Azken boladan indar handia hartu dute mendi lasterketek, eta asko eta asko dira kirol horri heldu diotenak. Batzuk, baina, bakarrik aritu behar izaten dute horretan, inguruan ez dutelako zaletasun bera partekatzen duen besterik. Ondorioz, talde berriak sortzen hasi dira, "mendian gehiago bakarrik ibili beharrik ez izateko".
"Beti mendian ibiltzen gara, baina askotan bakarrik. Mendira joan nahi, baina inor ez laguntzeko; gauza bera lasterketetan ere. Askotan geratu gara lasterketa batera joan gabe, bakarrik geundelako", adierazi du Ihintza Urain azkoitiarrak. Zipitze taldea sortu berri dute Urainek eta Azkoitiko zein Azpeitiko beste bost lagunek, hain zuzen, mendi lasterketetarako zaletasuna duen jendea elkartzeko.
Domusa Teknik mendi lasterketaren entrenamendu saioetan bururatu zitzaien halako talde bat sortzeko ideia. "Entrenamendu saio horietan zaletasun bera geneukanok elkar ezagutu genuen, eta pixkanaka elkarrekin mendira joaten hasi ginen. Gero eta gehiago ginen, eta irteera horietako batean talde bat sortzea pentsatu genuen", dio Urainek.
"Askotan geratu gara lasterketa batera joan gabe, bakarrik geundelako"
Pentsatu eta egin. Duela bi urte sortu zen ideia errealitate bilakatu zuten iazko urtearen amaieran, eta duela gutxi egin dute taldearen aurkezpena. 70 bat laguneko taldea osatu dute, "hasieran uste baino gehiagokoa", eta jada hasiak dira elkarrekin entrenatzen, lasterketetan parte hartzen eta "planak" egiten. Irailean, esaterako, Pirinioetara asteburu pasa joateko asmoa dute, lasterketa batean parte hartzeko aitzakiarekin. "Jende ezberdina izanagatik ere, zaletasunak batzen gaitu, eta taldean egoteak mendira joatera eta lasterketetan parte hartzera bultzatzen gaitu", adierazi du Urainek.
Izenari lotuta, berriz, ez dute zalantzarik egin: "taldekideetako batek esan zigun beraien kuadrillan egurre adierazteko zipitze hitza erabiltzen zutela. Zerbait berria zen gainerakoontzat, baina hitz polita iruditu zitzaigun, eta halaxe deitu diogu taldeari".
Momentuz Whatsapp talde bat sortu dute eta handik komunikatzen dira taldekideak. Aurrera begira, baina, "asteroko juntadizoak" egin nahi dituzte, "nahi duenak entrenamendu saio batzuk egiteko aukera izan dezan".
Taldean izena emateko, Zipitze izeneko Instagram kontura idatzi edota taldekideren batekin harremanetan jar daiteke. "Mendian korrika hasi nahi duenak, jada ibiltzen denak… Izan gizon edo emakume, edonork eman dezake izena Zipitzen. Gurekin elkartu eta zaletasuna partekatu nahi duen oro ongietorria izango da".
"Beharra eta gogoa"
Mendi lasterketetan oinarritzen den Saltaka izeneko taldea Irene Aldabaldetreku eta Adriana Arangurenen eskutik sortu zen. Emakumeek mendi lasterketetan parte hartze gehiago izatearen helburuarekin hasi ziren lanean. Sortzaileez gain, partaide gehiago daude taldean: Jorge Aranburu, mendi ibilbideak prestatzen; Judith Segurola, Maite Aldabaldetreku eta Andoni Iruretagoiena, antolaketako beste zenbait kontuetan (elastikoen diseinua, hamaiketakoak…).
"Azpeitira eta Zumaiara joaten hasi ginen, bertan emakumeak antolatutako mendi korrika saioak zeudelako eta parte hartzea asko gustatzen zitzaigulako", aipatu du Aldabaldetrekuk. Haatik, Aldabaldetreku eta Aranguren Zarauzko talde propio bat sortzearen ideiarekin hasi ziren. Zarautz "herri handiagoa" izanik, mendian ibiltzen den "jende asko" dagoela ziur zeuden. Hori dela eta, ibilbidea, ordua eta leku bat aukeratzea izan zen haien "lehen urratsa".
Aldabaldetrekuk taldea sortzearen prozesua azaldu du: "Izena kostako hizkeran oinarrituta egotea nahi genuen, eta baita korrikarekin lotura izatea ere. Zerbait berezia izan behar zuen, Txaparrotan moduko bat".
Emakumeen falta
Gizonezkoak mendi lasterketetan gehiago jarduten direla ohartarazi ziren. Geroz eta lasterketa gogorragoak izan, geroz eta emakume gutxiagok parte hartzen zutela adierazi dute. Parte hartzen duten emakumeen artean, "oso gazteak edo heldutxoak" izaten direla nabarmendu dute: "30-35 urte bitarteko edota ama izateko garaian dauden emakumeen falta sumatzen dugu".
Saltaka mendi korrika taldea mistoa den arren, emakumearen parte hartzearen filosofiarekin sortu dute. Entrenamenduetara gizonezkoak etortzean, emakumezkoak ere animatzen direla diote: "Emakumeek mendian bakarrik ibiltzeko beldurra izaten dute eta taldean joateak konfiantza ematen die".
Oro har, "erantzun positiboa" izan dute, antolatutako irteeretara emakume asko animatu direlako. "Errepikatzeko ere eskatu digute", diote. Hala, erronka gisa, 2025 Pagoeta Mendi Lasterketan 45 emakumek parte hartzea nahi dute, aurtengo kopurua bikoiztuz helburuak gainditzeko.