Etzi, igandea, haurrentzako eta familientzako Mr. Bo ikuskizuna eskainiko dute Baztartxo antzokian, 17:00etan. Maskara eta komedia uztartzen ditu Marie de Jongh konpainiaren lan berriak. Keinu edo imintzio bidezko komunikazioa oinarri duen lana da igandean Baztartxon eskaintzekoa diren obra; lanak ez du testurik eta aktoreek maskara zuri batekin estalita izango dituzte aurpegiak.
Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da, Amour edo eta Izar ikuskizunen ildoari jarraipena xede duena. Dena den, lana 3-4 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa dela nabarmendu dute, bereziki. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 5 euroren truke. Halere, Baztartxoko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira egunean bertan.
Ikuskizunari buruz
Clowna eta naifa uztartuko dituzte igandeko ikuskizunean. Nagusi bat eta hiru zerbitzari izango dira oholtzako protagonistak, eta haiek boterearen miseriak eta keriak azaleratuko dituzte, betiere umoretik. Xalotasunetik helduko diote gaiaren sakontasunari; errealitateari modu infantilean helduko diote, poesia eta sinpletasuna uztartuz.
Ikuskizunean ikusiko da hiru zerbitzariak Bo jaunak esaten dituen guztiak betetzera ohituta daudela. Bizitza osoa daramate haiek Bo jaunaren agindupean, hura ume koskorra zenetik, zehazki. Batzuetan, zerbitzariek irudikatzen dute zer zitekeen mundua nagusiak beraiek izango balira. Jolas ere egingo dute nagusiaren rola hartuta, besteek haren zerbitzari plantak egiten dituzten bitartean.
Nagusia umea zen garaian izan zuten zerbitzariek hari ezezkoa emateko aukera, baina ez zuten egin, eta harrezkero, Bo jauna nagusikerian aritu da urte luzeetan. Haien arteko harremana zerbitzupekoa da, menpekotasunekoa, baina zerbitzariei berriro ezezkoa emateko aukera sortuko zaie.