Ademgi elkarteko Gema Rodriguezek hitzaldia eskainiko du bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2024ko ira. 25a, 09:58

Gema Rodriguez Ademgi elkarteko kidea. (Ademgi)

Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteko kidea da Rodriguez, eta hark Elkarguneko Oteiza aretoan eskainiko du bihar saioa, 18:30ean; izan ere, esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde egingo du Ttipi-Ttapa taldeak lasterketa solidarioa.

Bihar, osteguna, hasiko dira larunbatean egingo duten V. Lasterketa Solidarioa girotzen. Egunaren atariko bezala, hitzaldia eskainiko du Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteko Gema Rodriguezek. Elkarguneko Oteiza aretoan izango da saioa, 18:30ean hasita.

Rodriguezek elkartearen berri emango du solasaldian. Besteak beste, esklerosi anizkoitza gaixotasuna zer den azalduko du, elkartearen egitekoaz arituko da eta gaixotasunaren bestelako ertzak aurkeztuko ditu. Biharko saioan, gainera, gaixotasuna duten pertsonen eta familien testigantzak entzuteko aukera izango dute herritarrek; izan ere, gaixotasuna dutenen adierazpenak jaso dituen bideo sorta bat eskainiko dute.

Gaur, mahaia plazan

Larunbateko lasterketan parte hartu nahi dutenek eta oraindik izena eman ez dutenek gaur, asteazkena, izango dute horretarako aukera. Lasterketa solidarioaren antolatzaileek izena emateko mahaia jarriko dute Portaleburu erakustokiaren aurrean, 17:30etik 19:30era. Dena den, izena online ere eman ahal izango dute herritarrek, honako lotura honetako formularioa beteta.

Haurren lasterketetan izena emateko bi aukera egongo dira: dortsala eta txapa 3 eurotan erosi ahalko dituzte haiek edota 10 euro ordainduta dortsala, txapa eta kamiseta eskuratu. Helduen lasterketaren kasuan, berriz, antxintxika edota oinez egin ahal izango da lau kilometroko ibilbidea. Kasu horretan, aurrez izena ematen dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte dortsala eta kamiseta. Zapatuan bertan ere eman ahalko da lasterketarako izena, orduan 15 euro ordainduta.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide