Ia 30 urteko ibilbidean, ehundik gora artikulu eta dozena bat liburu idatzi ditu Pako Sudupe (Azkoitia, 1959) idazleak. Literaturak baino, biografiek eta saiakerek erakarri dute gehiago azkoitiarra, eta bide horretan osatu du idazle ibilbidea. Idatzi duen azken liburua labetik atera berri du: Immigrazioa eta abertzaletasuna. Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuruak euskararen erabileran izan duen eragina jarri nahi izan du mahai gainean.
Ia hiru hamarkada daramatzazu idazle lanetan, baina noiz eta nolatan ekin zenion ibilbide horri?
Nire inguruko inork ez zuen idazteko ohiturarik, ezta etxekoek ere. Eskola garaian idaztea egokitzen zitzaidanean, nabaritzen nuen erraz egiten nuela, edo behintzat, ez zitzaidala beste batzuei adina kostatzen. Euskal Filologia ikasten ari nintzen garaian egin nituen testu iruzkin mordoxka bat; gero, ikasketak amaitzean, Legazpiko Udal Euskaltegian [Gipuzkoa] hasi nintzen eskolak ematen, eta han ere idatzi pragmatikoak egin behar izaten nituen. Garai hartan Herri Irratirako itzulpen batzuk egin nituen, baina nik uste atzera Azkoitira itzuli nintzenean ekin niola serio idazteari, 30 bat urte nituela. Herriko idazleen zerrenda bat osatu nuen orduko hartan: Bizenta Mogel lehen euskal idazle emakumea, Nemesio Etxaniz, Jose Inazio Arana jesuita literarioa... Zerrenda hari tiraka argitaratu nuen nire lehen liburua.
Zure kasuan, nola jakin zenuen idazteko sena bazenuela?
Legazpin lanean nenbilen garaian hango zuzendariak askotan esaten zidan ongi idazten nuela, eta zerbait idatzi behar izaten zenetan ni jartzen ninduen lanean. Banekien ongi moldatzen nintzela, eta gustura aritzen nintzen, baina ez nuen aurretik inoiz pentsatu idazle izatera iritsiko nintzenik. Askotan gertatzen den bezala, nire kasuan ere besteek esan behar izan zidaten idazteko balio nuela.
Zure ibilbidean zehar liburu, liburuxka eta artikulu ugari idatzi dituzu. Lehen aipatu duzu Azkoitiko idazleen zerrenda hark eraman zintuela lehen liburua argitaratzera. Zein izan zen egin zenuen aurreneko lana?
"Nire kasuan ere besteek esan behar izan zidaten idazteko balio nuela"
Nemesio Etxanizen biografia eta ideologia izan zen argitaratu nuen lehen liburua. Nemesio Etxanizen liburutegia Zestoan zegoela jakin nuen, eta ikaragarrizko altxorra zegoela jabetu bezain pronto hara bueltaka hasi nintzen. Oso apaiz berezia izan zen Etxaniz, bereziki ausarta. Berehala harrapatu ninduen, eta liburutegian zeuden liburu, aldizkari eta idatzi guztiak irakurri nituen. Etxanizi buruzko tesina egin nuen 1991. urtean, eta hura apur bat moldatu eta Euskaltzaindiak antolatutako Mikel Zarate sarietara aurkeztu nuen lana. Etxanizen inguruko liburu harekin Euskaltzaindiaren saria irabazi nuen 1995ean. Adore handia eman zidan Euskaltzaindiaren saria jasotzeak. Harengatik izan ez balitz, baliteke argitalpen gehiago egin ez izana.
Nemesio Etxaniz apaizari buruz egin zenuen lan hark Andima Ibinagabeitia idazlearengana eraman zintuen ondoren, eta bien arteko adiskidetasunak eta pasadizoek 1950eko hamarkadan murgiltzera eraman zintuzten.
Baziren gutun batzuk, Nemesio Etxanizek eta Andima Ibinagabeitia Elantxobeko [Bizkaia] idazleak elkarri bidaliak. Bitxia da, gutun haietan gerraren, espioitzaren eta gai askoren inguruan hitz egin zutelako biek, aurrez aurre elkar ezagutu ere egin gabe. Lagun handiak egin ziren biak. Gutunak Gasteizko Estibalizko santutegian zeuzkaten gordeta, eta haiek irakurtzeko aukera izan nuen. Etxanizen inguruan jada idatzi nuenez, Ibinagabeitiaren idazlan hautatuak argitaratzea erabaki nuen 1999an. Besteak beste, Jokin Zaitegi idazleari euskarazko lehen kultura aldizkaria argitaratzen lagundu zion hark Guatemalan, Euzko Gogoa izenekoa. Hala, Etxanizi eta Ibinagabeitiari esker, 1950eko hamarkadan murgildu nintzen. 1960ko hamarkada garrantzitsuagoa izan zela esan daiteke, baina Jakin aldizkaria, esaterako, 1956an sortu zen Arantzazun. Beraz, 1950eko hamarkada ere ez zen ezereza izan. Egan eta Jakin aldizkarietan artikulu batzuk idatzia nintzen, eta bide horri ekitea erabaki nuen.
Hain zuzen, 1950eko hamarkadako euskal literaturaren inguruko tesi lana egin zenuen gero, Jon Kortazar eta Joxe Azurmendi zuzendari zenituela. Harreman estua egin zenuen Azurmendirekin orduan.
Joxe Azurmendiren Zer dugu Orixeren kontra? eta Zer dugu Orixeren alde? liburuak irakurri nituen, eta irakurketa oso erakargarria egin zitzaidan. Horren ostean berarekin elkartu nintzen Donostian, eta solasaldi interesgarria izan genuen. Geroago etorri zen tesia, 2007tik 2010era bitartean osatu nuena, eta orduz geroztik harreman oso estua dut Azurmendirekin; oraindik ere astero telefonoz hitz egiten dugu.
Idazketaren inguruko gomendioren bat edo beste ere eman zizun Azurmendik lehen solasaldi hartan.
Bai, kontrajarpenaren garrantzia azpimarratu zidan: oraina eta iragana, landa eta hiria... Azurmendi maisu izan dut. Ez dut inoiz idazle eskolarik hartu ez eman, autodidakta izan naiz eta nire kasa egin dut lan. Halako gomendioak jarraituz osatu dut ibilbidea.
"Adore handia eman zidan Euskaltzaindiaren saria jasotzeak"
Oroitzen dut beste behin bere garaian erreferente izan ziren baina egun ahaztuta dauden idazleen inguruan galdegin niola, eta hiru izen eman zizkidan: Eusebio Osa, Txillardegi eta Emilio Lopez Adan Beltza. Osa batez ere iraultza komunistaren aldekoa zen, Txillardegi zazpi lurraldez osaturiko Euskal Herri independente eta euskaldunaren aldekoa, eta Lopez Adan euskal iraultza libertarioaren aldekoa. Horien inguruko liburuak ere argitaratu nituen.
Euskal Herriko historiari, kulturari eta gatazka politikoari hertsiki lotutako pertsonen obren, lanen edo bizitzen inguruko liburuak argitaratu dituzu urteetan zehar: Nemesio Etxaniz, Txillardegi, Telesforo Monzon... Literatura aldera baino, biografia eta saiakerara jo izan duzu gehiago. Zer dela eta?
Argitaratu nuen aurreneko liburua saiakera izan zen eta ongi atera zitzaidan, eroso sentitu nintzen. Egia esan, literaturak ez nau inoiz gehiegi erakarri, eta saiakeraren bidetik jarraitzea erabaki nuen.
Idatzi dituzun pertsona horien guztien artean, bereziki harritu zaituenik izan al da?
Bat aukeratzekotan, Txillardegiren alde egingo nuke. Hark sortu zuen abertzaletasun motarekin Sabino Aranak sortu zuenarekin baino identifikatuago sentitzen naiz. Horrez gain, oso pertsona garrantzitsua eta garbia izan zen nire ustez, egiaz konplexua den errealitatea sinplifikatzen asmatu zuelako eta euskarak une oro zer behar zuen argi azaltzen zuelako. Bere artikuluak beti atsegin handiz irakurri izan ditut, oso argiak eta biziak izaten zirelako.
Iaz Errepresioa estatu frankista berriaren zimendu (1936-1948) liburua argitaratu zenuen eta gurasoei eskaini zenien lana, horiek loturaren bat bazutelako liburuan kontatutakoarekin.
Gure aita zena bi urte eta erdian ibili zen gerran, eta beste urte eta erdia erbestean igaro zuen. Etxetik 1936ko irailean atera zen eta 1939ko abuztuan itzuli zen atzera, ama gaixo zuelako. Aitari gehiago, baina amari ere eragin zion gerra hark, hura neskame ibili zelako eta ikasteko aukerarik ere izan ez zuelako. Umea nintzela aitak garai hartako istorio piloa kontatzen zizkidan, eta gustura entzuten nituen. Beraiei eskaini nahi izan nien lana.
Aurten, berriz, Immigrazioa eta abertzaletasuna izeneko liburua argitaratu berri duzu. Bien lotura gai tabua dela diozu. Zergatik?
"Ez dut inoiz idazle eskolarik hartu ez eman, autodidakta izan naiz eta nire kasa egin dut lan"
Immigranteen inguruan esaten dugun bakarra zera da: "Gaixoa, bere herrialdetik alde egitera behartu dute. Harrera ona egin behar diogu eta errespetatu egin behar dugu". Hori hala da, baina ez diogu jaramonik egiten ebidentzia handi bati, euskararen galerari. Lehen euskaraz bizi ginen Azkoitian, eta orain asko jaitsi da euskararen erabilera herrian. Jaitsiera horretan zerikusi zuzena izan du immigrazioak. Gaztelaniaz hitz egiten ikasten dute (aurretik ez bazekiten, behintzat), baina euskaraz, onenean, seme-alabek ikasten dute ingurune euskaldunetan; besteetan ez, eta egun ingurune euskaldunak oso gutxi dira. Euskarak balio soziala galdu du toki askotan.
Iñaki Iurrebasok berriki euskararen ezagutza eta erabilerari buruz egindako doktore tesiaren arabera, batez beste, gehienez elkarrizketen %18 egin daitezke euskaraz Euskal Herrian. Euskarari lotuta, zer-nolako etorkizunaren aurrean legoke gizartea?
Nahiko lan izango du euskarak aurrera egiteko, agintariek ere ez diotelako irtenbiderik ematen. Erabileraren inguruan aritzen dira haiek, baina lehen hitza euskaraz egin eta bigarrena egin ezin badugu, alferrik gabiltza. Ikastetxeetako liburu oso onak daude euskaraz, literatur eta itzulpen lanak ere bai... Euskarazko material oso ona daukagu. Euskararen erabilera soziala, ordea, beste kontu bat da, gero eta kaskarragoa da.
Beste libururen bat ba al duzu esku artean?
Memoria batzuk idazten ere ari naiz, jada 65 urte dauzkat eta. Ez nuen espero hori inoiz egingo nuenik, baina horretan ari naiz. Ez dakit gero publikatuko ote ditudan, baina gustura ari naiz bitartean. Bi menderen artean zangalatrau izenburua jarri diot memoria lanari, hanka bat XX. mendean eta bestea XXI.ean adierazteko edo.
Bestalde, Joxe Azurmendiren inguruko bi testu dauzkat argitaratzeko: Boterea eta kontzientziaren askatasuna izenburukoa bata, eta Joxe Azurmendi idazkiak interpretatzen bestea. Ziurrenik liburu bakarrean argitaratuko ditut biak, datorren urtean.
Horiez gain, ez dut momentuz besterik esku artean. 30 bat urte daramatzat jada idazketa lanetan; beraz, erretiratzeko garaia ere iristear izango dudalakoan nago.