Azkoitian, Intsausti jauregian, kokatu duzu eleberria, eta Xabier Munibe da protagonistetako bat.
Liburuaren bihotza dira Intsausti jauregia eta Peñafloridako kondea. Historiaren eta, zehazki, XVIII. mendearen fanatikoa naiz, Ilustrazioaren filosofiak ekarri zuen librepentsamenduaren oso zalea. Eta, horrez gain, Gipuzkoa asko maite dut. Duela urte batzuk Gipuzkoan asko ibiltzen nintzen, Ameriketatik zein Asiatik zilarra ekartzen eta saltzen nuelako, eta Azkoitian banuen bezero bat. Azkoitira etortzen nintzenean, beti geratzen nintzen Intsausti jauregiari begira. Inoiz ez nintzen bertara sartu, baina liburu askotan irakurri nuen Intsaustiz, eta horretan sakontzen joan nintzen urteetan. Peñafloridako kondeak eta liburuan agertzen diren beste hainbat pertsonaiak elkar ezagutu zuten Europan, askok Frantzian egin zuten topo. Atzerrian ezagututako ideiak Espainian ezarri nahi izan zituzten, eta ildo horretan, oso ospetsuak izan ziren Intsaustiko tertuliak.
Hain zuzen, Xabier Muniberen ahaleginari esker sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Hura tematuta zegoen Ilustrazioaren ideiak ezartzeaz, eta horretarako elkartzen ziren Intsaustin. Haien ahaleginari esker eta Aranda kondearen bidez lortu zuten Carlos III.a Espainiako erregeak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen titulua ematea. Ordutik, hainbat lorpen izan zituzten: besteak beste, hezkuntzaren monopolioa zuten jesuitak bidali egin zituzten, eta guztiek sarbidea izango zuten edukazio librea lortu zuten.
Zein da liburuaren abiapuntua?
Juan Sebastian Elkanoren ondorengoa den kontrabandista nafar batekin abiatzen da istorioa. Liburua autobiografikoa dela ere esan daiteke, ni neu Elkanoren ondorengoa naizelako; beraz, errealitatea autobiografiarekin nahasten da istorioan. Protagonista horrek Xabier Muniberekin, Aranda kondearekin, Altunarekin eta gisako pertsonaia historikoekin lotura egiten du, baina guztia oinarritzen da Intsausti jauregian eta Xabier Munibek han ematen zituen solasaldietan. Ilustratzaileek beraien ideien alde borrokatu zuten, baina nahi zuten guztia ez zuten lortu, eta hortik dator liburuaren izenburua: Arrazoiaren arrangura. Izan ere, Ilustratua gaitzizenez ezagutzen zen Carlos III.a erregea Inkisizioaren zamaren pean bizi zen, egiazki tribunal hark agintzen baitzuen. Aranda kondeak ere behin eta berriz saihestu behar izan zituen Inkisizioaren espioiak; ilustratzaileak zituzten jomugan.
Liburua eleberrira eramandako historia dela diozu. Zenbateraino da erreala, eta zenbateraino fikzioa?
Liburuaren %90 baino gehiago historia erreala dela esango nuke. Bi urte igaro nituen dokumentuak lortzen; fikziotik apenas dauka.
Zerk eraman zaitu Ilustrazioa jorratzera?
Ni mendez nahastu naizela uste dut, erabat XVIII. mendekoa naiz [barrez]. Erromantiko bat naiz, eta Ilustrazioaren ideiek eta librepentsamenduak liluratzen naute. Izan ere, pertsona haiek oso modu filantropikoan eta altruistan jarduten zuten: gizarte osoa laguntzeko asmoz, zeukaten ondare osoa jendaurrean azaltzen zuten.
Historiaren aldi horren zer azpimarratuko zenuke?
Elkarteak lortu zuen hezkuntza librea izatea eta hura Elizaren menpean egotetik askatzea. Akademikoki errotik aldatu zuen. Era berean, Carlos III.ak ikusi zuen hori zela aurrera egiteko bidea, eta Intsaustikoaz gain, gisako beste hiru erreferentzia gune sortu ziren garai hartan, harik eta Inkisizioaren benetako boterearekin topo egin zuten arte.
Duela egun batzuk Intsausti jauregian bertan izateko aukera izan zenuen.
Ametsa izan zen han egotea; guztiz miragarria. Peñafloridaren garaira barreiatu nintzen, orduko haien tertulietara. Aurrez esan bezala, kanpoaldea ezagutzen nuen, eta aurrez jasota nuen dokumentazioaren bidez zerbait banekien jauregiari buruz, buruan ideia bat egina nuen, baina bertan fisikoki egotea zoramena izan zen. Horrez gain, oso ondo hartu ninduten, eta ohorezko liburuan sinatzeko aukera ere eman zidaten. Ez nuen inondik inora espero.
Hain zuzen, liburua Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskuetan utzi duzu.
Ilusio handia nuen liburua Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari dohaintzan emateko, hari dagokiola uste dudalako. Egon daitekeen lekurik onenean dago liburua, Intsaustin.