Hitz bitan

Xabin Aranbarri: "Motxila hartuta abenturara joan ginen"

Unax LarraƱaga 2024ko urr. 5a, 09:13

Xabin Aranbarrik (Azkoitia, 1951) 42 urte daramatza Suedian. Sukaldaria eta dendaria izan da, besteak beste, eta egun Strömstad herrian bizi da. Hara iritsi zenean atzerritar bakarra bazen ere, gaur egun bertakoa sentitzen dela dio Aranbarrik. Iraileko Azkoitia Guka aldizkariko Hitz bitan ataleko elkarrizketa da honako hau.

Noiztik bizi zara atzerrian?

Badira urte batzuk kanpoan bizi naizela. 17 urterekin irten nintzen Azkoititik Ingalaterrara, eta ordutik ibili naiz alde batetik bestera. Ni joan nintzen garaian jende gutxi joaten zen kanpora bizitzera.

Eibarren Ingeniaritza ikasketak egiten hasi ondoren, bi lagunek hori gurea ez zela erabaki genuen, eta maletak egin eta ingelesa ikastera joan ginen Erresuma Batura. Sukaldaria izatea nahi nuen, eta hiru urte igaro nituen han ikasten.

Eta nola iritsi zinen Suediara?

Nirekin ikasten zuen beste batek esan zidan lehengusu baten ezkontzara joateko bi asteko bidaia egiteko asmoa zuela, eta berarekin joango nintzen galdetu zidan. 1972an, han joan ginen, motxila hartuta, abentura berri batera. Han geundela, beste lagun batek esan zidan diskoteka bat irekitzeko asmoa zutela, eta zerbitzari lanak egingo al nituen galdetu zidan. Baietz erantzun nion, nahiz eta suediarrez hitz egiten ez nekien. Gero neska bat ezagutu nuen, hotel bateko sukaldean lanean hasi eta bertan gelditu nintzen. Stockholmen, Vasterasen eta Lulean bizi izan naiz. Azken hori zirkulu polar artikotik hurbil dago.

Hotz egingo zuen Lulean...

Bai, zero azpitik 40 graduko tenperatura ezagutu nuen han. Behin autoan nengoela zarata arraroak entzuten hasi nintzen, kolpeak balira bezala. Lanera iritsitakoan bertakoei galdetu nien, eta azalpena eman zidaten: autoa aparkatuta dagoen bitartean, pisuarekin gurpilen beheko zatia laua gelditzen da, eta tenperatura horrekin forma hori hartzen du gurpilak, berotzen den arte. Orain bizi naizen lekutik 1.400 kilometrora dago toki hori.

Oso desberdina al da bizimodua tenperatura horietan?

Ez pentsa, jendea ohituta dagoenez, ez da hainbeste aldatzen beraien bizimodua. Elurra egiten du abenduan, eta ez da kentzen apirilera arte. Beraz, tarte horretan ahalik eta bizimodu normalena egiten saiatzen dira.

Bestalde, zoragarria da eskian-eta ibiltzea, eta gainera, elurrak argitasuna ematen du. Oso ongi prestatutako eski pista ugari daude; ongi dago, ohitu egiten zara azkenean. Kostaldean, berriz, elur gutxiago egiten du, baina han izotz asko dago, dena izozten da.

Etxetik bost kilometrotara dugun lakua guztiz izozten da neguan, eta patinekin zein eskiekin ibiltzen gara. Gazteak kotxearekin ere ibiltzen dira, derrapatzen. Udan, berriz, bainatzera joaten gara.

Arazorik izan al zenuen Suediako kulturan sartzeko orduan?

Ezta batere. Ni Strömstadera iritsi nintzen lehenengo aldiz, eta hori 12.000 biztanleko herria da, ia Azkoitia bezala. Hotel batean hasi nintzen lanean, eta afizioz kirola egiten nuen, korrika gehienbat. Korrika egiten nuen lagunekin integratu nintzen, eta neu nintzen herrian kanpotar bakarra. Gaur egun, atzerritar gehiago daude, eta ni bertakoa sentitzen naiz.

Nola da zure egun bat Suedian?

Goizean, esnatutakoan, mutikoak eramaten ditut autobusera, eta ondoren, etxeko lanez arduratzen naiz. Ardiak ditugu etxean, hamazazpi buru, eta horiek zaintzen ditut txakurraren laguntzaz. Horrez gain, belarra moztu, sagarrak bildu, leka mordo bat ere jaso ditugu oraintxe... Ni naiz etxeko sukaldaria, beraz, nik prestatzen dut guztiontzako janaria.

Zerbait faltan botatzen al duzu?

Mendia, gehienbat. Hemen basoak badaude, baina mendira joatea faltan botatzen dut. Hala ere, perretxikoak biltzen ibiltzen gara hemen ere, asko baitaude. Gibelurdinak, ziza horiak... denetarik daukagu, baina mendia faltan sumatzen dut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide