Izatez elgoibartarra da Shanty Oria (Elgoibar, 1944), baina bere bizitzako urterik gehienak Azkoitian egin ditu. Kontatu duenez, badira 52 urte bere aitona bizi zen herrira iritsi zela, Azkoitira, hain zuzen. Umetatik izan du gustuko margotzea, baina lana eta ikasketak medio, ezin izan dio nahi beste denbora eskaini zaletasun horri. Erretiroa hartu zuenetik, ordea, aldatu egin dira gauzak, eta Oriak gehien maite duena egiten igarotzen ditu orain orduak eta orduak: mendian, hondartzan, eta, nola ez, pintatzen. Halaber, era askotako eskultura txikiak eta arteari lotutako makina bat gauza egitea gustuko du artistak.
Frankoren diktadura garaian hazi zen Oria, eta horrek zuzenean eragin zuen bere ikasketetan eta lanbidean. Nerabezarora heltzean tornulari eta doitzaile ikasketak burutu zituen Elgoibarko Lanbide Heziketako eskolan: "Eskola hartako lehen ikasleetako bat izan nintzen", gogoratu du. 14 urte bete zituenean hasi zen lanean, ikasitako hura praktikan jarriz. "Lanean hasi nintzen, baina ikasten ere jarraitzen nuen. Goizetan tailerrera joaten ginen gelakideok, eta arratsaldean izaten genuen ikasteko denbora", azaldu du Azkoitiko bizilagunak. Ondorioz, nork bere zaletasunak aurkitzeko edota horietan jarduteko denbora "gutxi" zutela gaineratu du.
Lehen urratsak
Urte batzuk beranduago, garai hartako gazte askoren moduan, soldaduskara joan zen Oria, eta apur bat bitxia badirudi ere, une horretan heldu zion artegintzari: "Soldaduskan nengoenean oparitu zidaten nire lehenengo tripodea eta akuarela kaxa bat". Ez du inoiz artearen inguruko ikasketarik egin, eta dakien guztia bere kabuz ikasi duela dio: "Ez dit sekula inork ezer irakatsi, eginaren eginaz ikasi dut. Ez nekien arkatzari punta ateratzen ere". Horrez aparte, garai hartan topa zitezkeen liburu bakanak irakurtzen zituen Oriak, eta arteaz zekitenei ere asko erreparatzen zien. Horrela hasi zen, pixkanaka-pixkanaka, lanak eta gainerako betebeharrek uzten zioten denboran. "Ikasi dut garrantzitsuena dakizun hori aplikatzen jakitea dela, eta ez gauza asko jakitea".
Oria autodidakta izan bada ere, gaztetxoei eta laguntza eske joan zaizkion guztiei laguntzeko tartea izan du urte hauetan zehar. Kontatu duen moduan, pintura irakaslea izan zen Azkoitian zein Azpeitian, duela 40 urte inguru. "Garai hartan gaztetxoek nigandik ikasten zuten, baina nik ere asko ikasi nuen beraiengandik", dio. Azpeitiko tailer batean egiten zuen lan, eta lankide batek animatu zuen Azpeitiko Arte eta Diseinu eskolan irakasten hastera. "Ez nuen artearen inguruko ikasketarik, eta gogoan dut koloreen inguruko liburu bat erosi nuela irakatsi ahal izateko". Liburuak bere "salbazioa" izan zirela azpimarratu du. Eskola hartan, Azpeitiko ikasleak ez ezik, Azkoititik zihoazenak ere bazituen, eta haiek animatu zuten Oria bere herrian –Azkoitian– lokal bat irekitzera. "Asko" pentsatu ondoren, hogei metro koadro zituen lokal bat ireki zuen azkenean, hori baitzen une horretan "ordaindu" zezakeena.
Urte haietako "oroitzapen oso onak" ditu Oriak, eta maitasun osoz hitz egin du bertan ezagututako jendeaz: "Gauzarik onena jaso dudan eskertza da. Ikasle ohiek oraindik ere eskerrak ematen dizkidate kaletik ikusten nautenean, eta behin eta berriro eskatzen didate beraien seme-alabentzat eskola bat ireki dezadan". Argi du, ordea, orain ez dela horretarako unea: "Orain denbora librea niretzat da, niri gustatzen zaizkidan gauzak egiteko. Mendira joatea asko gustatzen zait, eta hondartzaz asko gozatzen dut".
Ibilbide osoan zehar egindako ehunka artelanetatik enkarguak eta opariak egin ditu Oriak lagunentzat zein inguruko jendearentzat, nahiz eta ez duen inoiz horien kontura xoxik lortzeko asmorik izan. "Nik nire lana nuen tailerrean, eta ez dut inoiz artegintzatik bizitzeko asmorik izan. Irabazten nuen diru apur hori materiala erosteko erabiltzen nuen, eta horrela egiten jarraitzen dut egun ere".
Txabola, artistaren "paradisua"
Oriaren zoriontasunaren txokoak Untxia izena darama. Urte luzez etxean margotzen jardun ostean, duela 30 urte koinatak Azkoitian zuen txabola erosi zuen Oriak, eta irudimenari bidea ematen jarraitzeko txokoa bilakatu du hura. "Untxia izena du, lehen koinatak bertan untxiak hazten zituelako". Behin erosita, goitik behera berritu zuen txokoa, eta bere beharren eta gustuen arabera moldatu zuen: "Planoa egin nuen, eta igeltseroarekin hitz egin ondoren logelak, egongela eta sukaldea egin genituen". Hasiera batean leihorik ere ez zuen, eta jendeak soberan zituenak jaso eta bertan jarri zituen: "Txabolaren leiho guztiak ezberdinak dira".
Untxia bisitatu duenak badaki artelanez gainezka dagoela; izan ere, txabola inauguratzean etxeko artelan eta material guztia eraman zuen hara. Untxia artistaren "paradisua" bilakatu da: "Hemen daukat dena, eta pintatzeko leku aparta izateaz gainera, sekulako bistak ditut". Egunero igotzen da Oria txabolara, eta pintatzeaz aparte, inguruetan txangoak egiteko ere baliatzen du denbora.
Argi du Oriak beretzat artegintza ez dela zaletasuna, "bizioa" baizik: "Erakarri egiten nau artegintzarekin lotutako guztiak, eta asko gustatzen zait". "Denetik" margotzen du, eta azaldu duenez, une oro erreparatzen dio inguruan duenari, proiektu berriei ekiteko. "Gehiago ezin dudan arte jarraituko dut pintatzen. Arteak, mendiak eta hondartzak zoriontsu egiten naute".
Motzean:
- Adina: 79 urte.
- Ikasketak: tornulari eta doitzaile ikasketak.
- Lanbidea: tornularia eta doitzailea
- Tornularia ez banintz… musikaria izango nintzateke.
- Pintatzeaz gain gogoko dut… mendira joatea.