Gutuna

Azkoitiko indarkeria matxistaren errealitateaz

Nora Unanue 2024ko abu. 12a, 13:15

Nora Unanue, Itaiako kidea. (Utzitakoa)

Nora Unanue Urola Erdiko Itaiako kideak Azkoitia Gukara bidalitako gutuna da honakoa. Besteak beste, Itaiak joan den azaroan herritarren artean zabaldutako inkestan ateratako emaitzen eta Andre Maria jaietako protokoloaren inguruan mintzatu da bertan.

Badira urte batzuk Urola Erdiko Itaia antolakundea sortu genuenetik, eta askok zalantzan jarri izan dute (izan inozentziaz edo ignorantziaz) antolakunde honen beharrezkotasuna. Horrexegatik, Azkoitiko errealitatera gerturatzen saiatzeko indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladako kideekin batera inkesta bat jarri genuen martxan pasa den azaroan. Bertan, Azkoitiko herritarren pertzepzioez eta esperientziez galdetu genuen.

Jasotako erantzunen artean, %61,4 izan ziren noizbait erasotuak izan direla aitortu zutenak. Erasoen nolakotasunaz galdetzean, gehien errepikatutako eraso moten artean ukituak (%45) aurki ditzakegu. Atzetik, irainak eta ahozko erasoak (%44,28), eta eraso fisikoek ere (%18,57) leku handia hartu zuten erantzunen artean. Bestalde, aipagarria da inkesta erantzun zuen erdiak baino gehiagok (%54) esan zuela ez zekiela ziur eraso baten aurrean egoki jokatzen jakingo lukeen edo ez.

Telebista nahiz irratiko berrietan hain urrunekoak direla sentitzen ditugun erasoak, beraz, ez dira Azkoitiko errealitatetik urruntzen, zoritxarrez. Hori horrela dela jakinda, ezinbestekoa iruditzen zaigu festetan ere gerta daitezkeen erasoen aurrean antolatuta egotea.

Aurtengo andremarietan, beste urte batzuetan egin izan dugun bezala, Itaiaren protokoloa martxan egongo da abuztuaren 14tik 19ra arte. Eraso bat ikusi edo jaso duen edonork aktibatu ahal izango du protokoloa 613 63 73 85 zenbakira deituta edo Azkoitiko txosnetako barrara joanda. Aholkularitza eta zerbitzuen inguruko gida, akonpainamendua eta salaketa publikoa egiteko aukera eskainiko da. Horrez gain, zenbakira deituz gero ere, etxera bakarrik ez joateko laguntza eskainiko da festetan zehar.

Protokoloaren nondik norakoak zehatzago azalduko dira abuztuaren 13an, 18:00etan txosnagunean egingo dugun aurkezpenean. Herriko festen atarian, ezinbestekoa izango da emakume langileok indarkeria matxistari aurre egiteko antolatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide