Aintzane Agirrebeña: "Geure barrutik datorrenak osatzen du diskoa"

Iraia Oteiza 2024ko abu. 1a, 09:44

Aintzane Agirrebeña ezkerrean, eta Mirari Azkune eskuinean. (Utzitakoa)

Aintzane Agirrebeña pandero jotzaileak eta Mirari Azkune trikitilariak Geuretik izeneko disko berria kaleratu dute. Askotariko doinuak bildu dituzte hamalau abestitan.

Ibilbide luze samarra egin behar izan duen arren, azkenean kalean da Mirari eta Aintzane trikitilarien disko berria: Geuretik. Ohiko trikiti doinuez gainera, rantxerak eta bertsioak ere bildu dituzte hamalau abestiz osatutako lan berrian. Aintzane Agirrebeña (Eibar, Gipuzkoa, 1981) Azkoitiko bizilagunak azaldu dizkio hedabide honi disko berriaren xehetasun guztiak.

Geuretik izeneko disko berria kaleratu duzue Mirari Azkunek eta biok. Zer aurki daiteke lan horretan?

Jaialdi ugaritan parte hartu izan dugu, eta horietarako abesti berriak prestatzea gustatzen zaigu, bertsioak eta halakoak. Askotan kanta horiek behin eskaintzen dira jaialdian eta kito. Ez genuen halakorik nahi, eta sortutako abesti horiek guztiak disko batean biltzea erabaki genuen.

Hamalau abestiz osatutako diskoa kaleratu dugu: ohiko trikiti doinuak bildu ditugu batetik, arin-arina, fandangoa eta halakoak; baina, abestea ere atsegin dugunez, kantatzeko abestiak ere grabatu ditugu, rantxera estilokoak eta bertsioren bat edo beste, esaterako, Billy Joel estatubatuarraren Piano man abestiaren bertsioa.

2019an hasi zineten diskoa grabatzen, baina orain kaleratu duzue. Ibilbide luze samarra egin behar izan du diskoak.

2019an hasi ginen grabaketarekin, bai, baina COVID-19 pandemiaren ondorioz, geratu egin behar izan genuen. Ondoren, berriz, soinu teknikaria eta gure laguna zen Walter Tuzzeo hil egin zen egun batetik bestera, dena grabatuta genuenean, eta kolpe gogorra izan zen guretzat. Orduz geroztik, buruko min bat baino gehiago izan ditugu, ez genekielako nola jarraitu, grabatutako guztiarekin zer egin, edota nora jo. Balea estudioak egin dizkigu nahasketak azkenean, eta bost urteren ostean, argia ikusi du Geuretik diskoak.

Beste hainbat musikarik ere parte hartu dute diskoan, ezta?

Jaialdi batzuetan guk bakarrik parte hartu izan dugun arren, noizbehinka beste musikari batzuek ere lagundu izan digute; ondorioz, horiek ere gure lan berrian agertzea nahi izan dugu. Tuzzeoz gain, Eugenio Gisasola Lutxurdio-k, Zaloa Zenarrutzabeitiak, Miren Errastik, Agurtzane Mujikak eta Iñaki Ortegak ere parte hartu dute.

Geuretik izena jarri diozue lanari. Zergatik?

Trikitia geure sustraietako musika delako, lana geuk sortua delako, geure estiloko abestiak bildu ditugulako, eta geuretik ateratakoa eskaini nahi izan dugulako jarri diogu izen hori. Nolabait esateko, geure barrutik datorrenak osatzen du diskoa.

Gaur egun, musika entzuteko plataforma bat baino gehiago daude, baina zuek disko fisikoa kaleratu nahi izan duzue. Zer dela eta?

Aurrekoan ere disko fisikoa atera genuen, eta oraingoan ere halaxe egitea erabaki dugu. Egia da gaur egun diskoa ateratzea ez dela ohikoena, eta askok galdetu digutela ea Youtuben edota Spotifyn jarri al ditugun gure abestiak. Momentuz ez, eta oraindik ez dakigu oso ondo halako plataformetan nola txertatu abestiak, baina horietara heltzea ere ez dugu baztertzen.

Non eskura daiteke disko berria?

Hainbat lekutan jarri dugu salgai, gehienbat gure inguruan. Azkoitian, Isidro erretegian eskura daiteke, Eibarren [Gipuzkoa] Arrate irratian, Lasarten Tririkitrauki dendan, eta Mirari Bizkaikoa izanik, Etxebarriko, Markina-Xemeingo eta Durangoko denda eta taberna batzuetan ere jarri dugu.

Aipatu duzu zuen bigarren diskoa dela kaleratu berri duzuena. Bidea hauspotzen izenekoa izan zen aurrenekoa.

Hain justu, zortzi urte bete dira oraintxe aurreneko diskoa atera genuenetik, uztailean kaleratu baikenuen hura ere.

Orduz geroztik hainbat jaialdi eta plazatan aritu zarete. Trikiti eta erromeria mundua egoera onean dagoela esango al zenuke?

Trikitia egoera onean ikusten dut, jende eta ume asko dabilelako trikitia eta panderoa jotzen ikasten. Halaber, trikitiaren esparrua asko zabaldu da, beste musika mota batzuetara ere sartu delako.

Egia da, ordea, erromeria ez dela lehengoa. Aristerrazun eta halakoetan indar handia duten arren, oro har asko murriztu direla esango nuke. Ez da soilik trikitiaren kontua, gizarte aldaketarena baizik.

Zenbat urte daramatzazue Mirarik eta biok elkarrekin? Aurretik elkar ezagutzen al zenuten?

Trikiti giroko jendea normalean jaialdietan, trikiti bazkarietan eta halakoetan elkartzen da, eta zehazki oroitzen ez dudan arren, halako lekuren batean ezagutuko genuen elkar guk ere. Pentsatzen dut Mirarik pandero jotzaileren bat beharko zuela jaialdiren baterako eta halaxe elkartuko ginela biok. Orduz geroztik, hainbat jaialditan eta plazatan aritu gara jotzen, Markina-Xemeingo Trikiti Txapelketako zenbait ediziotan parte hartu izan dugu, eta bi disko ere kaleratu ditugu. Ibilbidetxoa osatu dugula esan daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide