Trikiti munduari lotuta darama Xabier Etxanizek (Aizpurutxo, 1989) 8 urte zituenetik. Etxean hartu zuen lehen aldiz instrumentu hori, eta lehengusinarekin batera jo zituen lehen abestiak, etxe hura trikiti jaialdia bailitzan. Urte hauetan guztietan txapelketaz txapelketa eta jaialdiz jaialdi ibili da Etxaniz, Ainara Saizar bidelaguna ondoan zuela eta, oraindik, lehen akorde horiek jotzen entzun zuen etxea eta inguruko txoko guztiak musikaz alaitzen jarraitzen du.
Umetan, 8 urte besterik ez zenituela, hasi zinen trikiti munduan. Nolatan?
Lehengusinak baldintzatuta egin nituen nire lehen urratsak trikitiaren munduan, berak hasi nahi baitzuen instrumentu hori jotzen. Nik, berriz, gitarra jotzen ikasi nahi nuen garai hartan, baina etxean trikitia geneukanez, ni ere horrekin hasi nintzen. Azkenean gustatu egin zitzaidan trikitia eta, beraz, ikasten jarraitu nuen; lehengusinak, aldiz, utzi egin zuen.
Urte batzuk beranduago, 14 urterekin, gazteen txapelketetan lehiatzen hasi zinen. Zerk animatu zintuen pausoa ematera?
"Ainara Saizar erreferente da niretzat pandero jotzaileen artean, eta lagun oso ona"
Azken finean, ikusten nuen trikitiarekin ikasten ari nintzen piezak gero eta zailagoak zirela, eta momentu horietako batean erabaki nuen txapelketa batean parte hartzeko unea zela: horretarako aukera suertatu zitzaidan eta, egia esan, gehiegi pentsatu gabe ekin nion lehen erronka horri.
Gazteen hainbat txapelketatan parte hartu ondoren, Markina Xemeingo I. Helduen Trikiti Txapelketara animatu zinen Ainara Saizarrekin bikotea osatuta. Lehenengo edizio hura irabazi zenuten, baina baita hirugarrena eta laugarrena –aurten– ere. Zer da zuretzat Markina Xemeingo txapelketa?
Hemen, Euskal Herrian, gazteentzako txapelketa asko antolatu dira; 2000. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, indarra hartu zuten berriro. Txapelketa horiek 16 urtetik beherakoei zuzendutakoak ziren, eta urte batzuk beranduago 18 urtera igo zuten parte hartzeko adina. Zeanuriko [Bizkaia] txapelketan, berriz, 22 urte arteko gazteek parte har zezaketen. Aitzitik, helduen txapelketak ez ziren antolatzen 1990. urteaz geroztik, gutxi gorabehera. Azken finean, Markina Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketa helduen kategoriako trikitilarientzat erreferentea da eta, niretzat, hor jarraitzen dugunaren seinalea dela esango nuke.
Helduen txapelketak indartzeko modu egoki bat izan daiteke txapelketa libreagoak antolatzea: hau da, hain tradizionalak izan beharrean libreagoak izango balira, agian jende gehiago animatuko litzateke parte hartzera.
Noren aurka lehiatuko zinateke gustura txapelketa batean?
Asko gustatuko litzaidake gorenean egon ziren trikitilari horien aurka aritzea: Joseba Tapiaren edota Xabier Alberdi Zabale-ren aurka, esaterako.
Ainara Saizar duzu oholtza gainean bikote. Zer da Saizar zuretzat?
Duela hogei urte inguru ekin genion elkarrekin jotzeari, eta esango nuke kasualitatez agertu zela Saizar nire bizitzan. Bera ere, nire moduan, Azkoitiko musika eskolara joaten zen, eta hor hasi ginen elkarrekin txapelketetako zenbait pieza entseatzen, apurka-apurka. 14 urterekin ezagutu nuen Saizar, eta lau urtez jarraian gure udak entseatzen, txapelketetan eta pieza berriak ikasten igaro genituen. Beti elkarrekin geunden.
Ondoren, 18 urtetatik hasi eta 27 ingurura arte txapelketetan parte hartu gabe egon ginen, baina, halere, guk elkartzen jarraitu genuen. Esan bezala, 2017an hasi ginen berriro ere lehiatzen, eta urte guzti hauetan erromerietan eta jaialdietan ere izan gara.
Saizar niretzat laguntza ikaragarria izan da beti, eta eredu bat da pandero jotzaile guztien artean. Lagun oso ona dut.
Saizarrez gain, nor miresten duzu trikitiaren munduan?
Beti esan izan dut etxean jasotakoak eragina duela pertsona horren bizitzan. Nire anaia zaharrenak trikitia jotzen du, eta ni ikasten hasi nintzenean berak zekizkien abestiak irakatsi zizkidan. Azkenean, beti eskertuko diot anaiari emandako laguntza guztia, baita berak zekizkien abestiak irakatsi izana ere. Horrez gainera, nire erreferentea izan da beti Xabier Alberdi Zabale. Irakasle izan nuen Zabale, eta betidanik gustatu izan zait hark trikitia jotzeko duen estiloa, beste hainbat alderdiren artean.
Etxean hasi zinen trikitia jotzen, baina musika eskolara ere joan zara.
"Txapelketa batean parte hartzeak sakrifizio eta entsegu ordu asko eskatzen ditu"
Bai. Lehenik eta behin etxean hasi nintzen, eta ondoren joan nintzen musika eskolara. Lehen urteak Arantxa Mujika irakaslearekin igaro nituen; zortzi urte inguru eman nituen harekin. Ondoren, Zabalerekin jarraitu nituen ikasketak.
Urteak daramatzazu trikitiarekin. Inoiz pentsatu al duzu uztea?
Inoiz ez dut pentsatu trikitia guztiz albo batera uztea, nahiz eta gehiago edo gutxiago jo dudan uneak izan ditudan. Orain, esaterako, hilabete inguru neraman trikitia hartu gabe. Akaso, txapelketa baten ostean izaten ditut trikitia gutxiago hartzen dudan asteak, txapelketa batek gauza asko eskatzen baitizkizu; sakrifizioa eta entsegu ordu asko, horien artean. Muga batzuetara iristen da bat, eta atsedena beharrezkoa izaten da ondoren.
Aurreko urteetan, txapelketa batean parte hartu ondoren beste batean izena emateko gogoa pizten zitzaidan, baina aurten sentsazioa ezberdina izan da: balantza batean jarri ondoren, ez nago ziur txapelketa batean parte hartzeak zenbateraino merezi duen, eskatzen duen sakrifizioa eta ondoren lortzen duzuna alderatuta.
Sakrifizioaz eta denboraz ari zara. Nola prestatzen zarete txapelketa batean parte hartzeko?
Prestaketa nahiko gorabeheratsua izaten da. Azkenean, gaztea zarenean irakasleak irakasten dizkizu txapelketan joko dituzun piezak, eta zuk horiek behin eta berriz entseatzen dituzu, txapelketan ahalik eta ondoen egiteko. Baina ondoren gauza aldatu egiten da: zure pieza propioak sortzen hasten zara, eta horiek aurkeztu nahi dituzu txapelketetan; beraz, lana bikoiztu egiten da. Zailena, nire kasuan, piezak sortzea izaten da. Aurten, adibidez, otsailean hasi nintzen zerotik piezak sortzen, eta maiatzean izan zen Markina Xemeingo Trikiti Txapelketa. Azkenean, norberaren konpromisoak ere garrantzia du: izan ere, duela bost urte asmatutako piezak jo nitzake eta denbora aurreztu, berriak asmatu beharrean. Behin piezak asmatu eta zein joko ditugun erabakitzean elkartzen gara Saizar eta ni, dena entseatzeko.
Egun jarraitzen ez duzun arren, garai batean gaztetxoei trikiti eskolak ematen zenizkien. Inoiz pentsatu al duzu bizitza alde horretatik bideratzea?
Gaztetxoei trikitia irakatsitakoa naiz, baina horrek ere bere alde onak eta txarrak dituela ikusi dut. Alde batetik, irakaslea zarenean freskoago duzu guztia, eta hori positiboa da. Baina, bestetik, beti izan dut barne borroka bat gai honi lotuta: ez dut nahi nire zaletasuna lanbide bilakatzerik, eta hori sentitu nuen irakasle izan nintzen urte haietan. Probatu nuen zer zen egunero, denbora luzez, trikitiari itsatsita egotea, eta azkenean horrek ere nekatu egiten du.
Hainbat pieza propio dituzu. Zer izaten duzu oinarri piezak sortzerakoan?
"Urteak aurrera badoaz ere, trikitiak funtzionatzen jarraitzen duela erakutsi digu"
Beti gustatu izan zaizkit tonu minorrean jotako piezak, baino pandero jotzailea ere kontuan izan behar da. Nire kasuan, ateratzen zaidana idazten dut, gehiegi pentsatu gabe. Halere, azkenean, norberak ondoen datorkion melodia horretan sortzen ditu abestiak, teknikoki gehien komeni zaion modura. Azken finean, beste batek sortutako pieza bat jotzen duzunean egilearen teknikara egokitzen ari zara, eta orokorrean teknika hori ez da izaten zuri ondoen datorkizuna. Zuk egiten dituzunak, aldiz, teknikoki ondoen menperatzen dituzunak izan ohi dira.
Zuk sortutako pieza horietatik, zein duzu maiteen?
Geure Kolkotik izeneko egitasmorako sortu eta grabatu nuen Azken aldia abestia izango litzateke nire gustukoenetako bat.
Zein da trikitiarekin lotuta duzun oroitzapenik politena?
Mundu honi lotuta ditudan oroitzapen politenak jaialdietakoak eta erromerietakoak dira. Izan ere, oholtza horietan nik sortutako piezak jo ditzaket, eta horietan sentitzen naiz erosoen. Oroitzapen oso onak ditut, adibidez, Saizarrekin partekatutako edozein jaialdirenak, baita duela hamar urte inguru anaiekin konpartitu nuen jaialdiarena ere, Azpeitian.
Une zailak bizitzea ere tokatuko zitzaizun.
Bai. Orain, atzera begiratuta, momentu batzuetan gaizki ere pasatu dudala ikusten dut. Sentipen hori, gehienbat, azken txapelketetan izan dut: faborito modura joan naiz, eta horrek jendearen komentarioak entzun beharra ekarri dit. Presio gehigarri bat da, azkenean.
Zer da trikiti mundutik kanpo egitea gustatzen zaizuna?
Milaka saltsatan sartuta egon izan naiz beti, eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren umetatik izan dudan zaletasun bati heldu nion berriro ere: marrazketari, hain justu. Horri lotuta, hainbat lan egin ditut urte hauetan: esaterako, hiru liburu ilustratu ditut. Denbora pasatzeko modu hori asko gustatzen zait. Gainontzean, irakaskuntzan jarduten dut.
Nola ikusten duzu trikitiaren etorkizuna? Gazteen artean ba al da mundu horrekiko zaletasunik?
Nire ustez, trikitiak gauza bat erakutsi du urte hauetan: edozein momentutan, era ezberdinetara bada ere, funtzionatzen jarraitzen duela. Gure panoraman, behintzat, beti funtzionatu izan du. Egia da, guztian bezala, momentu hobeak –arrakasta handiagoarekin– eta apalagoak izan dituela. Horrez aparte, ikasle asko daude egun musika eskoletan; hortaz, era batera edo bestera, etorkizuna egongo da trikitiaren munduan. Halaber, ni gazteagoa nintzenean ikusten ez nuen bezala, trikiti zaharraren berreskurapen bat ikusten ari naiz egungo gazteen aldetik. Adibidez, Aristerrazuko (Aia) erromeria aipatuko nuke, duela urte batzuk baino askoz ere gazte gehiago biltzen baita han gaur egun.
Zein asmo dituzu aurrera begira?
Trikitia jotzen jarraitzeko asmoa daukat, baina egia da ikuspuntua aldatu dudala apur bat. Hemendik aurrera gehiago baloratu nahi dut zerk merezi duen eta zerk ez; batzuetan ezetz esaten ere jakin egin behar da, eta norbera gustura dagoen horretan zentratu. Halaber, beti esan izan dut neure piezekin osatutako zerbait grabatu nahi dudala. Jakin badakit, nire piezen estiloa oso tradizionala dela, duela 25 urte inguru grabatzen ziren piezen estiloa jarraitzen baitute, eta pieza horiek gaur egungo musika panoraman ez dute lekurik, ez entzulerik ezta salmentarik ere, baina, pieza batzuk sortuta ditudanez, grabatzea gustatuko litzaidake, niretzat bada ere. Ez dakit noiz izango den, baina espero dut egunen batean zerbait grabatzea.
Motzean:
- Trikitiarekin jotzeko abesti gustokoena? Tonu minorrean dagoen edozein.
- Eta, entzuteko? Zabaleren diskoko edozein abesti.
- Oholtzarako bikote bat? Ainara Saizar.
- Trikiti munduan erreferente bat? Asko esango nituzke, baina bat hautatzekotan, nire anaia aukeratuko nuke.
- Zerk egiten zaitu zoriontsu? Lagunarte eder batek.
- Trikitia joko ez bazenu, zein instrumentu ikasiko zenuke? Pianoa.