Klik!

Mudejar artea herrian barna

Maialen Etxaniz 2024ko urr. 8a, 09:00

Floreaga jauregia. (Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Arte mudejarraren zantzuak dituzten hainbat eraikin daude Urola Erdian, tartean, Azkoitian. Turista askoren intereseko izan da arte horri eskainitako udako bisita gidatua, Vicente Davilak eskainitakoa. Aurten ez dute eskaini, baina ezkutukoak bezain bistakoak diren altxorrak argazkietan bildu ditu Gukak. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako Klik! argazki erreportajea da hau.

Urola Erdiko ondarea

Vicente Davila Artearen Historian lizentziatua eta kultur arloko turismo gidaria da. Aurten, Urola Turismok ez du arte mudejarrari eskainitako bisita programatu, baina Davilak Urola Erdiko mudejar artearen zertzeladak aletu ditu. Azaldu duenez, Euskal Herrian ez zen ohikoa mudejar estiloa, eta hainbat ikertzaileren jakin-mina piztu zuen Urola Erdiko ondareak. Azkoitian eta Azpeitian hainbat dira arte mudejarrari lotutako eraikinak, eta horiek dira, nagusiki, Floreaga etxea, Idiakez Ederra, Illarra baserria, Loiolako dorrea, eta Azpeitiko Antxieta eta Altuna etxeak. 

Zer da arte mudejarra?

Arte mudejarra Iberiar penintsulako erresuma kristauetan garatu zen arte estiloa da, eta musulmanek erabiltzen zituzten elementuak edo materialak ditu oinarri. XII. eta XVII. mendeen artean garatu zen, nahiz eta Euskal Herrira berandu iritsi zen. Arkitekturan aditu zirenak ohartu ziren joeraz: eraikin batzuk kristauentzat eraiki ziren, arkitektura musulmaneko teknikak erabiliz. Hastapenetan, musulmanek egiten zituzten eraikin edo dekorazio horiek kristau erabilerarako. Urola Erdian Joakin Irizar azkoitiarra izan zen arte mudejarraz gehien ikertu eta hausnartu zuena. Gainera, hark bere eraikuntzetara eraman zituen joera mudejarrak, neomudejarra eskualdean zabalduz. Dena den, eskualdeko eraikinetan mudejar estiloko eraikuntza edo arkitektura egitura baino, apaingarriak dira nagusitzen direnak.

Elementu bereizgarriak

Honako hauek dira arte mudejarraren elementu apaingarri batzuk: begiratokiak, arku galeriak edo arketeak, erronbo bandak, rafeak –adreiluzko geruzen teilatu-hegalak–, izkinetako frisoak, alfizak edo harpada ilarak. Horiek guztiak ikus daitezke, besteak beste, eskualdeko eraikin historikoetan.

Harria eta adreilua

Floreaga jauregia gotiko mudejar estilokoa da, harlanduzkoa eta adreiluzkoa, eta 1514 inguruan eraiki zuten Pedro Zuazolaren aginduz, Karlos V.a enperadorearen idazkari eta diruzain nagusia zena. Hainbat arkitektok esku hartu zuten proiektuan. Davilaren arabera, harrizko zatia Pedro Etxabururen lana da, eta adreiluzkoa Pedro de Malpaso eta Juan de Torollo arkitektoena. Bertan ikus daitezke alfizak, rafeak eta erronbo bandak, besteak beste.

Idiakez Ederra

Mudejar estiloko eraikuntzetan oinarrizko materiala zen adreilua. Hori dela eta, estilo horretako bereizgarrietako bat dira adreiluz egindako leiho edo arku galeriak. Idiakez Ederra XVII. mendeko eraikinean ikus daiteke joera mudejarraren aztarna. Arte galeriak zein frisoak ikus daitezke bertan, eta hain zuzen, goiko partean 26 arkuko galeriak hartzen du protagonismo guztia. "Ederra" hitza darama eraikinak, eta Davilaren iritziz, bitxia da hori, garaiko biztanleek estiloaren argitasuna eta edertasuna begi onez ikusten zutenaren ondorio; izan ere, aurrez joera gotikoagoak ziren nagusitzen zirenak, pareko Idiakez dorrea, Etxe Beltz deiturikoa, adibide.

Illarrako arkuak

Idiakez Ederra eraikinean ez ezik, arku galeriak ikus daitezke Illarra etxean ere. Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen baserria da Illarra, Munategiko kaperaren ondokoa, hain zuzen. Davilak azaldu duenez, eraikineko garai bateko jabeek gorteekin zuten harremana. Gaur egungo etxaurrean arte mudejarraz ikus daitekeen arrasto bakar bezain bereizgarria eraikinaren goiko zatian kokatzen diren arku galeriak dira, adreiluz egindakoak.

Loiolako dorrea

Urola Erdiko arte mudejarraren ibilbidean gune esanguratsua da Loiolako dorretxea. Erdi Aroko eraikina da, eta historialarien arabera hainbat erauste, berreraikitze eta moldaketa izan ditu. Hori dela eta, eraikinaren beheko aldea, harrizkoa, gotiko estilokoa da, eta goikoa, mudejar erakoa. Zenbait ikerlarik pentsatu izan dute eskualdeko arte mudejarrean aitzindari izan zela eraikin hori, baina ez dago horren zantzu argirik.

Eraikin zibilak

Urola Erdian mudejar kutsua duten eraikin guztiak zibilak dira. Aldiz, horietan ikus daitezkeen apaingarriak Espainiako beste hainbat lekutan eraikin erlijiosoetan edo elizetan ikus daitezkeenak dira. Davilaren iritziz, horrek badu bere arrazoia: "Iberiar penintsulako gehienak ez bezala, gure eskualdekoak enkarguz eskatutako lanak izango zirela ondoriozta daiteke; izan ere, familia nobleen etxeak edo jauregiak dira eraikinok, eta Gaztelako eta Aragoiko gorteei lotutakoak, nolabait. Espainian zehar musulmanek egindako eraikin kristauetan ikusitako edertasuna haien etxeetara eramateko asmoz egingo zituzten eskaerak, konplexurik gabe".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide