'Amaraun' ikuskizuna, amatasunaz hausnartzeko

Ane Olaizola 2024ko ira. 23a, 12:00

Oihana Iguran eta Amaiur Luluaga. (Amaraun)

Azkoitiko Udalak 'Amaraun' ikuskizuna prestatu du ostiralerako Baztartxo antzokian. Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak eskainiko dute musika, dantza eta kantua uztartzen duten obra. Sarrerak salgai daude.

Amatasunaz hausnartzea helburu duen Amaraun ikuskizuna taularatuko dute datorren ostiralean, hilaren 27an, Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da bertsolariaren eta dantzariaren emanaldia, eta musika, kantua eta dantza uztartuko badituzte ere, bi sortzaileek aurreratu dute ez dela izango ez dantza ikuskizun bat, ezta bertso emanaldi bat ere.

Hain zuzen, "bidaia bat" proposatu dute ostiralerako: “Ez dugu bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dugu eta horretarako eskura dugun lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Erronka gisa ikusten dugu figurak lausotzea ere, dantzaria kantura ekarriz eta bertsolaria dantzara”.

Amatasunaren inguruko hausnarketa du kontagai Amaraun ikuskizunak, ama izan ala ez izateko haututik abiatuta: “Ama izan ala ez erabakitik abiatuko da emanaldia, eta horrek amatasunaren inguruko esperientzia batzuk agertzeko bidea eskainiko digu, ezagutzen ditugun ereduen eta gustatuko litzaizkigukeen ereduen arteko joan-etorrian. Enpatia eta aitortza ariketa bat amatasun mota guztiekiko, eta hausnarketa bat gizartean figura horrek betetzen duen paperarekiko”. Era berean, amatasunaren eztabaida "kalean zein gorputzean" dagoen honetan, ikuskizunaren "ikuspuntu berritzailea" azpimarratu dute Iguraranek zein Luluagak: “Ama izan edo ez erabakitzerakoan eragiten duten faktoreak aletuz, zalantza arakatuz eta amatasuna alaba gisa ere hausnartuz, gure amei parez pare begiratzera ausartuz, eurek egindako lanaren kontzientzia hartuz.".

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du Amaraun ikuskizuna, eta dagoeneko sarrerak salgai daude Entradium webgunean, hamar eurotan.

Era berean, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azkoitia Gukak bazkideen artean. Webgunean edo 943-56 01 64 telefono zenbakian eman daiteke izena, 40 zenbaki kodea erabilita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide