Jose Maria Piris zena omendu dute San Vicente de Alcantaran

Andoni Elduaien 2024ko abu. 25a, 09:30

Monolitoa inauguratu zuten unea. (Espainiako Gobernuaren Extremadurako Ordezkaritza)

San Vicente de Alcantaran (Badajoz, Espainia) Jose Maria Piris zena omendu eta oroitu zuten atzo, larunbata. Piris zenaren sendia, Piris hil zen unean larri zauritu zen Fernando Garcia, eta erakunde publikoetako ordezkariak izan ziren, besteak beste, ekitaldian. Ekitaldi instituzionala egin zuten aurrena, eta gero, Pirisen omenezko monolito bat inauguratu zuten.

Jose Maria Pirisen oroimenez ekitaldia egin zuten atzo, larunbata, San Vicente de Alcantaran (Badajoz, Espainia). Hango udalak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Piris "oroitzeko eta omentzeko" egin zuten ekitaldia, hango Joaquin Sama parkean, Pirisen familiaren etxetik oso gertu, hain justu. Ekitaldi instituzionalaren ondoren, Piris gogorarazten duen monolito bat inauguratu zuten. Honako mezu hau irakur zitekeen oroitarriaren plakan: "Elkar ulertzen ez zareten bitartean, ezin izango gara bakean bizi. Lau anaia joan ziren eta hiru itzuli ziren. Arrazoirik gabe, baina behartuta, izaten, egoten eta bizitzen berriro ikasi behar izan zen. Egon ezin izan zenaren hutsuneak gehitutako lan eskergarekin bizitzea. Nork ulertu zuen?".

Omenaldian parte hartu zuten, besteak beste, Extremadurako nahiz hango eskualdeetako ordezkari publikoek eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideek. Dena den, Piris zenaren sendia ere han izan zen, tartean Carmen Carballo ama; etxekoek bakearen ikur diren lau mitxoleta zuri eraman zituzten atzo. Halaber, Fernando Garciak, Piris hil zenean larri zauritu zen haurtzaroko lagunak, ekitaldian parte hartu zuen.

Ezkerretik eskuinera, Garcia, Pirisen anaia eta haren ama, besteak beste. (Irekia)

ETAren bonba batek hildako aurreneko umea izan zen orduan Piris. Azkoitian duela bi urte egin zioten aurreneko omenaldia, eta atzo, bigarrena, bere jaioterrian. Azkoitiko Udalak lore sorta bat bidali zuen San Vicente de Alcantara herrira, baina ekitaldian parte hartu zuena Jagoba Alvarez Ereño izan zen, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria. Hark azpimarratu zuen "terrorismoaren biktimak oroitzeko ekitaldiek guztiz beharrezkoa izaten" jarraitzen dutela; "ez da soilik errespetua erakusten, biktimei omenaldia ere egiten zaie", azaldu zuen zuzendariak. Dena den, Alvarezentzat halakoak "memoria-ekitaldiak" ere badira, eta hurrengo belaunaldiei "gertatu zena transmititzeko aukera" ematen dute. Haren iritziz, "memoria bizirik mantentzea izugarrikeriaren aurkako garaipenik handiena da", eta "ETAk eragindako zentzugabekeria guztiaren aurrean erresistentzia ariketa".

1980. urteko martxoaren 29an hil zen Piris Azkoitiko Floreaga auzoan, 13 urte zituela. Larunbatero bezala, futbol partida bat jokatzetik Floreaga auzoan zuten etxera zihoan haren lagun Fernando Garciarekin (Zamora, Espainia, 1968) batera, azken horren aitarekin eta beste mutiko batekin batera. Floreagan dagoen Atanotarren plazara iristean, hiru haurrak autotik irten ziren, eta Garciaren aita autoa aparkatzen hasi zen. Pirisek lurrean zegoen pakete bati ostikoa jo zion; ETAk auzoan bizi zen guardia zibil baten autoaren azpian jarritako bonba paketea zen, haren autoa martxan jartzean askatu eta lurrean gelditu zen paketea, hain zuzen. Pirisi lehertu zitzaion bonba hura, eta eztandaren ondorioz, unean bertan hil zen; Garcia, berriz, larri zauritu zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide