Merkataritza eta musika protagonista izango dira datorren zapatuan Azkoitian, elkar "ongi uztartzen" diren bi egitasmok bat egingo dutelako egun horretan herriko hainbat txokotan: Merkataritza Fest egitasmoa eta Musika Eguna, hain zuzen. Batetik, Herrixen merkatari elkarteak udalaren laguntzarekin antolatu duen merkataritzaren festa egingo dute Intsausti parkean, eta bestetik, Azkoitia 700 egitasmoaren eskutik herriko hainbat musikariren kontzertuak izango dira Intsaustin bertan zein Balda plazan; dena den, euria eginez gero, Oteiza frontoietara lekualdatuko dira Intsaustiko ekintzak.
Ana Azkoitia alkateak, Xabier Barquero Azkoitia 700 batzordeko kideak, Sara Rodriguez Herrixeneko teknikariak eta Sara Alonso Herrixeneko lehendakariak eman dute larunbateko proposamen bikoitzaren berri. Alkateak azpimarratu duenez, "herriko bi altxor" diren kultura eta merkataritza batzea erabaki dute udazkenari ongietorria emateko, "ezkontza perfektua" osatzen dutelako bi osagaiek. "Herriko merkataritza benetako altxorra dugu, eta askotan, ez gara ohartzen galtzen dugun arte. Denon esku dago herriko merkataritzari eustea, denok garelako kontsumitzaileak. Ateak ixten dituen saltoki bakoitzarekin, gu gara galtzen dugunak. Bestetik, musikariei gonbidapena luzatu zitzaien herriko agertoki desberdinetan herria musikaz blai egiteko, eta oholtza gainean hainbat eta hainbat musikari izango ditugu". Azkoitiaren arabera, merkataritzaz, kulturaz eta musikaz gozatzeko eguna izango da larunbatekoa, hirurek herria "aberasten" dutela nabarmenduz. "Larunbatekoa horren ispilu izango da", aurreratu du.
Rodriguezen arabera, herriko merkataritza balioan jartzeko eta aldarrikatzeko asmoz prestatu dute Merkataritza Fest egitasmoa, baina aurreratu du larunbatekoa ez dela izango stock edo outlet azoka bat: "Zerbait desberdina antolatu nahi izan dugu. Gure herriko saltokiek dituzten elementu bereziak, marka hornitzaile berriak eta sasoiko eta kalitatezko produktuak ikusarazteko festa antolatu nahi izan dugu". Hain zuzen, merkataritza txikiak dituen balio erantsiak goraipatu nahi dituzte, hala nola "gertutasuna, konfiantza, kalitatezko produktuak eta zerbitzu pertsonalizatuak", herriko "kulturaren eta bertako jendearen isla" direlako saltoki horiek.
Askotariko merkataritza, ostalaritza, artisau eta zerbitzuak elkartuta antolatu dute larunbateko festa eguna, eta 20 bat jarduera batuko dira hango azokan: Aingeru Loradenda, Aitzaki Kirolak, Aizterri Home, Andueza arropa denda, Arrospide oinetakoak, Beatriz Pozo Dekorazioa, Noah arropa denda, Naiena arropa denda, N.K. Ile-apaindegia, Munibe arropa denda, Lukas lurrindegia, Odriozola Ardoak, Ibargoi Autoak, Hazia belar denda, Etxaniz autoeskola, Udatxo, Kiribil Zeramika, Ttakun taberna, Orbela taberna, Dona Doni Izozkiak eta Maite gozotegia.
16:00etan zabalduko dira saltokien postuak, eta herritarrek haien produktuak ikusteko eta erosteko aukera izateaz gain, jan-edanerako postuak ere izango dira ostalarien eskutik. Horrez gain, musika eskaintzaz ere gozatu ahal izango da, Bulegoren, Juan Andres Unanueren, Kitzikiren eta Attitte DJaren eskutik. Festa egunaren atarian, Herrixenek eskerrak eman dizkio udalari egitasmoa antolatzeko eman dion laguntzagatik.
Herriko musikaren "lagin bat"
Intsausti parkeaz gain, Balda plaza izango da larunbateko beste topaleku nagusia, eta han, musikak hartuko du erabateko protagonismoa. Azkoitia 700 batzordeak sustatu du Musika Eguna, herrian "isilean" lan egiten duten edo "bultzada" behar duten "hainbat eta hainbat musikari" daudela jakitun. Barquerok azaldu duenez, Azkoitiko musikari eta musika taldeei deialdia luzatu zieten Musika Egunean parte har zezaten, eta larunbatean ikusgai egongo dena horren "lagin bat" besterik ez da izango, herrian "askoz ere sortzaile gehiago" dagoelako. "Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu bakardadean edo taldean musika sortzen jarduten duten guztiei, horien lana ere aitortzea nahiko genuke, kantatzen duen herria ez delako inoiz hilko".
10:00etatik iluntzera bitartean, askotariko kontzertuak izango dira Balda plazan: Txalkor txistulari taldea, Bizkargi musika eskolako trikitilarien kalejira, Albi DJa, Kitziki, Aitor Leon, Eraldatzen eta Cavan.
Eguraldiaren menpe
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera eta herriko merkatariak zein sortzaileak babestera. Dena den, ohartarazi dute eguraldiak baldintzatu dezakeela Intsausti parkeko festa, eta eguraldi iragarpenaren arabera, Oteiza frontoietara lekualdatuko dituzte hango ekintzak. Ostegunean emango dute behin-betiko erabakiaren berri, eta Oteiza frontoietara lekualdatuko balitz, hango frontoi luzeko aparkalekua ere erabilgarri egongo litzatekeela aurreratu dute.
Hemen egitaraua, osorik:
- Balda plaza:
- 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
- 11:00. Bizkargi musika eskolako trikitilari eta pandero joleen kalejira.
- 12:00. Albi DJa.
- 13:15. Kitziki taldea.
- 18:00. Aitor Leon.
- 19:30. Eraldatzen taldea.
- 21:00. Cavan taldea.
- Intsausti parkea (euria eginez gero, Oteiza frontoiak)
- 16:00. Merkatarien eta ostalarien postuen irekiera ekitaldia.
- 16:00. Bulego taldearen kontzertu akustikoa.
- 17:00. Juan Andres Unanue.
- 18:00. Bisita gidatua Intsausti jauregian, Juan Bautista Mendizabalekin.
- 19:00. Kitziki taldea.
- 20:30. Attitte DJa.