Nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?
Gurasoak, biak, oso bertsozaleak dira, eta txiki- txikitatik entzun izan ditut bertsoak etxean, Bertso Egunetara joan izan gara... Beraz, zaletasuna etxetik edo familiatik datorkit, eta 7 bat urte nituela bertso eskolan hasi eta urteak egin ditut han.
Sekula jendaurrean kantatu al duzu?
Plazan ez, baina lehiaketetan-eta parte hartutakoa naiz.
Eta nolatan eman duzu bertsotan aritzetik gai jartzaile izatera jauzia?
Beti nahi izan dut bertsolaritzari lotutako zerbaitetan jardun, baina neure burua plazan bertsotan ez nuen ikusten. Lagun batek esan zidan bazekiela gai jartzaile gazteen bila zebiltzala, aukera hori bazegoela, eta halaxe, Gipuzkoako Bertsozale Elkartera idatzi nuen. Bueltan erantzun zidaten galdetuz Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan gai jartzaile aritzera animatuko nintzen, eta baiezkoa eman nien. Iaz egin nuen proba, gustatu egin zitzaidan, eta hor jarraitzen dut.
Nola trebatzen da gai jartzaile bat? Ikastarorik edo beste zerbait egin al duzu?
Ikastarorik-eta ez dut egin. Saio baten aurretik etxean jarduten dut plazan nola egingo nukeen entseatzen, testuak ahoz goran irakurtzen, baina bestelakorik ez. Hala ere, txapelketetako saioetan gai jartzaile aritzeko aurrelanak ez ditugu norbere kabuz egiten, taldean baizik.
Esate baterako, nola prestatu dituzue Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko saioak?
Lehen partea prestatzeko, Zumaiako soziedade batean elkartu ginen martxoan edo. Bakoitzak saio bat izango litzatekeena prestatuta eraman genuen hara: zortziko handian hiru bertso kantatzeko hiru gai, zortziko txikirako beste hiru eta abar. Ondoren, semaforoa deitzen dioguna egin genuen, galbahea izango litzatekeena, eta gaiak eta haien formulazioa denon artean adostuta prestatu genituen saioak. Gero, apirilean eta maiatzean, asteartero-asteartero gai jartzaile taldea Villabonan elkartu gara bigarren faseko saioak prestatzen joateko.
Zer moduz sentitu zara batzar horietan?
Hasiera batean, beldur pixka bat banuen, neu bainintzen taldeko gazteena; neu bakarrik ikaslea, beste denak langileak. Beste pare bat badaude 23 edo 24 urte dituztenak, baina gainontzekoak dezente zaharragoak denak.
Zergatik ez ote dira gazteak animatzen?
Nik uste gazteak ez direla animatzen, sekula ez dutelako gai jartzaile gazte bat oholtza gainean ikusi. Gazteak ere bagabiltzala ikusteak ea besteren batzuk animatzeko balio duen.
Asko fijatzen al zara beste gai jartzaileetan?
Lehen oholtza gainean zeudenik konturatu ere ez nintzen egiten, baina orain bai.
Baduzu oso gustuko duzun gai jartzailerik?
Adibidez, Amaia Agirre bertsolariak saio pila bat egiten ditu gai jartzaile, eta hori bada zerbaiten seinale.
Zer ezaugarri behar du gai jartzaile on batek?
Gaiak motzean aurkeztea gustatzen zait, baita publikoan nagoenean ere. Irudimena izatea eta hizkuntza trebetasunez erabiltzea ere beharrezkoak dira, eta oholtza gainean patxadaz egotea ere bai.
Hemendik hamar-hamabost urtera Euskal Herrikoan gai jartzaile ikusten al duzu zeure burua?
Ez jakin; momentuz gustatzen zait eta jarraitzeko asmoa dut, eta ikusiko dugu noraino iristeko gai naizen.