Ruben Gimeno: "Formatuak gaztetzen ahalegintzen gara beti"

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 16a, 09:06

Ruben Gimeno. (EGO)

Aste honetan ekingo dio EGOk udaroko kontzertu birari, eta Azkoitian egingo du bigarren geldialdia ostiralean, uztailaren 19an. Gimeno gogotsu dago birarako.

Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) uda baliatuko du aurten ere taldea osatzen duten musikari gazteen talentua plazaratzeko. Urola Kostako musikaririk ez dabil egun EGOn, baina bost kontzertu ditu programatuta orkestrak 2024ko udako topaketarako, eta horietako bat, birako bigarrena, Azkoitian emango du. Datorren ostiralean, uztailaren 19an, ariko dira musikari gazteak Baztartxo antzokian; 20:00etan hasiko da kontzertua eta sarrera doan izango da. Ruben Gimeno (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1972) da EGOren zuzendari artistikoa, eta hark azaldu ditu EGOk aurten eskainiko dituen lanen eta prestatu dituen ikuskizunaren xehetasunak; Hego Koreako 15 urteko biolin jotzaile baten eta Iban Garate azkoitiarraren partaidetza, besteak beste.

Zer aurkituko dute EGOren udako birako kontzertuetara joango diren ikus-entzuleek?

Hasteko, musika klasikoaren errepertorioan klasikoak bezain ezagunak diren bi pieza entzuteko aukera izango dute: Txaikovskiren Biolinerako kontzertua eta Mussorgskiren Erakusketa baterako koadroak, Ravelek orkestrarako moldatutako bertsioan. Horrez gain, bi gonbidatu ariko dira gurekin emanaldietan. Seohyun Kim, biolinista korear oso-oso gaztea eta oso-oso talentuduna, da horietako bat. Bestea, berriz, Iban Garate. Mussorgskik gazterik hil zen Viktor Hartmann lagun margolariaren omenez sortu zuen Erakusketa baterako koadroak; obra programatikoa dela esan daiteke, Hartmannen erakusketa batean koadroz koadro egindako musika ibilaldia. Guk Hartmannen koadrorik izango ez dugunez, zuen herritar ezagun batek, Iban Garatek, gidatuko gaitu, koadro eta pasarte bakoitza hitzez ilustratuz eta Mussorgskik proposatutako atmosfera horretan murgiltzen lagunduz. Espero dut musikazaleek Azkoitiko kontzertura joateko aukera izatea, gozatua hartuko dute eta. Guk, gure aldetik, dena emango dugu hori horrela izan dadin.

Beraz, musika ez da izango emanaldiaren osagai bakarra.

Hori da. Canonaren barruan, baina musika klasikoa eskaintzeko formatuak berritzen eta gaztetzen ahalegintzen gara beti, publikoarentzat ez ezik geuretzat ere gertukoago bihurtzeko, EGOren kideen gaztetasuna kontuan hartuta.

Bost kontzertu emango dituzue. Eduki bera izango al da bostetan ala aldaketak egingo dituzue batetik bestera?

Hondarribian [Gipuzkoa] emango dugu estreinako kontzertua hilaren 18an, eta horixe izango da besteekiko desberdina. Izan ere, espazio kontuengatik, beste programa bat prestatu behar izan dugu lehen emanaldi horretarako. Horrela, Hondarribian Txaikovskiren Biolinerako kontzertua emango dugu, baina Mussorgskirenaren tokian Dvoraken Haizezko instrumentuentzako Serenata joko dugu, agertoki txikiagoetarako egokiagoa. Beste lau kontzertuek programa berbera izango dute, Azkoitirako aipatu duguna.

Zenbat kide ditu gaur egun EGOk?

Kopuru zehatza ezingo nuke eman, baina laurogeitik gora musikari ari dira gaur egun orkestran, laurogeita hamar inguru. EGOren antolaketan, ordea, ikasle titularrak eta ordezkoak daude. Orkestraren lantaldeak kopuru jakin bat dauka, baina plazarik gabe edo tokia lortzeko atarian gelditu diren beste hainbat musikarik EGOren eremuan jarraitzen dute; hain zuzen ere, horietako askok parte hartuko dute udako hitzorduotan. Urtero berritzen dugu lantaldearen zati bat; horrek esan nahi du EGO bera dela beti, baina niri udaro musikari berriekin lan egitea dagokidala, lantaldearen erdia-edo berritzen delako urte batetik bestera. Beraz, niretzat ere bereziagoa izaten da udako elkartze hau, pertsona eta musikari berriak ezagutzen ditudalako.

Eta nolako taldea aurkitu duzu aurten?

Oraintxe ari naiz maleta egiten, egia esan. Donostiara gaur bertan noa eta entseguak bihar hasiko ditugu [uztailaren 12an egindakoa da elkarrizketa]. Hilaren 18an emango dugu lehen kontzertua, eta ordura arte egunero ariko gara lanean, entseatzen.

Udako topaketan elkartu eta entsegu nagusiak egin aurretik, nola moldatzen dira musikariak emango dituzten lanak prestatzeko?

Topaketa baino bi hilabete edo hilabete eta erdi lehenago partiturak bidaltzen dizkiegu musikariei, bakoitzak bere zatia bere aldetik presta dezan. Talde lana egunotan bakarrik egin ahalko dugu, guztiok elkartutakoan. Udako egonaldiaren aurretik, musikariek ez dute izaten elkarren berri edo elkarrekin aritzeko modurik; horregatik, guztiontzat dira topaketako egun hauek esperientzia berria eta aurkikuntzarako tartea, elkarrekin nola moldatzen garen eta nola funtzionatzen dugun ikusteko eta entzuteko abagunea, etxean bakoitzak bere aldetik egindako lana besteekin uztartzeko unea.

2020tik zara EGOren zuzendari artistikoa. Nola hasi zinen orkestra zuzendari lanetan?

Biolin jotzailea naiz, eta Galiziako Orkestran jotzen nuen. Musikari gisa haztea nahi nuela sentitu nuen, eta orkestra zuzendari izateko ikasteak helburu hori lortzen lagunduko zidala pentsatu nuen. Zuzendari gisa aritzea ez zen nire jatorrizko asmoa, baina gertaerek, pixkanaka, hautu hori egitera bideratu ninduten. Horrela, nire bizitzarekin zer egin erabakitzeko unea iritsi zitzaidan, biolinaren eta zuzendari lanaren artean aukeratzeko unea; eta zuzendaritzaren alde egin nuen apustu. Ez zen nire hasierako asmoa, musikari hobea izatea zen nire anbizioa, eta espero dut egin dudan bidearekin hori lortu izana.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide