Herria martxan, zaurgarrienak laguntzeko

Intza Trula (Gipuzkoako Hitza) 2024ko ira. 27a, 13:20

Azkoitiko Ttipi-Ttapa atletismo taldeak V. Lasterketa Solidario Inklusiboa antolatu du biharko. Aurten, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde egingo dute, eta izen emateetatik lortutako dirua elkarte horrentzat izango da. Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua.

Azkoitiko herritarrek bat egingo dute bihar, Azkoitiko Ttipi-Ttapa atletismo taldeak bi urtetik behin antolatzen duen Lasterketa Solidario Inklusiboaren aitzakian. Bosgarren aldia izango da aurtengoa, eta izen emateekin lortutako dirua Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearentzat izango da. Bi lasterketa antolatu dituzte: haurrena eta helduena.

Joxe Antonio Zulaika Ttipi-Ttapako kideak kontatu du egitasmoak «ohiko entrenamendu saio batean» duela jatorria: "Elkarren artean zerikusirik ez genuen jendea elkartzen hasi ginen korrika egiteko, eta hainbat saioren ostean, mordoxka bat ginela ikusita, aprobetxatu egin behar genuela pentsatu genuen. Eta zer hoberik lasterketa solidario bat antolatzea baino?".

Ordutik, bi urtetik behin, ehunka lagunek egiten dute korrika Azkoitian, elkartasun ekintza gisa. Halere, Aintzane Zubeldia atletismo taldeko kideak garbi utzi du ez dela lehiatzera joateko lasterketa bat. "Ez dago irabazlerik, ezta saririk ere, hori ez baita helburua". Hain zuzen ere, kirola aitzakiatzat hartuta, elkarteei laguntzea da xedea.

Lasterketaren izenak dioen moduan, "solidarioa" eta "inklusiboa" da martxa. "Ahalik eta jende gehiena mobilizatu nahi dugu", esan du Zulaikak. Gaineratu du parte hartzea dela helburua. "Batzuek gurpil aulkian egiten dute bidea, beste batzuk oinez joaten dira, eta besteek makuluekin egiten dute. Ez dago presarik helmugara heltzeko; kontua parte hartzea da".

"Batzuek gurpil aulkian egiten dute bidea, beste batzuk oinez joaten dira, eta besteek makuluekin egiten dute. Ez dago presarik helmugara heltzeko; kontua parte hartzea da"

Joxe Antonio Zulaika / Ttipi-Ttapa

Ttipi-Ttapak orain bederatzi urte abiatu zuen egitasmoa, eta Zubeldiak esan du aldi guztiak «erabat arrakastatsuak» izan direla. "Herriaren harrera oso-oso zabala da lasterketa bakoitzean, eta lan pixka bat eginda diru mordoa lortzen dugu". Nolanahi ere, gaineratu du egitasmoaren helburua ez dela "jendearen poltsikoa ukitzea", baizik eta "bihotzak ukitzea": "Bihotza ukituz gero, herria mugitu egiten da".

Egun osorako egitaraua prestatu du atletismo taldeak biharko. 10:00etan zabalduko dute dortsalak jasotzeko postua, Kontzejupean, eta jarraian, haurrentzako jolasak prestatu ditu Marea Urdina autismoa dutenen aldeko sentsibilizazio elkarteak. Trikitilarien kalejira eta DJ saioa ere izango dira segidan. Haurren lasterketa 17:00etan hasiko da, eta helduena, 18:00etan.

Mila aurpegi

Esklerosi anizkoitza nerbio sistema zentralari eragiten dion gaixotasun desmielinizatzailea da, eta mila aurpegiko gaixotasuna ere deitzen diote. Pertsona bakoitzari modu desberdin batean eragiten dio, eta, beraz, adituek diote ez daudela bi kasu berdin. Esklerosi anizkoitza duten gaixoek askotariko arazoak izan ditzakete, hala nola oreka eta hitz egiteko arazoak, ahulezia, paralisia, zorabioa, nekea eta inurridura.

Izaskun Larrañagari ikusmenean eragin zion esklerosi anizkoitzak. Kontatu du egun batetik bestera utzi ziola begi batetik ikusmen koadro osoa ikusteari, eta erdia ikusten hasi zela. Parez pare zuenaren beheko aldea soilik ikusten zuen: goiko aldea ez zuen ikusten. Egin zioten lehenengo erresonantzian ez zen lesiorik agertu, eta, neuritis optiko bat izango zelakoan, alde egin zuen kontsultatik.

Hilabete batzuk geroago, Larrañagari beste begian eraso zion gaixotasunak, eta erresonantzia berriak baieztatu zuen esklerosi anizkoitza zuela. "Berria eman zidatenean, gurpil aulkian imajinatu nuen neure burua", esan du. Gaixotasunak hainbat ondorio eragin dizkion arren, berreskuratu du bi begietako ikusmena.

"Zure gaixotasun bera duten pertsonak ezagutzea eta bakarrik ez zaudela ikustea oso onuragarria da"

Aintzane Zubeldia / Ttipi-Ttapa

Ademgik esklerosi anizkoitza duten pertsonen eta beren senideen bizi kalitatea hobetzeko egiten du lan. Entitate pribatu nahiz publikoen diru laguntzetatik bizi da elkartea, eta Larrañagak dio horrexegatik dela garrantzitsua Azkoitikoa bezalako ekimenetan parte hartzea. Halere, Zubeldiaren hitzetan, bada dirua lortzea bezain garrantzitsua den zerbait: gaixotasuna gizarteratzea. "Zure gaixotasun bera duten pertsonak ezagutzea eta bakarrik ez zaudela ikustea oso onuragarria da".

Orain bi urteko aldian, Parkinsonen gaitzaren ikerketaren alde egin zuten lasterka bederatziehun bat helduk eta haurrek. Aurten ere jende ugari biltzea espero dute, eta herritar oro animatu dute egitasmoan parte hartzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide