitzen dut eta. Falta zaidana irabazi dudanarekin konpentsatzea lortu dut, eta aurrera darrait.
Zer eman dizu zuri arraunak?
Batetik, bizipen oso gogorrak eta zoriontasuna eman dizkit, eta bestetik, atsekabe itzelak ere bizi izan ditut. Planteatu izan dut egindako esfortzuagatik merezi ote duen bueltan datorrena jasotzea, baina erantzuna aurkitu dut, eta zalantzarik gabe, baiezkoa da. Inbertitutako esfortzu, ordu, hotz, bero eta min guztiek merezi izan dute, zalantzarik gabe.
Eta zer etorkizun ikusten diozu kirolari? Ba al du gerorik arraunak?
Bai, inongo dudarik gabe. Ikusi beharko da gazteek hartzen duten konpromisoa nolakoa den. Gaur egun, gazteak arraunera erakartzeko zailtasun handiak daude, eta horren gainean egongo da galdera honen erantzuna; bidean gelditzen diren gazteak nola erakarri arraunera, alegia. Ikusten da taldeak gero eta zaharragoak direla, eta gazterik ez datorrela bidean. Gazte mailan, jende pila bat aritzen da arraunean, baina senior mailara jauzia ematerakoan hutsune handia dago. Hor dago landu beharreko bideetako bat.
Pilotatik arraunera igaro zinen, bizitza osorako kirol bat eta bakarrik ez dagoela erakutsiz. Zer esango zenieke noraezean-edo dabiltzanei?
Gustukoa dutena probatzeko esango nieke, eta gero, esfortzua egiteko. Lan eginda eta ahaleginduta, beti etorri ohi da saria.
"Handia da buruan dudan karga, eta geratzeko une egokia izan daiteke"
Hasi dira mugimenduak arraunean. Non izango zara datorren denboraldian?
Urte osoan, bereziki azkenaldian, buruan dudan galdera edo dilema da hori. Iker Zabala Bermeo Urdaibaiko entrenatzaileak hiru urteren ondoren utzi du taldea, eta Jon Salsamendik hartuko du haren lekua. Garbi dago beste etapa bat hasiko dela Bermeon. Zuzendaritza talde lehiakorra osatzeko saiakeran ari da, baina gaur-gaurkoz galdera ikur handi bat dago Bermeoren gainean. Niri dagokidanean, une honetan zalantza handiak ditut, eta ezezkoan nago. Ikusi beharko da, hitz egin eta pentsatu. Handia da buruan dudan karga, eta geratzeko une egokia izan daitekeela uste dut. Denborarekin aztertu eta erabakiko dut.
Ezezkoan zaudela diozu. Horrek zer esan nahi du, arrauna utziko duzula edo beste talderen batera joko duzula?
Nire buruaren baitan dabilen galdera ez da taldez aldatzearena. Egiten dudan galdera potoloena zera da: arraunean jarraitu, bai ala ez? Hori da ondo hausnartu eta erabaki beharreko kontua.