Baserria: ondarea galbidean

Naia Arrizabalaga 2024ko urr. 19a, 09:00

Ezkerrean, Lapatza baserria; eskuinean, Luis Alberdi arkitektoa. (Argazkiak: Arnaitz Rubio eta Luis Alberdi)

XIII. mendetik XX. mendeko 36ko gerraren hasierara arteko baserrien kanpoko itxura, barruko egitura, banaketa, antolamendua zein eraikuntzarako erabilitako teknikak aztertu ditu Luis Alberdik Gipuzkoako baserriei begirada jarrita kaleratu duen liburuan. 40 urtez ondu duen lana esku artean, azken hamarkadetan baserrien suntsiketa eta desagerpena "geldiezina" izan dela ondorioztatu du arkitektoak. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako erreportajea da hau.

Euskal Herriko ondare garrantzitsuenetarikoa dira baserriak, sendi askoren bizileku zein ogibide izan baitira. Luis Alberdi (Azkoitia, 1961) mutil koskorra zenean hasi zen herriko baserrien marrazkiak egiten. Ondoren, Arkitektura ikasketak gauzatu zituen, eta horrek jakintza aberastea ahalbidetu zion. Milaka baserri eta artxibo ikusi ditu azkoitiarrak urteotan, XII. mendetik XX. mendera artekoak.

Arquitectura del caserío en Gipuzkoa. Historia, tipologías, evolución. Siglos XIII-XX liburua argitaratu du Alberdik, eta bertan Gipuzkoako baserrien arkitekturari buruzko hainbat datu barnebildu ditu. Hain zuzen, 40 urtez aritu da liburua osatzen, eta azken hamar urteak datuak ordenatzen igaro ditu. Haren hitzetan, lanik zailena datu guztiak pilatu ondoren eskema sinple bat egitea izan da. Datuak biltzeko orduan, erdarazko testuekin aritu da lanean gehienbat. Noizean behin, euskaraz idatzitako datuekin zein gaur egun galdurik dauden hitz tekniko askorekin topo egin duela azpimarratu du, eta hitz horiekin glosarioa idatzi du liburuaren amaieran.

Euskal herritarrentzat baserria ondare oso garrantzitsua izanagatik, arkitektura aldetik "gutxi zainduta" egon da baserria, eta "oso ezezaguna" da, Alberdiren esanetan. Hala ere, ukaezina da horien garrantzia. Izan ere, auzolanean egiten zirenaren ustea zabaldua dagoen arren, garaian garaiko teknikari onenak aritzen ziren baserriak eraikitzen, Alberdik jakinarazi duenez. Hori argi islatzen da arkitekturan, proportzio geometrikoetan oinarritutako etxebizitzak izaten baitira gehienetan. Azkoitiarrak baserri zaharrak ditu gustukoen: "Galduta daudenak edo oso zaharrak direnak gustatzen zaizkit, arkitekturari dagokionez ikusgarriak baitira".

Liburuaren helburua, baserriek historian zehar izandako eboluzioa kontatzeaz gain, inguruan dagoen ondarea nolakoa den eta zer galdu den jendeari erakustea izan da. Gehienbat, galdurik dauden baserrien inguruko informazioa aurkitu daiteke liburuan, eta horien artxiboak aurkitzea "oso lan zaila" izan dela aitortu du azkoitiarrak: "Informazioa aurkitu daitekeen arren, ez dago guztia artxibatuta". Gipuzkoan, Tolosan zein Oñatin daude artxibo orokor nagusiak, eta Eusko Jaurlaritzaren artxiboak ere izan dira haren iturri nagusi. Horrez gain, herri bakoitzaren artxiboak ere arakatu behar izan ditu arkitektoak liburua osatzeko.

Luis Alberdi arkitekto azkoitiarra.

XIII. mendetik XX. mendeko 36ko gerraren hasierara arteko baserrien kanpoko itxura, barruko egitura, banaketa eta antolamendua zein eraikuntzarako erabilitako teknikak aztertu ditu Alberdik liburuan, eta hori egiteko, baserriak barrutik aztertu behar direla azpimarratu du egileak, baina soilik baserri batzuetan izan du hark horretarako aukera, zenbait baserri soilik kanpotik ikusi baititu.

Gipuzkoan sakabanatutako orubeetan oinarritutako populazio sistema bat zegoela dokumentatuta dago gutxienez XII. mendearen amaieratik, Gaztelako monarkia hiribilduen eraketa sustatzen hasi zenetik, hain zuzen. Gaur egun ezagutzen diren baserririk zaharrenak XV. mende hasieran eraikitakoak dira, dendrokronologiaren bitartez datatuak. Hala ere, horiek ezin dira baserrien jatorritzat jo, Alberdiren arabera: "Egun dauden orubeen %30 eta %60 artean okupatuta zeuden XIV. mendearen amaieran. Ez dira ezagutzen orube horiek XV. mendea baino lehen okupatzen zituzten eraikinen arkitektura eta eraikuntza ezaugarriak; beraz, oraingoz behintzat, ezin dira baserritzat hartu". Arkitektoaren hitzetan, orube haiek familia unitate bat bizitzeko eraikin isolatuak ziren, eta bere jabetzako lurretan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako behar ziren espazio gehienak hartzen zituen. "Etorkizuneko lanek horri buruzko informaziorik ematen ez duten bitartean, ezin da hipotesirik planteatu jatorriari buruz, oinarri-oinarrian behintzat", gaineratu du.

Egun ezagutzen diren baserririk zaharrenak XV. mende hasieran eraikitakoak dira

1401. urtekoa da gaur egun datatuta dagoen Gipuzkoako baserririk zaharrena, Olaberriako Bengoetxea Txiki baserria; eraikinaren erdiak soilik dirau zutik. Dendokronologiaren bitartez datatu zuten hura: egurraren eraztunak moztu eta mikroskopioaren bitartez horiek neurtzean datza metodo hori. Egurra lortzeko erabilitako zuhaitza noiz ebaki zen jakiten bada, baserria urte horretan edo urtebete beranduago eraiki zela ebatzi ohi da. Kokapenari dagokionez, baserri gehien Gipuzkoa iparraldean galdu ziren, gerraren ondorioz: Oiartzunen, Irunen edota Hernani inguruan, esaterako. Gerragatik ez ezik, ordea, beste hainbat arrazoirengatik ere galdu izan dira baserriak, arkitektoaren hitzetan: "Batzuk urruti zeuden eta abandonatu egiten zituzten; beste batzuk, berriz, erre edota erori egin ziren".

Goenaga baserria.

Aldaketak etengabe

XV. mendeko baserri gehientsuenak habe dolarezko egituran oinarritzen ziren; Igartubeitia baserriaren antzekoak ziren, alegia. Hain justu, baserri zahar horiek dira azkoitiarraren gustukoenak. Sagardoa egiteko prentsa izaten zuten eraikin haiek, eta hamar metro inguruko habea zuten. XV. mendeko azken hamarkadetan hargintzak gorakada handia izan zuen, eta gero eta harrizko baserri gehiago egin ziren garai hartan. XVI. mendera arte ate leihoetan arku zorrotzak erabiltzen ziren, eta Azkoitian Larramenditorre zein Urkiolegi baserriak dira horren adibide, besteak beste. Bizitza egiteko sukaldea eta logela itxi bat izaten zituzten, lo egiteko kamastro batzuekin hornituta. Tximinia ez zutenez, sua erdian egiten zen, eta etxe guztia ketua uzten zuen horrek. Hain zuzen, kea ganbarako produktuak lehortzeko erabiltzen zen.

Errenazimenduan, Gipuzkoako agintariek oholezko etxeak eraikitzea debekatu zuten, eta neurri horrek argamasa eta adreiluzko etxeak eraikitzeari bide eman zion. Alberdiren hitzetan, aldaketa nabarmenak eragin zituen horrek, baserrietako beheko solairua eta atzeko fatxada harrizko hormekin ixten baitziren, eta egurra soilik ganbararako erabiltzen baitzen. Ardazdun dolarea, sagardoa egiteko dolare sistema berria, garai hartan sortu zen: "Sorkuntza horri esker, ganbaretan leku libre gehiago egotea ahalbidetu zen".

Urkiolegi baserriko atea.

Egurrarekin eraikita eta oholarekin itxita egoten ziren XV. mendetik XVI. mendera arteko baserri gehientsuenak, azkoitiarraren hitzetan. Barroko garaian, ordea, egurrak protagonismoa galtzen jarraitu zuen, eta dorre itxurako baserriak zabaldu ziren. Azkoitian, Ugarte Torre baserria zena zen horren adibideetako bat.

Neoklasizismoan, zailtasun ekonomikoak landa ingurunean bizirauteko ekonomia bilatzera bultzatu zuen jendartea, eta eraikuntzarako "irtenbide merkeenak" bilatzen zituzten baserritarrek. Hori horrela, egurrarekin eraikitako etxeek beheranzko joeran jarraitu zuten: "Egurra soilik barneko egituretan erabiltzen zuten". Hori izan da, tipologiari dagokionez, menderik mende izandako aldaketa garrantzitsuena, azkoitiarraren esanetan. Momentuan momentuko material onenak erabiltzen zirela ere azpimarratu du azkoitiarrak.

Herrian ere ondare aberatsa

Azkoitiak 1324an, duela 700 urte, jaso zuen Gaztelako Alfontso XI.a erregearen lehen hiri gutuna, San Martin de Ahezkoytia de Yraurgui izenarekin; bigarrena, berriz, 1331n jaso zuen, eta herriak Miranda de Yraurgui izena hartu zuen. Dokumentuetan jendea sakabanatuta bizi zela ageri da, baina XV. mendea baino lehenagoko eraikin haien daturik ez dago. Beraz, ezin da esan garai hartako etxeak baserriak zirenik. Hiribildu barruko biztanleen eta baserrietan bizi zirenen artean 1413an adostutako agiri bati esker, garai hartan zeuden baserrien berri izan da, eta bertan aipatzen dira Azkoitiko Egurrola zein Madariaga baserriak, besteak beste.

Gipuzkoan gisan, garai desberdinetako baserriak daude Azkoitian ere, eta beraz, mota desberdinetako baserriak aurkitu daitezke herrian. Arkitektoaren hitzetan, arkudun baserriak eta harrizkoak dira gutxien daudenak. Era berean, gotiko garaiko hamaika baserri daude edo izan dira Azkoitian: Zumeta, Araume, Balenziaga, Larrañaga, Larramendi, Zubizarreta, Abiola, Agirre, Elosiaga, Mendizabalo, Larrume, Arrieta, Astaber, Lersundi, Sustaeta, Isasaga, Unasoro, Zabaleta, Errasti, Zuazu, Aldai... Errenazimenduaren ezaugarri dira erdi puntako arkuarekin irekitzen diren ateak, eta leihoek tamaina handiagoa hartu zuten orduan; arkitektoaren esanetan, San Juan Zar eta Zumeta baserriak aldi horretako "adibide dotoreak" dira.

Zumeta baserria.

Azkoitian, arkudun baserriak eta harrizkoak dira gutxien dauden baserriak

Barrokoan, XVII. mendeko lehen hamarkadetan, eraiki ziren Gipuzkoako landa jauregi nagusienetako batzuk, eta aldi horretan, batez ere hiru solairuko baserriak egiten hasi ziren. Gainera, adreiluarekin eta argamasarekin ganbara ixten hasi ziren. Urola bailaran, adreiluzko eraikuntzetan estilo mudejarrak eragin nabarmena izan zuen: "Mota horretako etxe asko eraiki izan dira Azkoitian ere; Illarraga baserria eta egun desagertuta dauden Uxer eta Ubalar baserriak, esaterako". Hargintzan, barrokoko apaingarririk bereizgarrienetako bat da leihoen inguruan eta solairuen ertzean jartzen zen plaka leuna. Alberdiren hitzetan, hiru eta lau isurialdeko teilatuak dituzten baserrien kopurua asko hazi zen orduan: "Azkoitian, adibidez, Olazabal baserria 1649. urtean erre zen, eta lau isurialdeko teilatuarekin berreraiki zuten". Horrez gain, barrokoaren bigarren aldian sortu ziren erdi puntako arkudun arkupeak, "baserriaren tipologiaren ezagun eta bereizgarrienetako bat" osatuz; Azkoitiko Goenaga baserria, kasurako.

Kokapenari dagokionez, auzo zaharretan kokatzen dira orokorrean baserri gehienak: Martirietan, Madariagan, Kukuherrin, Urrategin edo Elosuan, besteak beste. Urrategin, esaterako, XV. mendeko baserri zati bat zegoen. Urteetan zehar galdutako baserriak ere asko dira, ordea: "Segur aski onenak galdu dira, baina XV. mendeko baserri batzuek ere zutik diraute". Ildo horretan, Lapatza eta Sustetagoena baserrien galera azpimarratu du Alberdik, biak ala biak Martirieta auzokoak. Lapatza erre egin zen, eta Sustetagoena eraberritu egin zuten.

"Egurra duenak hormigoia nahi du"

Alberdiren arabera, baserriak hango familiaren kategoria erakusten du. Hori horrela, modernizatzeko nahia "etengabea" da gizartean: "Zaharkitutako baserriak begirada erromantikotik ikusten ditu jendeak, eta kanpoko egiturak mantendu arren, barruak guztiz berriak izaten dira; finean, geure gizartearen isla da hori". Zentzu horretan, zera esan du azkoitiarrak: "Egurra duenak hormigoia nahi du".

Jendearentzat etxe harrigarriak diren arren, arkitekturari dagokionez, ez dira batere interesgarriak azkoitiarrarentzat, haren arabera, gaur egungo baserriek kaleko etxeen antza hartu baitute, egiturari dagokionez: "Logela orok bere leihoa izaten du, pasilloa ere egon ohi da, baina hori lehengo etxebizitzetan ez da inondik inora ikusten".

Ugarte Torre baserria.

Aniztasuna nabarmentzen da egungo baserrietan. Izan ere, XV. mendean zein mende batzuk geroago eraikitako eraikin batzuek zutik diraute, eta berriak ere ugari daude. Baserri batzuk kanpoaldetik antzekoak izanagatik, barruko egituretan desberdintasun ugari dituzte: "Baserri batzuetan dolarea nabarmentzen da, eta beste batzuetan posteen egitura". Baserriak, gainera, ondare garrantzitsua badira ere, jendeak ez die daukaten balioa ematen, azkoitiarraren hitzetan: "Jendea ez da ohartzen dugun aberastasunaz, ezta bertan bizi diren baserritar asko ere".

Etorkizuna iluna ikusten du arkitektoak, Gipuzkoan baserriak berebiziko garrantzia izan badu ere: "Kaleko etxeak gerokoak dira, baserriak izan dira gure etxeak, eta hori galtzea gure zati bat galtzea da. Besteak beste, gure hizkuntzaren zati handi bat galduko litzateke baserria galduz gero". Legeari dagokionez, baserriek "inoiz baino babes handiagoa" dutela uste du hark, baina azpimarratu du diru asko behar dela horiek mantentzeko zein konpontzeko, kontuan izanda eraikin handiak izan ohi direla. Bizimodua ere aldatu dela jakitun, egun etxebizitza txikiagoetan moldatu ohi da jendea, eta horren ondorioz, baserri asko, batez ere zaharrak, erortzeko zein galtzeko zorian daude, Alberdiren esanetan. Beste batzuk, aldiz, bota egiten dituzte, zatirik "interesgarrienak zein onenak" barne. Ondarea babesteko azken urteotan idatzitako legeria "gorabehera", haren suntsiketa "geldiezina" izan dela berretsi du arkitektoak, dagoeneko desagertuta dauden baserrien adibide ugarik erakusten dutenez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide