Unai Izagirre bertsolariak atzo ekin zion 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari. Aurreko asteburuan bezala, bi final zortziren jokatu dituzte asteburuan ere, bata Lazkaon eta bestea Elgoibarren. Hain zuzen, Izagirrek Elgoibarren kantatu zuten atzo, hango herriko antzokian. Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Uxue Fernandez eta Libe Goenaga aritu ziren saioan, eta Izagirrek seikoteko laugarrena izan zen 446 puntu bildura.
Lan puntuagarriak amaituta, Eli Pagolak irabazi zuen hango saioa, 487,5 puntu bilduta. Horrenbestez, final-laurdenetara sailkatu da hura zuzenean, zehazki urriaren 26an Azkoitiko Baztartxon jokatuko duten final laurdenetako saiora —Ane Labaka eta Pagola dira oraingoz Azkoitiko saioa jokatuko duten bertsolariak—.
Izagirrek, berriz, zaila izango du txapelketan aurrera egitea, final laurdenetako hiru saioren faltan sailkapen orokorreko hamaseigarrena baita hura. Kontuan izan behar da final zortzirenetako zazpi irabazleez gain, puntu gehien bildu dituzten beste hamazazpi bertsolari sailkatuko direla hurrengo fasera. Hau da Elgoibarko saioko sailkapena:
- Eli Pagola Apezetxea: 487,5 puntu.
- Eneko Araiztegi Agirre: 454,5 puntu.
- Iñaki Apalategi Astigarraga: 451,5 puntu.
- Unai Izagirre Etxeberria: 446 puntu.
- Libe Goenaga Arrieta: 436 puntu.
- Uxue Fernandez Lasa: 430 puntu.
Asteburu honetan jokatuko dituzte final zortzirenetako hurrengo bi saioak: Hondarribian, larunbatean eta Andoainen, igandean. Bi saioak 17:00etan hasiko dira, eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak Hondarribian ekingo dio lehiari. Hona hemen final zortzirenak osatzeko falta den egutegia:
Irailak 28, Hondarribia (Itxas Etxea auditorioa):
- Eneritz Artetxe, Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Unai Gaztelumendi.
Irailak 29, Andoain (Bastero kulturgunea):
- Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran, Manex Mujika.
Urriak 5, Azpeitia (Soreasu antzokia):
- Aitor Tatiegi, Asier Azpiroz, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi.
Final-zortzirenetako azken kanporaketa Azpeitian jokatuko dute bertsolariek, eta saio bakoitzeko irabazlea eta puntu gehien bildutako beste hamazazpi bertsolari pasatuko dira final-laurdenetara. Era berean, orduan hasiko dute txapelketa 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu ziren eta aurtengo txapelketan izena eman zuten sei bertsolariak ere. Denera, beraz, 30 bertsolarik jokatuko dituzte final-laurdenak. Sarrerak, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai; baita antzokietako txarteldegian saioaren egunean bertan ere, aurretik agortu ez badira.