Juan Carlos Perez: "Behar nuen opera bat idaztea nire konposizio bidean"

Ane Olaizola 2024ko uzt. 19a, 09:11

Juan Carlos Perez, 'Saturraran' operaren gidoiarekin, Arriaga antzokian. (E. Moreno Esquibel / Arriaga antzokia)

Saturraran euskarazko opera konposatu du Juan Carlos Perezek, eta lantaldeak berriki estreinatu du lana Bilboko Arriaga antzokian eskaini dituen bi emanaldietan.

Itsasoak bustitako koilara lurrean, bi haitz atzealdean. Kartelak iradokitzen du Saturraran operaren istorioa, elezaharrak baitio elkar maitatzen uzten ez zion bikote baten oroimenez sortutako haitzak direla Saturraran hondartzakoak. Sinbologia betez oroitzen du Mutriku (Gipuzkoa) eta Ondarroa (Bizkaia) arteko hondartza Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958) konposatzaileak. Kirmen Uribek idatzi du liburuxka, eta 80ko hamarkadan kokatu duten obrarekin, unibertso oso bat parez pare zabaldu zaio Azkoitiko bizilagunari, "erabat harrapatu" baitu lirikoak.

Aste batzuk igaro dira Saturraran opera estreinatu zenutenetik Bilboko Arriaga antzokian. Zer sentipen duzu?

Esperientzia oso indartsua izan da, proiektua bera ere hala delako, opera bat ez baita egunero idazten, ezta hilero eta urtero ere. Obra idazteko eta gauzatzeko erabili dudan denbora ikaragarria izan da, eta azken egunetan ezin nuen sinetsi ere egin azkenean posible izango zenik hura taularatzea. Operak daukan erakargarritasuna da alderdi asko dituela: musikatik abiatzen den ikuskizuna da. Musikariak esaten du opera idatzi nahi duela, eta prozesua martxan jartzen du. Gero etortzen da libretoa, eta haren gainean egiten da musika. Musikak gidatzen du guztia, baina, ondoren, eszenografia etortzen da, eta orduan, musikariak idatzitako musika eta hark buruan dituen irudiak berera eramaten ditu eszenografoak; kasu honetan, Lucia Astigarragak. Beraz, bakoitzak bere zatia jartzen du, eta hori guztia pilatzen joaten denean kolorea hartzen du obrak. Azkenean, gauza batean hasi zena beste batean amaitzen da. Horrez gain, abeslariak ere oso garrantzitsuak dira operan; bitxia da, horiek prozesuan azkenak batzen direlako, baina orkestrazioak haiek baino denbora gehiago hartzen duen arren, abeslariak oso garrantzitsuak dira, haiek defendatuko dutelako obra jendaurrean.

Egia esan, oso pozik nago emaitzarekin, batetik bi emanaldietan Arriaga goraino bete zelako, eta bestetik, musika nik nahi nuen lekuan geratu delako. Ez dut esango bigarren planoan geratu denik, baina duela gutxi lagun batek esan zidan emanaldian ez zela ohartu musikarekin. Protagonista eszena da; teatroa eta abeslariak. Haiek abestuko ez balute, obra antzerkia litzateke, baina operak beste dimentsio bat hartzen du. Hori da erakargarriena, kontatzen ari den istorioa beste dimentsio batera eramaten duela operak. 

2017an hasi zinen obra idazten. Nondik nora otu zitzaizun opera bat sortzen hastea?

Aurretik, 2015ean, Bernardo Atxagaren Written in USA poeman oinarritutako Deitzen dizut Virgilio oratorio bat estreinatu nuen Bilboko orkestra sinfonikoarekin, hango abesbatzarekin eta Miren Urbieta sopranoarekin. Lehendik ere hasita nengoen ahots mota horretako piezak sortzen, eta ordutik joan nintzen ofizioa ikasten, halakoetan beldurra kentzen diozulako orkestra sinfoniko batentzako idazteari. Pentsatu nuen ondo legokeela opera idaztea, eta Saturraranen girotu nahi nuen, nire gaztetako iheserako lekuan. Marea behean dagoenean, Mutrikutik Saturraranera haitzetatik irits daiteke, eta 10 bat urte genituenean horrela ibiltzen ginen. Beste herritarrengandik urrun geunden han, libre sentitzen ginen. Era berean, 80ko hamarkadak gaztetan bete-betean harrapatu ninduen, eta garai hartan egiaz gertatu zena eraman genuen obrara, heroinaren kontuarekin-eta lotuta; istorio oso polita da. 

Bi emakumeren arteko amodioa kontatzen du operak. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu biak, eta herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Nola eraman zenuen halako istorio garaikide bat opera moduko diziplina klasiko batera?

Saturraran-ek geruza asko ditu. Esaterako, kartzela izan baino lehen bainuetxea izan zen, eta ondoren, seminarioa. Eraikinak han zeuden ni umea nintzenean, han ibiltzen ginen, eta Saturraran urbanoa zen, Zestoako Bainuetxea eta Arocena hotela izan daitezkeen moduan. Ikuspuntu pertsonaletik hasi nintzen obra idazten, lehen esan dudan moduan Saturraran amets egiteko eta jolasteko ihesbide bat zelako guretzat, eta istorioa oso aproposa zen. Saturraran opera urbanoa dela diot, nahiz eta arrantzale herri batean girotuta egon, istorioa gaurkoa delako. Garai batean, opera klasikoak pasioan edota mitoetan oinarritzen ziren, eta ez dut esango Saturraran pop obra bat denik, baina bai urbanoa; gaur egungoa da, eta guk bizi izan genuen istorioa. Egun, horrelako opera asko egiten dira, edozein eleberritan irakur daitezkeen argumentuekin osatuak. Eta horrek asko erakartzen ninduen, banekien hizkuntza musikalak operari zegokiona izan behar zuela, baina, bestalde, arte plastikoak gaurkoa izan behar zuen. Gaia sakona da, eta obrak balio dezake garai batean gertatu ziren egoera batzuen lekuko moduan ere. Alde batetik, heroinaren eta hiesaren fenomenoak bizi izan genituen, eta gazteen mundu underground hartan, bazegoen beste modu batera bizitzeko nahia. Tradizio eta gizarte katolikotik zetorren belaunaldia lehertu egin zen hamarkada hartan, eta musika doinu berrien etorrera berritzailea izan zen guretzat.

Operan gauza oniriko asko gerta daitezke, beharbada zinemara eramateko zailagoak direnak. Libretoan, esaterako, Ane protagonistak amarekin hitz egiten du, eta bere ama balea bat da. Horretarako, balea batek nola kantatzen duen begiratu nuen, eta taulan txelo batek Balearen kantua deritzona jotzen du. Halako gauza asko pasatzen dira, beharbada ikusleak oharkabean jasoko dituenak.

Obraren estreinaldiaren une bat, Arriagan. (E. Moreno Esquibel / Arriaga antzokia)


Ezaugarri horiek kontuan hartuta, musika eklektikoa sortu al duzu?

Bai, derrigorrean. Ni berez naiz eklektikoa, informazio ugari jasotzen dudalako alde desberdinetatik, eta pilatzen dudan horie nire erara nahasten dut gero. Batez ere saiatu naiz ordu eta erdiz mantenduko zen musika egiten, nahiz eta gero ematen duen musika atzealdean dagoela. Baina ez dago bigarren planoan, badu bere kantu propioa.

Euskaraz idatzi den opera bakarrenetakoa da Saturraran. 

Euskarak garrantzi handia du obran, ez bakarrik euskarazko obra delako, baizik eta giroa ere euskalduna izan delako. Orkestran badaude Albaniako, Italiako, Eskoziako zein Errumaniako musikariak, eta haiek erdaraz egiten dute. Baina Jon [Malaxetxebarria] musika zuzendaria euskalduna da, eta harritu egin nintzen taldean zegoen giro euskaldunarekin. Izan ere, gure garaian erabat egiten genuen gaztelaniaz, kalean, eskolan, unibertsitatean... baina prozesu honetan ikusi dut gaur egungo belaunaldia euskaraz aritzen dela oholtzatik kanpo ere, eta giro euskalduna zegoela atzerritarrak egonagatik.

Operak badu publiko fidela, baina askorentzat ezezaguna izan daiteke. Zer publikorentzako obra da Saturraran?

Behar nuen opera bat idaztea nire konposizio bidean. Ez nengoen pentsatzen zer publikorentzat izango zen, baizik eta menderatzera iritsi naizen hizkuntza musikala opera batean gauzatzea nahi nuen; beraz, nigan ari nintzen pentsatzen, musikari bezala noraino irits nintekeen eta non egon nahi dudan jakin nahi nuen. Kirmen oso fresko batu zen prozesura, eta horrek oreka oso ona sortu zuen bion artean. Musikak sakontasuna, seriotasuna, ematen dio obrari, eta han lantzen den gaia ere sakona da, tragedia bat da. Bestalde, Arriagara Mutrikuko eta Ondarroako asko joan dira, asko aurrez inoiz operarik zuzenean ikusi gabekoak. Operarekiko kuriositatea dutela ikustea ederra da.

Zure ibilbidearen zati handi bat pop eta rock musikan ondu duzu, ondoren arlo sinfonikoa landu baduzu ere. Operarako debutean, zer moduz barneratu duzu haren lengoaia?

Lehen aipatutako eklektizismoarekin lotuko nuke hori. Finean, txikitatik joaten zara informazioa jasotzen, eta horrek guztiak arrastoa uzten du. Garbi ikus daiteke zein izan den nire bilakaera, eta urteetan pilatzen joan den guztiak gorputz bat osatzen du. 1988an utzi genuen rocka, ikuskizuna eta komertziala bihurtu zelako eta guk musika serio hartzea nahi genuelako. Orduan, batez ere ikasten hasi ginen. Opera edo orkestra baterako piezak sortzeko asko ikasi behar da. Popean egindakoa hor dago eta ez dut ukatzen, nahiz eta egun kontsumitzen dudan musika batez ere klasikoa den, lehengoa zein gaur egungoa.

Obrak zer bide izatea gustatuko litzaizuke?

Badago gogoa emanaldi gehiago egiteko. Arriagak erosi zuen obra, beraz, egiten bada, hark egingo du. Esperantza badugu berriz taularatzeko, behintzat Donostian edo. Ilusio handia eragiten dit horrek, ikuskizunak merezi duelako eta benetakoa delako. Nik halako gauzak esatea arraroa da, baina ikuskizunak ia ez du akatsik, eta edonon, mundu osoan, egin daiteke lasai asko. Berdin du euskaraz izatea, eta gaur egun edozein operatan azpitituluak jartzen dituzte. Horretarako borondatea behar da, batez ere ekonomikoa, eta agendan lekua egin behar zaio. Ez da erraza, egitea bera ere erraza izan ez den moduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide