Gazako "errelatoa" irudietara emanda

Ane Olaizola 2024ko ira. 21a, 08:59

Mertxe Amondarrain artistak Begiek min eman arte marrazki erakusketa zabaldu du Portaleburun, Gazan bizitzen ari diren "gizagabekeria eta zentzugabekeria" irudikatu nahian. Atzo zabaldu zuten erakusketa, eta hilaren 29ra bitartean izango da ikusgai. 

Begiek min eman arte izeneko erakusketa zabaldu zuen atzo arratsaldean Mertxe Amondarrain Lasa tolosarrak Portaleburu aretoan. Kazetari palestinarrek egindako argazkiak abiapuntu izanda, Gazan bizitzen ari diren "gizagabekeria eta zentzugabekeria" irudikatu nahi izan du Amondarrainek 30 marrazki digitalen bidez, eta artistak ez ezik, UNRWA-Palestina Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako Euskadiko delegatu Barbara Ruiz Balzolak eta Ana Azkoitia alkateak zabaldu zuten erakusketa udal erakustokian, hainbat herritarren aurrean. 

Alkateak bere hitzartzean esan zuen "askotan urruneko mina besteena" dirudiela, eta beraz, Amondarrainen zein Ruiz Balzolaren lana goraipatu zuen. Hain zuzen, iazko apiriletik abendura artean egindako marrazkiak dira Amondarrainek erakusgai jarri dituenak, eta hark azaldu duenez, palestinarrekin "bat egiteko eta horien ondoan egoteko" asmotan sortu zituen Azkoitian ikus daitezkeen irudiak. "Egunero Gazan gertatzen zena begiratzen nuen, eta emozionatzen ninduten argazkiak marrazten nituen. Marrazkietan saiatu naiz soberan dagoen guztia kentzen eta soilik garrantzitsuena irudikatzen", adierazi zuen margolariak. Hain zuzen, apenas dago kolorerik Amondarrainen lanetan, Gazan azken ia urtebetean bizitzen ari diren egoera islatu nahian. 

"Egunero ari naiz Gazako argazkiak begiratzen, baina oraindik ez dut lortu hildako umerik agertzen ez den irudirik ikustea". Artistak azaldu zuen palestinarren "begietan" saiatu dela sartzen, eta gertatzen ari denaren "errelatoa" dela erakusketa. "Herritarrak eseri eta begira dezaten erakusketa da". 

Ruiz Balzolak, bestalde, Palestinako egoeraren berri eman zuen zenbakitan: "Gazan gertatzen ari denak ez du aurrekaririk. Inoiz ez dugu ikusi herritarren kontrako halako erasorik: azken urtean 40.000 pertsona hil ditu Israelek, eta ia 100.000 pertsona zauritu. 17.000 haur bakarrik daude, eta antzeko zifra izan dezake hil dituzten umeenak". Horrez gain, Israelek etxebizitzen %60 suntsitu dituela adierazi zuen hark, eta hezkuntza zein osasun sistemetan "sarraskia" egin duela gaineratu zuen. "Sistematikoak dira Isralenen ekintzak: lehenengo ospitaleak bonbardatzen ditu, eta gero setio ezartzen du". Kazetarien lana ere izan zuen hizpide: "162 kazetari hil ditu, guztiak palestinarrak, nazioarteko kazetariek ezin dutelako bertara sartu; gertatzen ari denaren begi eta ahotsak dira haiek". Gobernuz kanpoko erakundeetan diharduten 300 pertsona hil dituztela ere jakinarazi zuen hark.

Ia urtebete igaro da Israelek setioa gogortu eta oldarraldia handitu zuenetik, Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek Gazatik Israelera gurutzatu eta mila lagunetik gora hil ondoren. Dena den, joan zen urriaren 7aren aurretik ere, Gazako egoera ez zela "batere ona" azaldu zuen Balzolak, hamasei urtez blokeoan bizi izan direla gogoratuz. "Horrek esan nahi du ezin dela inor eta ezer sartu Israelen baimenik gabe. Ondorioz, kolapsatutako sistema ekonomikora eraman du Palestina; bere kabuz aurrera egin ezin duen herrialdea da".

Ostiraletik hilaren 29ra bitartean egongo da erakusketa ikusgai, ondorengo ordutegian: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide