Arnasaldi baten bila

Intza Trula 2024ko uzt. 25a, 10:00

Hafsa Mohamed-Ali Salec sahararra, Azkoitiko harrera familiarekin. (Utzitakoa)

Uda garaia Euskal Herrian igarotzen ari dira Mendebaldeko Saharako zenbait haur. Azkoitira eta Zarautzera etorri dira bi: Hafsa Mohamed-Ali Salec eta Rachida Bulahi, hain justu.

Uda garaia heltzeko irrikaz egon ohi dira euskal herritarrak; beste batzuek, ordea, infernuarekin gehiago identifikatuko lituzkete hil horiek. 50 gradutik gorako tenperaturak eta hondar ekaitzak jasan behar izaten dituzte uda sasoian Mendebaldeko Saharako errefuxiatuek, eta hortik ihesi, arnasaldi baten beharrean etorri dira hainbat haur aurten ere Euskal Herrira. Oporrak Bakean programari esker heldu ziren duela ia lau aste, eta uda sasoia igaroko dute Euskal Herrian, familiekin edota Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetan.

Hafsa Mohamed-Ali Salec sahararraren harrera familia da aurten Lurdes Alberdi azkoitiarrarena. Sei urte bete dira aurten Alberdiren familiak lehen aldiz Oporrak Bakean programan parte hartu zuenetik: "Erdi kasualitatez hasi ginen, eta guztiz harrapatu gaitu esperientziak", azaldu du Alberdik. Kostaldera etorri denik ere bada; Zarautzera, zehazki. Rachida Bulahi sahararra hirugarren urtez jarraian joan da Txarli Argiñano zarauztarraren etxera. "Lagun batzuek parte hartzen zutelako ezagutu genuen programa, eta guk ere saharar bat harreran hartu behar genuela komentatu genuen noiz edo noiz etxean. Autoan gindoazen batean hartu genuen erabakia azkenean, irratian programaren inguruko deialdi bat entzun genuenean".

Beraiez gain, hamar haur saharar gehiago etorri dira aurten Urola Kostara, Zarauzko Saharautz eta Zumaiako Darahli elkarteen bitartez. Programari esker, errefuxiatu sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo pasatu ez ezik, Euskal Herriko familiek herri sahararra lagundu eta beste kultura bat ezagutzeko aukera dute.

Gogoa eta konpromisoa

Laguntzeko gogoaz eta grinaz gain, ezer gutxi behar da Oporrak Bakean programan parte hartzeko. "Gogoa eta denbora eskatzen ditu. Horrez gain, antolatzaileek eskatzen diguten gauza bakarrenetakoa da mahai gainean janari plater bat jar diezaiegula haurrei", dio Alberdik.

Azkoitiarrak esandakoarekin ados, konpromisoaz hitz egin du zarauztarrak: "Denbora batez zure kargu egongo den pertsona bat hartzen duzu etxean, eta horrek lana eskatzen du. Hala eta guztiz ere, erabat merezi duen esperientzia da".

Halaber, hilabete hauek funtsezkoak izaten dira mediku azterketak egiteko; izan ere, Oporrak Bakean programaren helburuak, besteak beste, haur sahararren osasuna eta egoera pertsonala nahiz soziala hobetzea dira: "Medikuarengana eta pediatrarengana joaten dira, baita dentistarengana ere. Han egin ezin dituzten oinarrizko eta beharrezko azterketak egiteko aprobetxatzen ditugu hemen igarotzen dituzten asteak", erantsi du azkoitiarrak.

Bestelako bizimodu bat

Basamortuko egoera latzetik alde egiteko nahiak bultzatuta etortzen dira haur sahararrak urtero Euskal Herrira, baina horrek, era berean, familiakoengandik eta maite dituztenengandik urrun egotea dakar eskutik. Esperientzia ahaztezina izan dezaten saiatzen dira harrera familia guztiak, eta horretarako, askotariko jarduerak egiten dituzte egunero familian, baita inguruko lagunekin ere. Udaleku irekietara joaten dira batzuk, eta jende berria ezagutzen dute han; mendiko paisaia berdeez gozatzen dute; Euskal Herriko txokoak ezagutzen dituzte eta oporretara joaten dira, besteak beste.

Alberdik zein Argiñanok azaldu dutenez, aipatutakoak eta beste edozein jarduera egiteko prest daude beti Mohamed-Ali Salec eta baita Bulahi ere; hala eta guztiz ere, ura eta harekin zerikusia duen guztia dute gustukoena. "Oso ur gutxirekin bizi dira han, eta erabat harrituta geratzen dira hona etorri eta iturritik nahi beste ur ateratzen dela ikustean. Eskuak garbitzen eta dutxatzen igarotzen ditu orduak Hafsak", esan du Alberdik. Ildo beretik hitz egin du Argiñanok: "Beraientzat beste planeta batera joatearen pareko zerbait da". Ondorengoa gehitu du zarauztarrak: "Hondartzara edota igerilekura joaten garenean oso-oso zaila da Rachida uretatik ateratzea".

Euskal Herrira etortzen den haur saharar bakoitza ezberdina dela dio Alberdik –beraien egoeraren moduan–, eta kultura zein familia berrira egokitzeko nork bere denbora behar badu ere, guztiak maitasunez gainezka datozela esan du: "Oso maitagarriak dira, eta musuz eta besarkadaz betetzen gaituzte egunero". Argiñanok, bere aldetik, "oso-oso zoriontsu" ikusten du Bulahi Euskal Herrian: "Denerako prest dago beti. Guk beraiei baino gehiago ematen digute beraiek guri. Horrelako esperientziei esker ohartzen gara zer gutxirekin bizi diren batzuk eta zenbat kexatzen garen besteok, daukagun guztia edukita ere". Alberdik esan duenez, "oso ondo" egokitu da Mohamed-Ali Salec hemengo bizimodura: "Bat gehiago da gure etxean, eta konfiantza osoa dugu guztion artean".

Familiei deia

Zumaiako Darahli eta Zarauzko Saharautz elkarteek urtero antolatzen dute Oporrak Bakean programa, eta azken urteetan harrera familien kopuruak behera egin duela ikusita, datorren urtean programan parte hartzera deitu ditu familiak Alberdik: "Gure denboraren tartetxo bat horrelako proiektuetara bideratzeak sekulako mesedea egin diezaioke beste bati. Gainera, harrera familiak ez dira inoiz bakarrik egoten: asko gara, eta elkartea ere gure zerbitzura dago beti". Argiñanoren aburuz, berriz, esperientziak "atseginak edo ez hain atseginak" izan badaitezke ere, "familia guztiek probatu beharreko esperientzia" da.

Rachida Bulahi sahararra, Zarauzko harrera familiarekin. (Utzitakoa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide