Jose Joakin Egaña gudari azkoitiarraren gorpua Larraulen egon liteke

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 13a, 11:00

Jose Joakin Egaña Uriaren argazki bat. (Tolosaldeko Ataria)

Egaña 1936ko gerran aritu zen faxisten kontra borrokan. Orain arte ez zekiten ziur Egañaren gorpua non egon zitekeen, baina Azkoitiko artxiboan aurkitu dituzten dokumentu batzuen arabera, litekeena da Larraulen lurperatuta egotea.

Aranzadi zientzia elkarteak jakinarazi duenez, litekeena da Jose Joakin Egaña Uria gudari azkoitiarraren gorpua Larraulgo (Gipuzkoa) plazan lurperatuta egotea –hilerria egun plaza dagoen lekuan zegoen–. Azkoitiko artxiboan aurkitu duten dokumentu sorta batean oinarrituta iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, Juan Narbarte Larraulgo parrokoak, Pedro Usandizaga herriko alkateak eta Jose Sorozabal epaileak sinatutako 1937ko otsailaren 9ko dokumentu bat aurkitu dute; dokumentuak ziurtatzen du Egaña Larraulgo hilerrian lurperatu zutela, eta gaztea herriko lurretan hil zela 1936ko irailaren 1ean, zaurien ondorioz. Egaña EAJkoa zen, eta faxisten aurka aritu zen gudarietako bat izan zen.

Orain arte informazio nahasiak egon dira Egañaren paraderoaren inguruan, beste ikerketa lerro bati jarraituta aritu direlako lanean. Izan ere, 1936ko irailaren 5ean Euzkadi egunkariak argitaratu zuen Azkoitiko parrokian gudarien aldeko hileta elizkizuna egin zutela, eta mendigoizale "adoretsua" Andazarretako frontean hil zela, irailaren 2an. Informazio hori aintzat hartu eta beste batekin lotua zuten: Joseba Elosegik argitaratutako memoria liburuan ageri da Santamañako kaskoan eraso zietela, eta irailaren 2an gudarietako bat hil egin zutela. Ikerlariek orain arte uste izan dute gudari hura Egaña zela.

Argibide gehiago ere jaso izan dituzte tantaka urteotan. Azpeitiko Komandantzian bildutako gudariei 2016ko uztaila bukaeran egindako omenaldian Egañaren ilobetako batek osaba zenaren inguruan urteetan bizi izandako isiltasuna salatu zuen, eta aditzera eman zuen hamarkada batzuk beranduago iritsi zitzaiela haien senitartekoa Larraulen lurperatuta egon zitekeenaren informazioa. Orain Azkoitiko artxiboan topatu dituzten dokumentuek erakusten dute uste horiek egiazkoak izan daitezkeela. 

Tolosaldeko Ataria hedabideak ezagutarazi duenez, badirudi Egañak eta beste gudari batzuek defentsa sistema bat osatu zutela Belkoaindik Andazarratera, eta sistema hori ikertzen ibili da Aranzadi azken hamar urteotan. Sistema horren iparraldean egin dute ikerketa, baina Egañaren gorpua non dagoen aurkitzea falta zaie ikerlana borobiltzeko. Izan ere, Ataria-k aurreratu duenez, hegoaldeko partearen ikerketari ekin aurretik, Egañaren "memoria berreskuratu" nahi dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide