Ez da geldirik egotekoa: mendia, korrika, esku pilota, palak, bizikleta... Kirol horiek eta gehiago praktikatu izan ditu Amaia Aizpuruk (Azkoitia, 1995) umetatik. "Ez naiz inoiz izan sofan egotekoa". Praktikatu ez ezik, hamaika proba eta txapelketatan lehiatu izan da kirolaria, eta 30 urtera iristen ez bada ere, zerrenda amaigabea da.
Aizpururi "betidanik" gustatu izan zaio kirola egitea, eta horretarako akuilu izan du osaba, Roke Aldalur. "16 urte nituela, osabak animatu ninduen korrikan eta erraketetan ibiltzen hastera. Larunbatero, frontoian hiru partida jokatu eta sei kilometro egiten genituen korrika. Urtebete igaro zenean, osabak esan zidan palaz jokatzen hasiko ginela, erraketekin irabazi egiten niolako". Modu horretara murgildu zen gaurdaino eusten dion kirolean, eta gogoan du Errezilen jokatu zuen lehen pala txapelketa herrikoia: "Ez nintzen urrutira iritsi, baina oso ondo sentitu nintzen txapelketa hartan". Azpeitiko txapelketan parte hartu zuen segidan, eta han Azkoitiko palistak ezagutu zituen. "Azkoitiko taldera batu nintzen, eta bizpahiru urtez aritu nintzen beraiekin. Federazioaren bitartez txapelketa herrikoiak egiten genituen, eta guk partidak jokatzen genituenean federatuak hasten ziren. Haiek ikustean konturatu nintzen nik ere federatu egin nahi nuela". Behin federatuta, Deban emakumeen pilota taldea sortu zuten duela bost urte, eta han jarraitzen du oraindik. Azkoitiarra astean bizpahiru aldiz joaten da hara, eta dagoeneko "etxeko" dute han ere, jokatu ez ezik, bestelako prestaketa lanetan ere aritzen delako. Inguruko herrietako emakumeek osatzen dute taldea, eta Gipuzkoan jokatzen dituzte txapelketak, herrikoiak zein federatuenak. Aurten, Udaberri Txapelketa irabazi dute. "Pilotari hobeto ematen eta gerra ematen hasi garela esan dezakegu".
Herriarteko gomazko paleta txapelketan ere parte hartu du Aizpuruk Azkoitiko taldearekin, eta haren ustez, orain arte txapelketa horretan lehiatu den emakume bakarra da Azkoitian. "Azkoitiko palistek aukera eman zidaten entrenatzera joateko, eta zeharo harritu nintzen pilotari ematen zizkioten kolpeekin. Gerora, itzulerako partida bat jokatzeko aukera eman zidaten: joaneko partidan 0-3 irabazita genuen, eta itzulerakoan nahikoa genuen lehenengo partida irabaztea. Nik hirugarrengoan jokatu behar nuen, eta 20-18 irabazi genuen, justu-justu. Partida hasi baino lehen, zuriz jantzita ikusi ninduten, eta guztiak niri begira geratu ziren. Aurkaria suabe hasi zen jokoan, baina zortzina berdinduta gindoazenean, bi pareta egin eta tantoa egin nion. Orduan, benetan ematera hasi zen, eta ni, berriz, eusten nenbilen. Parez pare joan ginen, eta azkenean irabazi egin nion. Orduko oroitzapen oso onak ditut, eman didaten aukerarik onenetakoa izan da hori".
Palaz ez ezik, esku pilotan ere aritzen da kirolaria, baina aitortu du palaz egiten dudan %30 egiten duela eskuz. Besteak beste, Pilotari Eguneko txapelketa herrikoian ere parte hartu izan du azkoitiarrak, finalera iristeraino. "Jende askok goraipatu nau Kontzejupeko txapelketan egin dugun lanagatik, baina pena ematen dit horrek, palaz askoz lan hobea egiten dugulako".
Hori gutxi ez, eta bizikletan ere aritzen da Aizpuru, "gero eta gehiago". Besteak beste, Mangaixue martxan parte hartu izan du, eta Santiago Bidea ere egindakoa da pedalkadaka, bitan. "Lehenengoan Portugalgo bidea egin nuen Lisboatik, errepidez, eta bigarrena, Orreagatik [Nafarroa]. Ni bizikletan nindoan bitartean, ahizpak eta aitak furgonetatik jarraitzen ninduten. Errepidetik egin nuenean, 100 kilometro hiruzpalau ordutan egiten nituen, eta arratsaldea hondartzara joateko edo hiria ikusteko aprobetxatzen genuen. Mundiala izan zen esperientzia hura". Lankideek Ondarroako (Bizkaia) Dinamartxa proban izena eman zutela eta, hura ere probatu zuen Aizpuruk gero, eta azken bi urteetan Quebrantahuesos lasterketan ere parte hartu izan du: "Denek esaten didate ezin dudala guztietara iritsi, eta egia da kostatu egiten zaidala ezetz esatea".
Kirol batek eraman du azkoitiarra beste batean hastera, eta horien artean, korrikan ere ibili izan da. "Ttipi-ttapa taldearekin hasi nintzen lasterka, eta [Joxe Antonio] Zulaikak esaten zidan lasterketatan parte hartzen hasi behar nuela. Azpeitian San Silbestre egin nuen, Azkoitiko Herri Lasterketa ere bai, baina beti esaten nuen hamar kilometro baino gehiagoko probarik ez nuela egingo, harik eta azkenean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzera animatu ninduten arte. Ordutik, beste hirutan egin du maratoi erdi hori, eta urte berberetan Behobia-Donostia lasterketa eta Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia ere egin zituen. "Ahizpa igerian ibiltzen zen, eta urte batean lagundu egin nion Getariara, zeharkaldia egin behar zuelako. Besteek zeharkaldia egiten zuten bitartean, handik Zarautzera oinez nindoala, pentsatu nuen distantzia bera egin nezakeela plisti-plasta". Pentsatu eta egin: "Geroztik, lau aldiz egin dut".
Esan eta egin
Naturaltasunez kontatzen ditu Aizpuruk askoren harridurarako izan daitezkeen kirol lorpen guztiak. Beste zer kirol egiten duen galdetuta, berriz, mendian ere aritzen dela gaineratu du, eta nola ez, parte hartu duela zenbait mendi lasterketatan zein martxatan. Izan ere, ez dio mugarik jartzen bere buruari: "Bestela ere jartzen dizkigute mugak, baina niri topea gorputzak jarriko dit, ez beste inork.
Gauzak gustatzen zaizkidan bitartean, saiatu egingo naiz egiten, eta gauzak ez badira ondo irteten, berdin dio, hurrengoan berriz izango dut aukera". Izan ere, argi utzi du kirolariak ez duela "itsutu" behar probekin, eta are gutxiago lorpenekin: "Gauzak egingo ditugu, baina osasuntsu. Probaren batean denbora ona egiten duenari 'zorionak eta bejondeizula' esango diogu, baina besteari ere bai".
Kirola egiteaz gain, epaile lanetan ere ibiltzen da azkoitiarra. Eskuzko pilota zein pala partidak epaitzen ditu, eta Herriarteko txapelketetan aritzen da horretan. Haren hitzetan, eskuzko pilota partidak epaitzea errazagoa da: "Frontoia eskuko pilotarako dago prestatuta, pilota handia da, pala baino makalagoa da eta haren soinua nabarmena da. Palaz, berriz, pilota txikiagoa da, efektu gehiago daude, kantxa osoa hartzen du...".
Azaldu duenez, "konpromiso handia" eskatzen du epaile izateak: "Batzuetan tentsio uneak bizitzen dira, guztiok ez gara berdinak, eta oldarraldiak ere izaten dira. Baina epaileak horrela ikusi badu...". Zeregin hori gustatzen al zaion galdetuta, berriz, "gustuz" ez dela aritzen onartu du Aizpuruk, epaile batek ez duelako izaten "ezer irabazteko", baina bai galtzeko: "Egokitu izan zait gertuko jokalari bat epaitu behar izatea, eta ez da erraza... Inork ez du nahi epaile izan, gero eta gutxiago gaude, eta kezka ere badugu, daudenak 60 urteren bueltan dabiltzanak direlako".
Kirola, "elitismora" bidean
Kirola hain ondo ezagutua, kiroltasunaren sekretua laguntasuna dela azpimarratu du Aizpuruk, baina azaldu du horren hutsunea sumatzen duela. "Askotan gertatu zait zerbait laguntasunez taldean egin, eta amaitutakoan, norberak bere argazkitxoa atera nahi izatea". Gero eta boluntario gutxiago daudela ere azaldu du, eta bide horretan, kirola "elitista" bihurtu delakoan da. "Ordaintzen duenak soilik egingo du kirola". Haren arabera, gero eta kirolari gutxiago dago "lanerako prest", baina kirolari batek nonbaiten parte hartzen badu, hark ere zerbait eman beharko lukeela uste du Aizpuruk. "Gu baino zaharragoek badute pentsaera hori, baina gazteen artean falta da".
Horrez gain, bada beste zerbait ernegatzen duena: emakumeek kirolean jasaten duten diskriminazioa. "Askotan, frontoira entrenatzera joan eta inork ez dizu lekua uzten, ordubete zain egonda ere. Klubetan ere gorabeherak izaten ditugu kontu horrengatik, baita kantxan ere, guztiok, emakume zein gizon, zuriz jantzita egonagatik. Baina, aizu, gu ere ondo jokatzera goaz, beste guztiak bezala. Zenbaitetan, ikusezinak gara emakumeak". Askotariko esanak ere entzun behar izan ditu probetan. "Martirietako igoera egin nuenean, ezin da imajinatu zenbat aldiz entzun nuen 'ausarta' hitza. Beste batean, pala partida bat hasi aurretik, aurkarietako baten aita etorri zitzaigun, esanez: 'Ez utzi nire mutilak gaizki'. Komentario horiek gaur egun ez dira normalak". Esandakoak esanda, berretsi du: "Kirolean zerbait lortu nahi bada, aurpegia jarri behar da, eta emakumea izanda, are gehiago".
Motzean:
- Adina: 29 urte.
- Ikasketak: Energiaren Ingeniaritza.
- Lanbidea: ingeniaria.
- Ingeniaria ez banintz: kirolari profesionala izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... kirolen bat egitea, lagunekin edo senideekin elkartzea eta baserrira buelta bat egitea.