Mario Merino (Medeiros, Galizia, 1985) 7 urterekin etorri zen Medeirosetik Azkoitira bizitzera. Betidanik gustatu izan zaizkio figurak, eta horien bildumak egiteko ohitura du. Duela hamar urte figura horiek gordetzeko diorama bat erostea bururatu zitzaion, baina "garestia" zela eta, bera hasi zen horiek hutsetik egiten. Orduz geroztik, dozenaka lan egin ditu, baita herriko hainbat saltokitako dioramak ere.
Nola definituko zenuke diorama bat?
Diorama bat maketa baten antzekoa da. Esate baterako, etxe bat edota film zein bideo joko baten eszena bat miniaturan egiteari deritzogu diorama.
Nondik datorkizu halako dioramak egiteko zaletasuna?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait marraztea eta eskulanak egitea. Halaber, friki samarra ere banaiz, eta figura ezberdinen bildumak egiteko ohitura dut. Duela hamar bat urte, Facebook sare sozialeko talde batzuetara batu nintzen, eta horietan ikusi nuen nola batzuek niri gustatzen zaizkidanak bezalako figurak diorametan kokatuta izaten dituzten. Hasieran diorama bat erostea pentsatu nuen, eta horiek egiten dituen pertsona batekin harremanetan jarri nintzen. Ez nuen erosi, garestia iruditu zitzaidalako, baina dioramaren egileak argi esan zidan: "Garestia iruditzen al zaizu? Egin ezazu diorama bat zeuk, ea duen lana ikusita azken prezioa zer iruditzen zaizun". Eta halaxe hasi nintzen neure kabuz dioramak egiten, bideo tutorialak jarraituz. Denbora bat igarota, dioramak egiten dituen eta horietako baten prezioagatik galdegin nion pertsonarekin harremanetan jarri nintzen berriro, prezioaren zenbatekoa ulertzen nuela esateko. Izan ere, diorama bat egiteak lan eta pazientzia handia eskatzen ditu.
Pazientzia esango zenuke dela dioramak egiteko beharrezkoena?
Hain txikiak izanda, xehetasun guztiak egitea ez da beti erraza izaten, eta askotan gertatzen zait berriro hutsetik hasi behar izatea. Dioramaren zati batzuk material ezberdinekin egiten ditut, probatuz eta ondoen nola geratzen diren ikusiz. Froga horiek egiten ere denbora joaten da. Probatzen-probatzen egiten ditut xehetasunak, baina pazientzia handia eskatzen du horrek, zerbait gaizki ateraz gero, okertuz gero edo apurtuz gero, hutsetik hasi behar izaten delako. Kontuan izan behar da, gainera, guztia eskuz egiten dudala, 3D inprimagailurik eta halakorik gabe.
Zein material erabiltzen dituzu horiek osatzeko?
Gehienbat, poliuretanozko plakak. Baina gaiaren arabera, askotariko materialak gehitzen dizkiot: egurra, kartoia, alanbreak… Asko birziklatutako materiala izaten da, eta buruari buelta bat baino gehiago eman behar izaten dizkiot poliuretanoa ez denean zer nolako materiala erabili behar dudan aukeratzeko. Normalean, baina, poliuretanoa izaten da material nagusia, eta ondorioz, oso gutxi pisatzen dute nire dioramek.
Zuk erabakitzen al duzu nolako diorama egin, ala enkarguz egiten duzu lan?
Batzuk enkarguz egiten ditut; Facebook eta halako sare sozialetatik jarri ohi dira nirekin harremanetan. Halakoetan beraiek esaten didate zein gairi lotutako diorama nahi duten, figurak jartzeko ote den…
Duela gutxi, Elgoibarko (Gipuzkoa) makina erremintako enpresa bat jarri zen nirekin harremanetan, eta makina bat miniaturan egiterik ba ote nuen galdetu zidan. Enpresara bertara joan nintzen, argazkiak atera nizkion makinari, neurtu egin nuen, eta horren diorama osatu nuen.
Beste batzuk, berriz, lagunei egindako opariak dira. Azkoitiko Del Soleko elektrikaria laguna dut, detaile batzuk izan zituen nirekin eta bere enpresaren diorama oparitu diot. Ainhoa ile apaindegiarekin gauza bera egin dut, bertako jabeak eskulanak atsegin dituela jakin nuen, eta semea eta biok bertako bezero izanik, lekuaren diorama egin eta opari moduan eman diot. Ile apaindegiko erakusleihoan ikus daiteke egindako lana.
Hala ere, gehien-gehienak enkarguz egiten ditut. Dragoi Bola, Zodiakoko Zaldunak (Saint Seiya japoniarrez) eta halako marrazki bizidunetan girotutako diorama asko egin ditut. Dioramaren barruan zein eta zenbat figura sartu nahi dituzten esan ohi didate, tamaina ere adierazi ohi didate, eta eszena horren diorama egiten dut, enkargua egin didanak esaten didanaren araberakoa.
"Poliuretanoa izaten da material nagusia; ondorioz, oso gutxi pisatzen dute dioramek"
Herriko hainbat saltokiren dioramak egin dituzula aipatu duzu. Ohikoa al da zure lanean halakoak egitea?
Momentuz, hiru dauzkat eginda Azkoitian: Del Sol elektrikariak, Arima fisioterapeuta eta Ainhoa ile apaindegia. Hiru horiek dira saltokiei lotuta egin ditudanak. Etxe partikularren hainbat diorama ere egin izan ditut, esaterako, etxea saldu duen norbaitek etxe hori nolakoa den oroitu nahi duela eta. Halako maketa txikiak egin izan ditut, pena ematen dietela eta oroigarri moduan.
Zenbat denbora behar izaten duzu halako bat egiteko? Dioramaren arabera asko aldatzen al da?
Diorama txikia eta sinplea –adibidez, egin berri dudan Azkoitiko Arima fisioterapia zentroaren diorama–, pare bat astean egiten dut. Kasu horretan, erakusleihoa, atea eta leihoak soilik egin behar izan ditut eta erraz egin dut. Ainhoa ile apaindegiarenak, esaterako, lan gehiago eman zidan. Kanpotik egin nuen dioramak Arimakoak baino xehetasun gehiago zituen, eta hiru aste behar izan nituen amaitzeko. Ile apaindegia barrutik egiteko, berriz, bizpahiru hilabete behar izan nituen, xehetasun askokoa zelako.
Normalean, kontuan hartu beharreko puntu eta xehetasun asko dituzten dioramak egiten bizpahiru hilabete behar izaten ditut. Kontuan izan behar da aita ere banaizela, seme-alabekin ere egon behar izaten dudala, eta etxeko lanak ere egin behar izaten ditudala; beraz, nire denbora librean egiten ditut dioramak eta horregatik luzatzen zait.
Egin duzun lanen artean ba al dago bereziki gustatu zaizunik?
Bereziki bat, bilduma propiorako egina dena. Atsegin dudan bideo joko baten diorama da, The last of us izenekoa. Jokoko figura bat erosi nuen aurrena, eta maketa edo diorama hori oso gustura egin nuen gero. Nire ustez, nahiko ongi geratu zen, xehetasunak ongi adierazita. Gustura nago egindako lanarekin.
Bilduma propio horretan diorama asko al dituzu?
Etxean badauzkat batzuk, baina egin nahi ditudan beste asko oraindik hasi gabe dauzkat, denbora falta zaidalako. Zortez, lagun bat daukat diorama asko enkarguz eskatzen ari zaidana, oso diorama handiak gainera, eta horietako bakoitza egiten hiru bat hilabete igarotzen ditut; segidan beste batekin hasten naiz, eta beste hiru hilabete… Baina niretzat diren dioramak egiteko denbora falta zait.
Baduzu txoko prestaturen bat halako lanak egiteko?
Hasiera batean dioramak etxean egiten hasi nintzen, baina hainbeste material eta diorama inguruan, lekurik gabe geratu nintzen. Gurasoek nire lehengo logela libre zeukaten, haiei galdetu nien ea dioramak egiteko txokoa han jar nezakeen, baiezkoa eman zidaten, eta hantxe hasi nintzen nire lanak egiten. Esan daiteke, beraz, nire haurtzaroko logelan daukadala nire tailertxoa.
"Xehetasun asko dituzten dioramak egiteko bizpahiru hilabete behar izaten ditut"
Ezagutzen al duzu dioramak egiten dituen beste norbait?
Hemendik kanpo, bai. Katalunian, Valentzian edota Andaluzian ezagutzen dut jendea, eta baita nazioartean ere, Portugalen edota Argentinan, esaterako. Jendea ezagutzeko ere zaletasun aproposa da.
Dioramak egitetik bizi al liteke?
Ez da nire lanbidea. Duela hamar urte, hernia diskal bat izan nuen eta baja hartu behar izan nuen. Infiltrazioak egin zizkidaten, baina ez zitzaidan hobetu; ebakuntza egin zidaten gero, baina ez zen ongi atera. Lanera itzuli nintzen baina ez nengoen ondo, minari ezin eutsita igarotzen bainuen eguna. Lanez ere aldatu nintzen, baina han ere ezinean aritzen nintzen. Hamar urtez lanerako ezintasunaren agiria lortu nahian ibili eta gero, ekainaren amaieran eskuratu nuen azkenean, borroka handiaren ostean.
Dioramek ez dute bizitzeko adina ematen, gehiago da denbora pasa bat, asko gustatzen zaidana, eta erlaxatzeko ere balio didana.Batzuk irakurri egiten dute, beste batzuk puzzleak egiten dituzte… nik dioramak egiten ditut. Kobratzen dudanean ez naiz kexatzen, ongietorria izaten da, materiala eta erremintak erosi beharra egoten delako eta batzuk garesti samarrak izaten direlako, baina ez dut diruagatik egiten, zaletasuna da gehiago.
Batzuetan, gainera, trukeak ere egiten ditut; esaterako, figura bat interesatzen bazait eta horren jabeak diorama bat nahi badu, lan hori egiten diot eta trukean figura jasotzen dut.
Artista batek zer behar du dioramak ongi egin ahal izateko?
Batez ere pazientzia; baina baita irudimen handia ere, gauza bakoitza nola egin aurreikusteko, eta zertxobait trebea ere izan behar da. Ez dago izugarrizko irudimena eta trebetasuna izan beharrik, baina zerbait bai. Nire ustez, trebetasun apur bat eta pazientzia dituenak erraz egin dezake diorama bat.