Giza papilomaren birusa detektatzea helburu duen programa batekin Kongon izan zara. Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?
Luis Chiva irakaslearen bitartez. Nafarroako Unibertsitatea Klinikaren Madrilgo egoitzan egiten du lan Chivak, eta bigarren ikasturtean nintzela, Iruñeko unibertsitatera etorri zen Elikia izeneko programari buruzko hitzaldia ematera. Orduan izan nuen programaren berri, eta hurrengo urtean, hirugarren ikasturtean, Madrilgo unibertsitatera joan nintzenean, Chiva ezagutzeko aukera izan nuen. Gerora ere harremanetan jarraitu nuen, eta aurten lortu dut programan parte hartzea, gure gelako kideekin osatu baitu hark taldea. Frantsesa jakitea eskatzen zuen, nik menderatzen ez dudan hizkuntza, eta hasieran ezetz esan bazidan ere, azkenean baiezkoa eman zidan.
Gobernuz kanpoko erakunde (GKE) baten eskutik izan zara han.
Amigos de Monkole GKEak hainbat proiektu ditu martxan Kongoko Kinshasa hiriburuko Monkole ospitalean; horietako bat da Elikia proiektua. Hain justu, GKE horretako kidea eta Elikia proiektuaren arduraduna da Chiva. Hango hizkuntzan, lingaleraz, itxaropena esan nahi du elikia hitzak.
Zein izan da zuen egitekoa?
Begiz esploratzen genituen aurrena emakumeak, eta gero, bi tintura erabilita ikusten genuen umetoki-lepoak lesiorik zuen ala ez. Pazienteek beraiek egiten zuten proba, eta gero, PCR bidez aztertzen genuen guk haien proba. Arratsaldeetan, berriz, positibo emandakoak tratatzen genituen termo-ablazio tratamendua aplikatuta.
Eta zer emaitza batu dituzue?
Uztailean, hamabost egunez, 530 paziente baino gehiagoren artean egin genuen giza papilomaren birusa detektatzeko baheketa. Kokolo militarren kanpalekuko emazteekin aritu ginen lanean, eta paziente horiek guztietatik %21-24 inguruk eman zuen positibo, eta guztiak tratatu genituen. Ez genuen pazienteak tratatzeko asmorik hasieran, baina dohaintza bat tarteko, horretarako aukera sortu zitzaigun eta gauzatu egin genuen. Alderaketa bat egitearren, Euskal Herrian %11k ematen dute positibo. Gainera, minbizi kasu asko ikusi genituen. Jendea ez da medikuarenera joaten han, eta joaten direnerako, sarritan, minbizia garatuta izan ohi dute.
"Oso jende gaztearen artean ikusi genituen gaixotasun kasuak"
Umetoki-lepoko minbiziaren prebentzioa da Elikia programaren xedeetako bat. Zein da hango egoera?
Ikusi genuen pazienteek gaixotasun bat baino gehiago zituztela. Hiesa atzemateko programa bat ere tartekatu genuen, eta ikusi genuen hiesa zuten emakumeek giza papilomaren birusa ez gainditzeko eta minbizia izateko arrisku handiagoa zutela. Halaber, giza papilomaren birusa zuten askok hiesa ere bazuten, eta kasu batzuetan, gonorrean ere positibo eman zuten. Oso jende gaztearen artean ikusi genituen gaixotasun kasuak, gainera.
Kongo du jo puntuan programak. Zergatik ez beste herrialde bat?
Batetik, Chiva medikua partaide den GKEa Kinshasako Monkole ospitalean dago finkatuta, eta bestetik, Kongok du Afrikan giza papilomaren birusaren prebalentzia handiena. Kinshasako auzo batean dago Monkole ospitalea, baina hari lotuta osasun zentro gehiago daude hirian. Gu horietako zentro batean egon ginen. Proiektuaren helburua da programa zentro guztietan finkatzea.
Programak finkatzeke jarraitzen du, beraz?
Orain arte proiektuak ez du arduradunik izan Kinshasan, baina udan gurekin batera lanean aritu zen mediku batek lehen aldiz hartu du proiektuaren ardura; dohaintza bati esker iritsi da horretarako aukera.
Arduradun finko bat izateak proiektua finkatzeko aukera emango duela uste al duzu?
Hori da helburua, azkenean. Jendeak proba egin dezan kontzientzia sortu nahi izan dugu guk han egindako egonaldian, eta ahalik eta kasu gehien detektatu eta tratatu. Hango medikuei gure lana erakustea eta haiek kontzientziatzea ere izan da gure beste eginbehar bat, haiek baheketa plana urte osora zabal dezaten. Gu egon ginen zentroan proiektua finkatzea bermatu da, eta, dirudienez, oso ondo ari da erantzuten.
Kongoko gizartea kontziente al da birusak zer eragin izan dezakeen?
Guk badakigu giza papilomaren birusak lesioak eragiten dituela edota minbizia sor dezakeela, eta badakigu halako kasuetan ginekologo batengana jo behar dugula. Ordea, han ez dute heziketa hori jaso. Ez dute prebentziorako pentsamendurik, eta gaixorik daudenean jotzen dute soilik medikuarenera; izan ere, zaila da medikuarena joateko dirua gastatu behar dutela ulertaraztea. "Ondo egonda, zertarako joan behar dut?", esaten ziguten.
"Kongokoa moduko esperientzia batek lehentasun guztiak iraultzen ditu"
Kongon bizitako esperientziak balio izan al dizu bestelako ikasgai bat jasotzeko?
Kongokoa moduko esperientzia batek lehentasun guztiak iraultzen ditu. Orain ohartzen naiz sekulako pribilegioa dugula hemen, zortekoak garela dugun osasun sistemarekin. Larrialdietara joan eta mediku batek pazientea doan ikustea pribilegioa iruditzen zait. Era berean, balio izan dit ikusteko halako herrialdeetara ezin dela salbatzaile moduan joan. Ez da horrela, ez baituzu ezer aldatuko. Garbi eduki behar da pazienteari laguntzea besterik ez duzula lortuko.
Eta berriro itzultzeko asmorik ba al duzu?
Gogorra eta intentsitate handikoa izan da lana. Bizimodu gogorra dute han, eta gauza gogorrak ikusi ditut. Frustrazioa sortzen du elkar ez ulertzeak, baina, halere, bueltatuko nintzateke, ez dut zalantzarik.
Medikuntza ibilbidera begira izango al du eraginik Kongoko egonaldiak?
Ginekologoa izan nahi dut, garbi nuen hori Kongora joan aurretik ere. Dena den, banuen hara joan eta nire nahia aldatuko zen beldurra; izan ere, pentsatu nuen bidaian lanbide horretaz guztiz maitemindu edo egundoko nazka hartuko niola. Halere, asko gustatu zait lana, are eta gehiago, eta ideiak garbi uzteko balio izan dit. Nituen zalantza guztiak uxatu zaizkit.